GARA
gasteiz

Euskal presoak kaleratzea aldarrikatzeko Araban ibilaldia egingo du Sarek urrian

Sarek “Arabako Itzulia” egingo du urriaren 7a eta 9a artean. Guztira, 185 kilometroko ibilaldia egingo du lurralde horretan. Agurainen hasiko da eta Gasteizen amaitu, euskal presoak kartzelatik ateratzea aldarrikatzeko. Auzi honi dagokionez, fase bat gainditutzat eman du plataformak, baina ohartarazi du «bide luzea» dela oraindik egiteko.

Galder Beramendi plataforma horretako bozeramaileak atzo Gasteizen egin zuten prentsaurrekoan esan zuenez, ibilaldia urriaren 7an abiatuko da Agurainen eta, Arabako hainbat herritatik igaro ondoren, hilaren 9an iritsiko da Gasteizera, bertan bukatzeko.

Gogorarazi zuten, halaber, gaur manifestazioa egingo dela Gasteizen, 18.30ean, Bilboko plazatik hasita. Manifestazio horretan, indarrean dauden eta euskal presoak pairatzen dituzten salbuespen neurriak behingoz amaitzea aldarrikatuko dute.

Beramendik adierazi zuenez, euskal presoen auzian fase bat gainditutzat eman du Sarek, baina, aldi berean, salbuespen neurriak eta bigarren gradutik hirugarrenera igarotzeko zailtasunak direla-eta, fase berri bat zabaldu dutela ohartarazi zuen: «Atzean geratu dira espetxerik urrunenak –Madrildik beherako espetxeetan ez dago jada euskal presorik–, isolamendua eta lehen graduak, eta, horri esker, salbuespen fase zahar bat amaitu ahal izan dugu. Baina urrats horiekin fase berri bat ireki da, eta bide luze bat egitea dagokigu orain».

Bigarren graduan

Euskal presoen %33 bakarrik daude Euskal Herriko espetxeetan, eta «denek hemen egon beharko lukete», aldarrikatu zuen bozeramaileak. «Gehienek bigarren graduan jarraitzen dute, indarrean dagoen legedia aplikatuz gero baimenak, hirugarren graduak eta baldintzapeko askatasuna izan beharko luketenean», zehaztu zuen.

«Urte positiboa izan da espetxeei dagokienez, baina oraindik bide luzea dago presoak etxera ekarri arte», gaineratu zuen Beramendik.