Iker Ibarluzea
Meteorologoa
AZKEN PUNTUA

50 gradu 50 graduko latitudean

Zeresan handia eman du Kanada mendebaldean eta AEBetako ipar-mendebaldean izan den bero boladak. Zergatik eman da ordea, halako bero bolada bat?

Pazifikoan kokaturiko depresio gune txiki baten eta Kanadan kokaturiko antizikloi baten artean, aire-masa oso bero bat garraiatu zuten Kanada mendebaldera eta AEBetako ipar-mendebaldera. Horri gehitu behar zaio mendebal/hego-mendebaldetik zetozen haizeak, Mendi Harritsuak pasatu ostean eta behera egitean, asko berotu zirela. Presio altuko guneak aire bero hori are gehiago konprimatu zuen, are berotasun handiagoa emanez. Hori gutxi balitz, presio altuko gune horrek ez zion aire beroari kokalekuz aldatzen uzten, egunetan eta egunetan, eguzkiaren laguntzaz, izugarri berotu zituelarik bazterrak.

Columbia Britainiarra kolpatu zuen gehien bero boladak. Bertan eman ziren tenperatura maximorik altuenak. Aipagarriena 250 biztanle eskas dituen Lytton herrian eman zen tenperatura izan zen. Bertan 49,6 gradu harrapatu zituen merkurioak. Hildakoen kopurua ere beldurgarria izan da. Egun gutxiko epean 500 lagunetik gora hil ziren eta bat-bateko heriotzak 130 izatera iritsi ziren bero kolpeen eraginez. Lau egunez jarraian, 40 eta 45 gradu artean kokatu zen tenperatura eta gaueko tenperatura minimoak oso altuak izan ziren.

Gurean, aldiz, ipar-haizeak nagusi izaten jarraitzen du eta hala jarrai dezala, halako beroak urrun izatea hobea da eta.