Iker Ibarluzea
Meteorologoa
AZKEN PUNTUA

Udaberria eta gizakia

Meteorologikoki hitz eginda, udaberriak eguraldia nahastu edo aztoratzen duela aipatu nuen orain gutxi. Baina ba al du udaberriak gugan, gizakiongan eraginik, alde fisikoari eta psikologikoari begiratuta?

Lehenik eta behin gure azalari erreparatu behar diogu. Neguan gure azala eguzki izpietatik aparte edo babestuta izan ohi dugu, izan eguraldi kaxkarragatik, edota hotzagatik, babesa behar duelako. Udaberriko lehen eguzkiak edo eguraldi epelak iristean, ohitu gabe dagoenez, gure azalak erretzeko erraztasun handiagoa du gainontzeko urtaroetan baino. Beraz, neurriak hartzea gomendagarria da.

Bestetik udaberriko astenia deiturikoa dugu. Kontraesankorra dirudien arren, eguzki ordu gehiago izatean gure gorputzaren lehen erantzuna aldaketa horretara ohitzeko gaitasun falta izaten da. Horrek lo falta, nekea, umore txarra eta abar ekarri ohi ditu. Kirola egiteak edo leku lasaiak topatzeak on egin dezake.

Alergiak ere ohikoak dira. Landareen polinizazio prozesuak polen kontzentrazioaren gorakada nabarmena ekartzen du, pertsonengan alergia prozesuak areagotuz eta arnas-aparatuko arazoak ekarriz.

Gauden egoeran, ordea, udaberriaren etorrerak, eguzki eta argi ordu gehiago izateak eta tenperatura epelagoek, gizakiarengan alde positibo gehiago dituelakoan nago, negatiboak baino. Beraz, gozatu naturaz eta ingurukoez, ahal den neurrian behintzat.