Imanol CARRILLO

«Middle Sunday», azken aldizWimbledonen

Ohiturak berritzeko omen daude. Wimbledon torneo ingelesak halaxe egingo du datorren urtetik aurrera. Ia 40 urteko ohitura bertan behera utziz «Middle Sunday» deritzon atseden egunari amaiera emango dio. Londreseko belarretan jokatzen den txapelketa 14 egunetan jokatuko da hortik aurrera, Roland Garros, Australiako Irekia edo US Open Grand Slam-ak bezala aritzeko. Ohitura hau 1982an hasi zen, finala larunbatetik igandera pasatu zutenean. Wimbledon inguruko auzokideek protesta egin zuten erabaki horren aurka, eta gauza bat eskatu zuten: igandea kentzen bazieten, torneoaren erdian atseden egun bat finkatzeko. Txapelketako antolatzaileek uztaileko lehen igandea ezarri zuten bizilagunek zaleen joan-etorrietatik deskonekta zezaten. Horrek «Manic Monday» delakoa ekarri zuen, final-zortzirenetako partida guztiak jokatzen diren astelehena. Historian lau aldiz hautsi da ohitura: 1991, 1997, 2004 eta 2016an, euriagatik. Atzo All England Club tenis pisten inguruko lasaitasuna nabaria zen. 2022an zalaparta izango da nagusi.