EDITORIALA
EDITORIALA

Ikusten ez dena bada, Euskal Herriaren erdian

Zenbait hedabidek nabarmendu zutenez, larunbatean Bidasoan ito zen gazte afrikarra gogoratzeko Irunen atzo eginiko dolu ekitaldian ez zegoen etorkinik, ia bildutako guztiak txuriak ziren. Ez zeuden, jakina, ezin zutelako egon. Apenas dakigu ezer egun berean Hendaian artatu eta gero kanporaturik izan zen 16 urteko etorkinaz, ezta duela bi hilabete ibaian bizia galtzeko zorian izan zen ginearrari edo urkatuta agertu zen gizon eritrearrari buruz ere... Zeresanik ez Poliziak hartutako Irun eta Hendaia arteko pasabidetik urrun menditik muga gurutzatzen ari diren horiez guztiez. Itxuraz gertatzen den guztiaren berri azkar-azkar jasotzen duen euskal gizartearen erdian zulo beltz ikaragarri eta onartezina sortu dute migrazio politikek.

Ikusten ez dena ere bada, ordea. Jakin badakigu Lesbosen, Lampedusan edo Ceutan Europa gotorleku bilakatu dutela, hildakoen kopurutan neurtzen da Mediterraneoko tragedia, baina oharkabean pasatzen da ate horretara heldu aurretik zein zeharkatu ondoren ere beste hesi hilgarri asko izan badirela. Are zentzugabeagoa da jada Europako lurretan zen Boli Kostako gazte honen amaiera, ustez kide diren estatu batetik bestera igerian pasatzen ari zelako.

Zentzugabekeriari euskal herritarrentzat mingarri den zerbait erantsi behar zaio: beraien gogoaren aurka altxatutako mugak hil du gazte hau. Pandemia arrazoitzat hartuta edo «lege antiterroristen» aitzakiapean ezarri den itxierak bertakoen egunerokoa zailtzen du, bai, baina etorkin hauen kasuan bizia ken dezake, kendu du dagoeneko.

Bada honi guztiari aurre egiteko aukera eta premia, Euskal Herritik eta Euskal Herri hobe baten alde. Atzo Irunen baziren bertako alkatea eta Hendaia eskuz esku, bazen Ibrahima Balderekin batera drama honen lekukotasun zuzena eman duen Amets Arzalluz, bazen etorkin baten bizitza salbatu zuen Tom Dubois hendaiarra, baziren Irungo Harrera Sarea, Etorkinekin, La Cimade eta Diakiteko kideak. Badira gizatasun sare zabala josteko hariak. Ikusezintasunaren zuloa estaltzea abiapuntu egokia izango litzateke.