Telmo TRENOR-Maite BIDARTE
DONOSTIA
Entrevista
FERMIN MUGURUZA
MUSIKARIA

«Negu Gorriak esperimentazio espazio bat izateko sortu genuen»

Iñigo anaia zendu zenetik elkarrizketarik ez du ematen Fermin Muguruzak, baina hori aldatzeko nahikoa arrazoi ona iruditu zaio Telmo Trenorrek NAIZ Irratian aurkezten duen «Sateliteak» saioak egindako gonbidapena. Negu Gorriak taldearen samplegintza aztertu dute beste bi aditurekin batera Zurriolako NAIZ gunean: «NG Samples» blogeko Kimo eta Snoid Jauna.

Kasualitateak ez dira maiz gertatzen eta, horregatik, polita da horiek nabarmentzea. Egutegia esku artean hartu, egun bat hautatu eta NAIZ Irratiko “Sateliteak Deluxe II” irratsaioan parte hartzeko gonbita luzatu zion Telmo Trenorrek Fermin Muguruzari. Negu Gorriak taldeak erabilitako sampleen inguruko «arkeologia musikala» egitea zen Trenorren intentzioa eta, horretarako, “NG Samples” blogeko Kimo eta Snoid Jauna eta, noski, Fermin Muguruza bera, bildu nahi zituen. Anaiaren heriotza gertatu zenetik elkarrizketarik ez du ematen irundarrak. Dena utzi du bertan behera: kontzertuak, kolaborazioak, hedabideekin harremanak, denbora bat hartu du berarentzat. Baina, nonbait, Trenorrek proposatutako gaiak tentatu egin du, baita konpainiak ere. Hala, gonbidapena onartu du.

Asteazkenero gidatzen du Telmo Trenor disko ziztatzaileak “Sateliteak” saioa NAIZ Irratian. Elektronika saioa da eta badu sekzio bat “Who is it” izena duena. Bertan, kantuetako sampleak aztertu eta jatorrizko abestia entzuten dute. Sampleak beste kantu edo audioetatik hartzen diren mailegu musikalak dira, eta, maiz gertatzen den moduan, teknika horren jatorriaren inguruan bertsio ugari daude. Batzuek diote XX. mende hasieran New Orleanseko jazz musikariak izan zirela aitzindariak, maiz hartzen zituztelako beste kantuetako zatitxoak eta progresioak egin abiadura azkartuz edo motelduz. Beste batzuek Pierre Schaeffer jotzen dute teknika horren sortzailetzat. Teoria horrek dio Schaeffer musikarekin esperimentatzen hasi zela aurretik egindako grabazioekin: loopeatu, pitcha aldatu, abiadura azkartu eta moteldu…. Noski, grabagailuen komertzializazioa heldu zenean, hori egitea edozeinentzat bihurtu zen posible, eta, bat-batean, samplegintza erabat demokratizatu zen.

Negu Gorriak taldeko arkeologia musikalaren ariketa egiteko ezin ziren faltatu Kimo eta Snoid Jauna, Arkaitz Sagasti eta Urko Rodriguez, hurrenez hurren. Twitterren ezagutu zuten elkar eta norbaitek bota zuen erronka: Negu Gorriakeko zenbat sample ezagutzen dituzue? Eta haria luzea izan zen, oso luzea, hain luzea blog bat sortzeko adina eduki bildu zituztela. Horrela sortu zuten Kimo eta Snoid Jaunak NG Samples. Dudarik gabe, altxor bat Negu Gorriak taldearen gruppientzako. Baina orain ezin da bisitatu, OVH Interneteko azpiegitura enpresak izandako sutearen ondorioz  kaput egin zuen “NG Samples” blogak. Hala ere, gogoz geratu bazarete, aukera bat baduzue: Info7 irratiko “Kale Gorrian” saioan astero egiten zuten kolaborazio bat Negu Gorriakeko sample baten berri emanez. Hemen “Gora herria” kantuaren inguruan egindakoa.

«Kolpez kolpe»

Kortaturen garaian hasi ziren sampleak erabiltzen Fermin Muguruza eta konpainia, “Kolpez kolpe” kantua horren adibide. Public Enemy rap taldea izan zuten erreferentzia. «Garaian The Clashek kolpatu ninduen bezala kolpatu ninduen Public Enemy taldeak ere». Long Islandekoek 1988an kaleratu zuten “It Takes a Nation of Millions to Hold Us Back” hip-hop diskoa; bertan entzun zituen sampleak lehendabiziko aldiz Muguruzak, eta kontatu du nola hasi ziren lehen sample propioak egiten, adibidez “Beste kolpe bat” kantuan aditzen den aizkora samplea. «Kaki Arkarazo Tolosako zezen plazara joan zen aizkora apustu bat zegoelako, grabagailu batekin hurbildu zen eta aizkolariaren arnasa eta guzti grabatu zituen. Sample hori kantu gehiagotan ere erabili dugu!», azaldu zuen Muguruzak.

