Maider IANTZI GOIENETXE
KONTSEILUAK «BATUZ ALDATU» EKIMENA AURKEZTU DU

Hizkuntza politiketan jauzi bat egiteko elkartu dira ehun eragile

Hizkuntza politiketan eragiteko adostasun soziala ardatz duen «Batuz aldatu» ekimena bultzatu du Euskalgintzaren Kontseiluak, eta saltoa izan da Kursaaleko ekitaldiko irudia. Paul Bilbao idazkari nagusiak adierazi duen bezala, «hizkuntza politiketan jauzia egiteko garaia zela esan genuen duela hilabete batzuk, eta jauzia egitera goaz».

Hizkuntza politika erdigunera ekarri, eta euskararen auzia herritarron bizkar uzten duen ezagutza-erabilera dikotomiatik aldendu nahi du Euskalgintzaren Kontseiluak. Horretarako, eta hizkuntza politikek behar duten jauzia egiteko, Euskal Herri osoko ehun eragile sozialekin dokumentu bat adostu du, “Batuz aldatu” izenekoa.

Azken hilabeteetako elkarlanaren emaitzaren aurkezpena ez ezik, prozesu berri baten lehen mugarriaren irudikapena izan zen atzo Kursaalen egindako ekitaldia. Izan ere, lankidetza ziklo berri bati ekin nahi diote, eta atxikimendu gehiago bilduz eta arloz arlo aldaketak bultzatuz, adostasun soziala politiko bilakatzea dute etorkizuneko erronka.

«Gaur egungo hizkuntza politiken langa gainditzeko» tenorea dela sinetsita zeuden Kontseiluan lehendik ere, eta izurriteak «are nabarmenago» utzi du behar hori, «berme neurririk gabe, zaurgarrienen kaltetan egiten baitu balantzak». Horregatik, bide orri berria adostu dute 99 eragile sozialekin, euskararen erabilera erosoa eta ezagutzaren unibertsalizazioa ardatz hartuta.

Kursaal jauregiak erranahi berezia du hizkuntza gutxituen historian. Duela lau urte eta erdi Europako hizkuntza komunitate gutxituek inoiz egindako ariketarik handienaren emaitza aurkeztu zuen Kontseiluak bertan: Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa.

«Orduko uzta da gaur aurkeztu duguna, ardatz berdinetan eraikia izan baita. Orduan bezala, gizarte kohesioa bermatzea helburu, hizkuntza politiketan eragiteko adostasuna aurkeztu dugu», adierazi zuen Paul Bilbao idazkari nagusiak.

Ainhize-Monjolosetik Tuterara

Iazko abenduan Kontseiluak konpromiso zehatza hartu zuen eragile politiko, sozial eta sindikalen aitzinean, hizkuntza politiketan adostasunak eraikitzeko. Eta azken lau hilabeteetan buru-belarri ibili da prozesu horretan.

Hainbat mintegi eta bileraren ondotik, ehundik gora ekarpen jaso ditu jatorrizko dokumentuak. Orain, eduki zehatzak dituen oinarrizko proposamen honetara eragile gehiago atxikitzea nahi dute. «Datorren urtean, adostasun soziala adostasun politiko bihurtzea nahi dugu. Eta zenbat eta trinkoagoa izan adostasun sozial hori, zailagoa egingo zaie alderdi politikoei uko egitea», erran zion Bilbaok GARAri.

Hilabeteotako topaketetan, jauziaren beharra eta arloz arloko lanketetan parte hartzeko prestutasuna agertu dute askotariko eragileek. Tuteratik Ainhize-Monjolosera, Euskal Herriko gune batean eta bertzean egoerak ezberdinak direla jakinda, bide bat adostea lortu dute. Harrera ona izan du proposamenak eta kontent daude.

Ez dute 1998ko Bai Euskarari errepikatu, baina alor ugaritako eragileak batu dituzte: Mondragon Korporaziotik Bilgune Feministara, Athletic eta Realetik Pediatren Elkartera, Laborantza Ganberatik Wikilarien Elkartera, Ikastoletatik Sortzenera eta Heize-Euskal Eskola Publikoen Zuzendaritza Elkarteen Federaziora, EGItik Ernai eta Ikamara.

Dokumentuaren edukia jendarteratzeko, eurena egiteko eta elkarlanean jarraitzeko konpromisoa hartu dute guztiek.

Norabidea eta lehentasunak

Adostasunaren edukia dokumentuarekin bat egin duten bi eragileren ordezkariek aurkeztu zuten, Elkar taldeko Joanmari Larrartek eta Euskal Monetako Eva Mutiok. Eragileek zer errana badutela nabarmendu zuen: «Gizarte osoa zeharkatzen duen auzia da hizkuntzarena: harreman sozialetarako oinarrizko bitartekoa da hizkuntza. Eta eremu guztietan gertatzen dira modu bateko zein besteko hizkuntza praktikak eta hautuak».

Bi ordezkariek proposamena ardazten duten printzipioak zerrendatu zituzten: bereizkeriari aurre egiteko eta elkarbizitzan sakontzeko hizkuntza eskubideak errespetatzeko beharra, hizkuntza politikaren zeharkako izaera, normalizazio prozesuaren izaera soziopolitikoa eta progresiboa… Halaber, hizkuntza politika Euskal Herrian dagoen hizkuntza aniztasuna aintzat hartuta garatu behar dela azaldu zuten.

