GARA
IRUÑEA

Nafarroako musika sektoreak neurriak hartzeko eskatu du

Nafarroako musika sektoreak behingoz ekintzetara pasatzeko deia egin zuen, atzo, foru ganberan. Eginiko lan bileran, berraktibazioa lagunduko duten neurriak errazteko eskatu zion Legebiltzarrari.

«Osasuna dago beste ezeren aurretik, baina adostutako protokoloen bitartez hain beharrezkoa dugun erreaktibazioa gauza daiteke». Hala adierazi zuen atzo Ibai Armendarizek, MUTE elkarteak Nafarroan duen koordinatzaileak. Ikuskizunen arloko langileen nazioarteko mugimendua da.

Armendariz pozarren agertu zen atzoko agerraldian, Nafarroako Musikaren Elkartea sortzeko bidean, eskua emanda joan baitziren sektoreko hainbat arlotako langileak, lehenengo aldiz.

Nafarroak 60 jaialditik gora eta 1.000 musika taldetik gorako harrobia duela azpimarratu zuen, hamabost grabazio estudio eta areto eta auditorium ugari ere badirela gaineratuta. «‘Normaltasun zaharrean’ 2.000 musika emanaldi baino gehiago sustatzen ziren hemen, bertako enpresen eskutik eta foru erkidegoan fakturatuak».

Bere esanetan, beharrezkoa da industria honetan lan egiten duten ehunka langileak izurri ikaragarri honetatik bizirik atera daitezen ekintzetara lehenbailehen pasatzea. «Unea iritsi da», adierazi zuen.

Erakunde publikoen eta elkarteen arteko elkarlana aldarrikatu zuen.

Halaber, ezinbesteko ikusten du hobekuntzak eta kasuistika jasoko dituen sektorearen azterketa egitea, bai legeei dagokienez, bai dirulaguntzei dagokienez.

Alderdiak

Lan bileran, EH Bilduko Maiorga Ramirezek adierazi zuen «Legebiltzarrak sortutako ponentziak uda aurretik akordiorik lortzen ez badu itxurakeria hutsa» izango litzatekeela. «Kulturaren etorkizuna jokoan dago eta erabaki garrantzitsuak hartu behar dira», gaineratu zuen.

«Jende askoren lana da, ez da gitarratxoa jotzea, eta foru gobernuak zeozer aldatu beharra dauka, oraindik ez baitakigu zein eratako politika jarriko den martxan uda sasoiari begira», azpimarratu zuen Navarra Sumako Alberto Bonillak.

PSNko Carlos Menak, berriz, Kultura sailak eta sektoreak egindako lanaren balioa nabarmendu zuen, eta udari begira Nafarroako Udalerrien Federazioarekin lantzen ari diren protokoloa aipatu zuen.

Geroa Baiko Ana Ansa honela mintzatu zen: «Abilidadea beharko dugu egoerari irteera emateko, baina era berean gauzak okertu daitezke eta neurri zorrotzagoko egoerara itzuli beharra izan».

Podemos alderdiko Mikel Builek, Legebiltzarreko lantaldea sortuz langileen aitorpenean eta profesionalizazioan aurrerapausoa emango dela esan zuen. Talde politikoen arteko «ituna» beharrezkoa dela adierazi zuen, uda garairako herrietako programazioa osatzeko.