Iurre BIDEGAIN
Entrevista
GUILLAUME LAFFITE
GIXUNEKO AHATE HAZLEA

«Prest gara protokoloaren eragin batzuk pairatzeko, baina konpentsa gaitzatela»

Kriaxera ahate arraza babesteko protokoloa izenpetu zutenetik hiru hilabete pasatxo igaro direlarik, 75 etxaldek kolektibo bat sortu dute. Helburua oso argia da: bizi duten egoera salatzea. Animalien ongizatearen aldeko aterabideak galdegin dizkiete botere publikoei. Guillaume Laffite da kolektiboko kideetako bat, eta beraien aldarrikapenak zein diren azaldu dio Kazeta.eus atariari.

Hazle hauek egindako kexuei alarma hotsa eman die aste honetan bertan ELB sindikatuak, murrizketek «bere horretan segitzen dutelako» eta sektore osoa «arriskuan emana delako».

Zergatik erabaki duzue 75 hazleok kolektiboa osatzea?

Hegazti gripearen garaian, kasu bat agertu zen Bidaxuneko etxalde batean. Horrek kriaxera deituriko arraza hazten du. Arraza horren desagerpena saihesteko, botere publikoek, hala nola departamenduak eta Euskal Elkargoak, protokolo bat sortzea erabaki dute. Denek protokolo hori txalotu dute, guk barne. Baina ohartu gara horren menpe izanen ginela, debekatuko zigutelako ekoiztea bederen protokoloaren bukaera arte, abuztuaren 15era arte. Harrituak egon gara, batez ere ezin izan dugulako horri buruz gure iritzia eman. Ez gaitu inork informatu, ezta galdekatu ere. Guztiz ahaztu gaituzte. Pixka bat haserre gara. Beraz, erabaki dugu elkartzea 75 etxalde horiei informazioa pasarazteko. Etxalde horiek Ipar Euskal Herrian, Bearnon eta Landetan daude.

Protokoloa martxan jarri denez geroztik, zeintzuk dira errespetatu behar dituzuen neurriak?

Hasiera batean, ez genuen neurri berezirik errespetatu behar. Hazleek erregularki analisiak egin behar zituzten jakiteko animaliek birusa harrapatu zuten edo ez. Ez da kasurik agertu etxaldeetan. Eskubidea izan dute beren ekoizpenak bukaeraraino eramateko, baina ez berriak etxaldean sartzeko. Iragarri digute abuztuaren 15era arte ezin ditugula animalia berriak sartu etxaldeetara. Negoziatu ondotik, eta horretan Bidaxuneko auzapezak ere lagundu digu, baimendu digute ekainetik aitzina animaliak berriz lekuan jartzea baldintza batzuk betez. Hau da, animaliak barnean atxikiz. Debekatu digute animaliak kanpora ateratzea. Kanpoan 35 gradu egingo dituenean, agian barnean 40 gradura iritsiko gara. Egiten dakigunaren kontrakoa da. Guk ahateak kanpoan hazten dakigu. Maite dugunaren eta animaliaren ongizatearen kontra doa.

Erran nahi du protokoloa izenpetu dutenez geroztik animaliak barnean dituzuela?

Bai, hori da. Ekainetik. Batzuek oiloak sartu eta gero jakin dute barnean atxiki behar zituztela. Horrek arazoak suposatzen ditu. Erabakitzen badugu oiloak edo ahateak barnean atxikitzea, gutxiago sartu behar ditugu, animaliak ongi izateko. Beharrezkoa duten lekuarekin. Leku gutxi baldin badute, gaizki da.

Zer-nolako eraginak dituzte errespetatu behar dituzuen neurriek?

Eragin ekonomikoak. Adibidez, lastoarentzat. Askoz ere lasto gehiago behar dugu, lau aldiz gehiago. Jakinik lasto tona batek 70 bat euro balio duela... Baina batez ere, ahatea ez da hain ongi sentitzen barnean; beraz, ez da hain polita izanen eta emaitza ez da hain ona izanen. Animaliak barnean izanda, gehiago jaten du eta janari horrek ere kostu bat du. Ahatea itsusiagoa bada, merkeagoa izanen da. Ez dago irabazirik, ez guretzat ez ahatearentzat.

Eragin ekonomikoak aipatu dituzue, baina psikologikoki ere ondorioak agertu dira?

Bidaxunetik hurbil diren herrietan, etxaldeak guztiz blokeatuak dira eta ez dakite animaliak ateratzen ahalko dituztenez irailera arte. Botere publikoek ez dute kalte-ordainei buruzko xehetasunik eman. Horrek arazoak sortzen ditu, bankuengana joanez gero haiek ere galderak pausatzen dizkigutelako. Prest gara protokolo honen eragin batzuk pairatzeko, baina botere publikoek eta hautetsiek konpentsatu behar gaituzte. Neurriak inposatzen dizkigute; beraz, haien erabakiak asumitu behar dituzte. Nahiago genuke kanpoan eta normalki lan egin.

Zer da kolektiboak eskatzen duena?

Lehenik eta behin, hitzorduak. Euskal Elkargoa joan den astean iratzarri da. Gutunak bidali dizkiogu eta ez digu erantzun. Prentsarekin harremanetan jartzen hasi garenean, iratzarri da, bi hilabete pasa direlarik. Ekainaren 2an kolektiboarengana etorri da, baina ez dugu aterabiderik atera. Ideiak ematea eskatu digute, baina ez dagokigu guri hori egitea. Badakite zer egin duten; beraz, jakin behar dute zer egin behar duten orain.

Zein litzateke aterabidea?

Baimen bereziak ematea, gure ekoizpenarekin segitu ahal izateko. Erraten dute birusak ez duela zirkulatzen etxalde horretan eta horrek pozten gaitu. Ez dugu deus etxaldearen kontra. Erraten badute etxaldeko ahateak negatiboak direla, utz gaitzatela lan egiten.

Espres egin dugu inolako sindikatu edo mugimendu politikorekin ez lotzea. Eta arlo guztiak errepresentatzen ditugu: ahateak, oiloak, kalitatezko label ezberdinak… Horretan dugu gure indarra.

Noiz arte iraungo du egoera honek?

Ahateak berriz ateratzen badira, galkatzen ahalko dira hiru hilabete pasatuta. Konplikatua da. Kalte-ordainak ere ez dira urte bukaera baino lehen iritsiko. Aipatzen dute abuztua baino lehen bat heltzen ahal dela, baina ez dira ziur. Baina nire ustez abuztuan ez dugu deus ukanen.

Nola aurreikusten dituzu datozen hilabeteak?

Gaizki. Oso gaizki. Batzuk beste batzuk baino egoera hobean dira. Salmenta zuzenean aritzen direnak, beren ekoizpenak ez dizkiotenak saltzen ahal bezeroei, saltzen ahalko dizkiotenean, bezeroak beste norabait joanak izanen dira. Eta agian ez dira itzuliko. Horrelako arazoei dagokienez, Euskal Elkargoak aterabideak aurreikusi beharko lituzke, adibidez, ekoizpen horiek kantinentzat edo zahar etxeentzat erabili. Galerak bere gain hartu beharko lituzke.