Denen ezagutza eta ariguneak

Euskararen erabilera erosorako baldintzak sortzea da etorkizuneko agertokirako helburu nagusia. Eta bi ardatz nagusitan kokatu dute norabidea. «Hizkuntzaren ezagutzaren unibertsalizazioa bultzatu behar da, herritar guztiek euskaraz aritzeko gaitasun egokia izateko. Bestetik, euskara eroso erabiltzeko eremuak sortu, garatu eta elkarlotu behar dira».

Ezagutza unibertsalizatzeko, hezkuntza sisteman, helduen euskalduntzean eta hizkuntzaren transmisioan edo sozializazioan arreta jarri behar dela ikusten dute.

Murgiltze eredua ikasteko eredu orokor gisa ezarri behar dela deritzote. «Inor bazterrean utziko ez duen eredua izan beharko du, eta gutxien duenari gehiago emango diona». Hizkuntza sozializazioan, familia arteko transmisioaz gain, haur eta gazteen arteko elkarrekintzak, arau sozialak, kodeak eta hierarkiak kontuan hartu beharko direla diote. Helduen euskalduntzea, azkenik, doan izatea lortu behar dela defendatu dute.

Espazioei dagokienez, eremu soziofuntzionalak eta eremu geografikoak bereizi dituzte. Lehenak, funtzio sozial jakin bati lotuta daude (administrazioa, ikastetxea, mendi elkartea…); bigarrenak, lur eremu jakin bati. Bistan da biak hartu-emanean daudela. «Eremu horien garapen jasangarria landu behar da. Eremu soziofuntzionaletatik abiatuta, ahalik eta eremu geografiko zabalenetan euskara eroso erabiltzeko eremuak sortzen, garatzen eta elkartzen joan beharko dugu».

Ahal Duguren proposamena

Justu ekitaldiaren aitzinetik, Kursaalen bertan, legez besteko proposamen bat aurkeztu zuen Podemos-Ahal Duguk, IUrekin batera Gasteizko Legebiltzarrean erregistratu duena, euskararen araudi guztiak berrikusi eta lan eskaintza publikoetako hizkuntza eskakizunen berme juridikoak handitzeko xedez.

Hizkuntza Politikarako arduradun Miren Echevestek lanpostuaren arabera eskatzen diren gaitasunak bereizten dituzten hizkuntza eskakizun asimetrikoak (ahozkoak eta ulermenekoak) bultzatzearen alde egin zuen. Echeveste Irungo Udaleko Euskara ordezkaria ere bada. Hain zuzen, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak Irungo Udaltzaingoko 12 lanposturen hizkuntza eskakizunak baliogabetu zituen maiatzean, baldintza horiek «diskriminatzaileak» zirelako euskaraz ez dakitenen kasuan.

«Motibazio afektiboa eta pragmatikoa landu behar dira»

Euskararen erabilera kate luze baten katebegi gisa irudikatzen dute “Batuz aldatu” ekimeneko eragileek. Erabilera gauzatu dadin, horretarako baldintza guztiak bete beharko dira. Era berean, erabilerak ere eragingo die gainontzeko katebegiei. Euren ustez, erabilera erosora igarotzeko, bi mailatako baldintzak hartu behar dira gogoan: maila indibidualekoak eta maila kolektibokoak.

Lehenengo mailari dagokionez, «garrantzi berezia du euskara eroso erabili ahal izateko behar besteko gaitasuna izateak. Euskara erabiltzeko nahia ere izan behar du hiztunak. Eta horrek motibazioen esparrura garamatza. Bi motibazio mota landu beharko dira: motibazio afektiboa eta motibazio pragmatikoa edo instrumentala».

Motibazio afektiboaren kasuan, komunitatearen parte izatea, identitatea, euskararekin izandako gozamenezko bizi esperientziak, eta abar luze bat landu behar direla agertu dute. «Horrek esan nahi du hizkuntzaren eta kulturaren arteko hariak egoki josi beharko direla, eta jendea euskal kulturan murgiltzera bultzatzeaz gain, motibazio hori lantzeko etengabeko sentsibilizazio eta komunikazio estrategia egokiak garatu beharko direla. Horrek euskaltzaleak ez direnen jarreretan eragitera eraman behar gaitu. Euskararen prestigioa handitzeko asmoz euskaltzaleak ez diren eta euskararekin harremanik ez duten herritarrak aktibatzeko bideak landu beharko dira».

Erantsi dutenez, motibazio pragmatikoa estu lotua dago norbere garapen pertsonalean eta profesionalean euskaraz mintzatzeak ekarriko dizkion onurekin. Horretan zerikusi handia izanen dute instituzioek garatzen dituzten politika publikoek, baita pribatuek ere.

Maila kolektiboko edo egiturazko baldintzak anitzagoak dira: elebidunen dentsitatea eta kontzentrazioa, erabilera babesteko eta sustatzeko arau eta politikak… Horiei aldez edo moldez lotzen zaizkie proposamen politiko honetan jasotzen diren ekarpenak. Kontuan izan behar da euskarak jendartean zer prestigio duen, erreferentzia diren pertsonek nola erabiltzen duten, eragileek non kokatzen duten, eta hedabideetan zer espazio duen.M. I.