J.S.
IRUN
Entrevista
JOSEBA IMANOL ELOSUA
FAISAN TABERNA (IRUN)

«Kontrolak direla eta, batzuek atzera egiten dute»

Behobiako zubitik 150 metrora, Irungo Faisan taberna azken urte honetan Bidasoko mugan izandako gorabehera guztien lekuko izan da. Poliziaren kontrolak, langile eta turisten joan-etorriak, immigranteen etorrerak… Tabernara sartzen direnak ia %90 Iparralde eta frantziar Estatutik etorritako bezeroak dira, baina Bidasoaren bi aldeak hartzen dituen auzoko betiko bezero batzuk ere hurbiltzen zaizkie egunero.

Noiz zabaldu zenuten Faisan taberna?

Taberna hau 1965ean ireki zuen nire aitak. Baina lehenago aitak eta aitonak beste taberna bat zuten Behobiako erdigunean, eta urte hartan poligono hau egin zenean, hona etortzea erabaki zuten. Ni bizitza guztian hemen ibili naiz, eta nire aitak erretiroa hartu zuenean, orain dela 20 urte gutxi gorabehera, nik jarraitu nuen negozioarekin.

Nondik dator «Faisan» izena?

Justu hemen gure atzean «Faisaien uhartea» daukagu eta ondoan izen bereko zementu fabrika zegoen. Pentsatzen dut nire aitari horregatik bururatuko zitzaiola izen hori jartzea. Hala eta guztiz ere, «faisaien uhartea» frantsesezko île des paisans-etik omen dator, eta ez hegaztitik.

Bidasoa zeharkatzen duen zubitik metro gutxi batzuetara egonik, zein dira zuen bezeroak? Irungoak, Iparraldekoak?

Esan dezakegu gure bezeroen %80-90 beste aldekoak direla, bai Iparraldekoak, baina baita urrutiagokoak ere. Parisko jendea ere etortzen da, oporrak Landetan pasatzen dituztenak, eta Bidasoa zeharkatzen dute erosketak egiteko. Batez ere, tabakoa eta alkohola erosten dute, eta bidaia aprobetxatuz tabernan zerbait hartzera sartzen dira.

Bertako jende gutxi etortzen zaizue orduan?

Kanpotik etortzen den jendearekin konparatuta, bai, baina hemen ere baditugu betiko bezeroak, Pausu auzokoak; Behobia Bidasoaren bi aldeetara zabaltzen da, eta denari Pausu deitzen zaio. Bertako bezero batzuk etortzen zaizkigu egunero. Lehen, gainera, pintxo-potea egiten genuen ostegunero beste aldeko Xaia ostatuarekin. Orain ez da egiten, baina espero dugu ohitura hori berreskuratzea.

Eta Irungo bizilagunak ez dira etortzen?

Oso gutxi, herritik kilometro pare batera gaude eta ez dute hona etortzeko joerarik.

Hainbeste jende Bidasoaren beste aldetik etorrita, zer nolako eragina izan du mugak ixteak?

Muga guztiz itxita lehengo urtean egon zen, konfinamendu garaian. Baina orduan ostalaritza guztia ere itxita zegoen, eta guk taberna zaharberritzeko aprobetxatu genuen, goitik behera berritu genuen. Hori bai, muga ekainaren 21ean ireki zen eta igande horretan inbasio bat izan zen hau. Hamar edo hamabost egun gainezka egon ginen. Eskerrak gero gauzak lasaitu ziren. Egia esan, udan nahiko ondo lan egin genuen.

Geroztik, hala ere, muga ez da guztiz irekita egon, ezta?

Muga zabalik egon da, baina eguneko 24 orduetan jendarmeak egoten dira; alde batetik, PCR proba-agiriak eskatzen mugatik 30 kilometro baino gehiagora bizi den jendeari, eta bestetik, immigrazioa kontrolatzeko. Horregatik, kontrolak direla eta, batzuek atzera egiten dute, beldurragatik.

Eta tabernei ezarritako baldintzek ze eragin izan dute?

Konplikatu samarra izan da baldintza horiekin lan egitea: ordutegiak, aforoak, terrazak, baina tira, badirudi gauzak hobetzen ari direla eta espero dugu aurtengo udan ondo lan egitea. Gutxienez joan den urtean bezala egiten badugu, pozik egongo gara. Hala ere, esan beharra dago hemen udan beti ondo egiten dugula lan, batez ere abuztuan, Landetara etortzen diren turista frantsesak honaino iristen direlako. Nahiko genukeena da mugimendu hori urte osoan mantentzea, orain arteko gorabeherarik gabe.