Samplegintzak asko zor dio grabagailuari, horren adibide ere bada “Bertso Hop”.«Nik bi orduko saioa nuen egunero Egin Irratian, 22:00etatik 00:00etara. A, eta jakin guk asmatu genuela Maketa Lehiaketa eta ez Gazteak!», gogoratu zuen irundarrak. Eta garai haietara itzuliz, gaineratu zuen: «Askotan genituen bonba mehatxuak, baina gure erabakia estudioan geratu eta saioarekin jarraitzea zen».

Muguruzak gidatutako “Igo bolumena” saioaren aurretik, “Bota puntua” saioa izaten zen, usurbildar batzuek egiten zuten bertso saioa. «Gaueko bederatzietarako Egin Irratian izaten nintzen nire saioa prestatzeko. Usurbilgo taldea kristoren taldea zen eta harreman oso ona genuen. Kaki Arkarazok bezala, beraiek ere grabagailua hartu eta bertso saioak grabatzen zituzten gero asteleheneko saioan komentatzeko. Nik bertsoak aditzen nituen bozgorailuetatik; ez nuen asko ulertzen baina oso interesgarria iruditzen zitzaidan. Behin grabazioak eskatu nizkien, eta horrela sortu genuen ‘Bertso Hop’. Bi plater nituen, batean jartzen nuen ahotsa eta bestean zati instrumentala; esperimentazio hutsa izan zen», gaineratu zuen.

«Hau nahi dugu»

Negu Gorriak hain zen esperimentazio, diskoa grabatzeko ingeniaria topatzea ez zela batere erraza izan. «Euskal Herrian ingeniari tekniko gutxi zeuden, bai bederen guri gustatzen zitzaigun musikarekin lan egiteko. Gogoratzen naiz guk argi esaten genuela: ‘hau nahi dugu’. Eta teknikariak erantzun: ‘hau? Hau gaizki grabatuta dago!’», kontatu zuen barrezka Muguruzak. Baina M-ak taldea lehen aldiz aditu zuenetik, Kaki Arkarazorengan begia jarrita zuen Muguruzak. «Garaian telebista programa bat egiten zuen eta ohartu nintzen erreferentzia berak genituela: Talking Heads, New Age, Bad Brains... Niretzako erreferente gorenak ziren».

Bien arteko sintonia ona izango zelakoan, “Kolpez kolpe” diskoa ekoiztea proposatu zioten Arkarazori, eta baietz erantzun zien. «Lokalera etorri zen, baina ez esku hutsik, baita zera ere! Gitarra eta ‘anpli’ batekin etorri zen. Guk jotzen genuen bitartean, bera gitarrarekin txorakeriak egiten hasten zen…..». Azkenean, disko ekoizle izatetik, Negu Gorriakeko kide izatera pasa zen. «Hor hasi zen Negu Gorriaken ideia, oso argi genuelako Negu Gorriak esperimentazio espazio bat izan behar zela», gogoratu zuen Muguruzak.

Sampleez hitz egiteak esan nahi du erreferentziak zerrendatzea, eta ur askotatik edan izan du Muguruzak. Juan Mari Beltran, BAPeko Okene Abrego eta Xabier Montoya gogoratu zituen, besteak beste. Baina baita zenbait talde eta musikari ere: The Clash, Public Enemy, Aretha Franklin, Peter Tosh eta Benjamin Zephaniah. Eta, nola ez, soula, musika beltza, reggaea, D&B eta jungle erritmoak.

«‘Rolling Stones’ musika aldizkarian elkarrizketatu ninduten behin eta ea zein musikari izan nahiko nukeen galdetu zidaten. Nik Ottis Redding izan nahiko nukeela erantzun nuen». Muguruzaren ustez, Reddingek sentimendua irudikatzen du, bizipoza, sufrimendua, «dena adierazten du, berdin Areta Franklinek ere», azaldu zuen.

«Euskaldun bezala ere sentitzen dut herri honetan asko sufritu dugula. Hemen egon gara 200 urte gerratan. Gure kultura eta gure sustraiak sakonak dira. Badugu kultura borrokalari bat, langileak gara eta musika izan da bertsio ofizialetik kanpo erabili den tresna bat. Nik komunitate batentzat egiten dut lan eta haientzat abesten dut», nabarmendu zuen amaitzeko.