GARA
bilbo

Munduan lau milioi lagun hil dira dagoeneko pandemiaren ondorioz

2019ko abenduan lehen kasuen berri izan genuenetik, covidaren bilakaera gorabeheratsua izan da, birusak goraldiak eta apaltzeak izan ditu, batzuetan kontinente batean gogorrago jo du eta beste batzuetan munduko beste puntan. Baina, urte eta erdi luze honetan, kutsatuak, gaixotuak eta heriotzak etengabe pilatzen joan dira, eta dagoeneko lau milioi lagun baino gehiago hil dira covidaren eraginez.

Hasiera-hasieratik pandemiaren jarraipena egiten ari den Johns Hopkins Unibertsitatearen datuen arabera, atzo goizean gainditu zen lau milioi heriotzen langa, eta, horren karietara, Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusi Antonio Guterresek adierazi zuen «mugarri goibela» ezarri duela zenbaki ikaragarri horrek. «Gutako askok zuzenean ezagutu du gaixotasun honek eragindako galera, eta haren mina sentitzen dugu», gaineratu zuen politikari portugaldarrak.

Guterresen iritzian, txertoek «itxaropen izpi bat» ekarri dute pandemia gainditzeko bidean. Hori bai, ohartarazi zuen leku askotan birusa botika baino askoz azkarrago zabaltzen ari dela.

Horregatik, Guterresek mundu mailako plan bat aldarrikatu zuen, txertoen ekoizpena bikoiztu eta banaketa orekatzeko. Hori lortzeko, eragile guztiak kontuan hartuko dituen talde bat antolatuko duela iragarri zuen, eta gaineratu zuen mundu mailako biziberritze batek mundu mailako txertaketa kanpaina bat behar duela. «Lau milioi lagun galtzeak eragindako tragediak gure ahaleginak hauspotu behar ditu leku guztietan eta guztientzat konponbide bat bilatzeko», nabarmendu zuen.

600.000 hildako AEBetan

Zenbaki totalak kontuan hartuta, AEBetan jaso dute kolperik latzena, bertan 600.000 lagunetik gora hil baitira covidak jota. Brasilen 528.000 pertsona zendu dira, Indian 400.000 eta Mexikon 234.000.

Europar Batasunean Italia, Estatu frantsesa eta Estatu espainola dira kolpatuenak, milioika kasu eta hamarnaka milaka hildakorekin. Txinan, ordea, 5.000 lagun baino gutxiago hil dira.