I.B.
BILBO

Azken zortzi hilabeteetako zifra onenak Gasteizen

Egoera epidemiologikoak hobera egiten jarraitzen du Hego Euskal Herri osoan, baina Araba da bilakaera onena izaten ari den herrialdea, eta, batez ere, Gasteiz. Izan ere, azken zortzi hilabeteetako intzidentzia tasarik txikiena dauka une honetan Arabako hiriburuak; 237 kasukoa, hain zuzen. Iragan urteko abuztuaren hasieratik ez du halako zenbakirik lortu.

Arabak dagoeneko gainditu du arrisku larriko egoera markatzen duen 250 kasuko mugarria, eta gutxi falta zaio Nafarroari ere, astelehenean 75 positibo berri atzeman ostean 255 kasuko intzidentziarekin kokatu baita.

Askoz gorago dago Gipuzkoa, 476ko intzidentzia metatuarekin, baina herrialde horretan kutsatzeak oso azkar igo ziren arren, abiadura berean ari dira jaisten, eta maiatza hasi zenetik berrehun puntu gutxiago ditu. Bilakaera horri eusten badio, litekeena da heldu diren egunetan Bizkaiak baino intzidentzia txikiagoa izatea, herrialde honetan hobekuntza askoz erritmo motelagoan gertatzen ari da eta.