Arnaitz GORRITI
TOKIO 2020

Brontzea bilatu beharko Aginagaldek eta Gurbindok

Danimarkaren aurka 23-27 galdu ostean, Espainiako selekzioko euskal jokalariek brontzezko dominagatik borrokatu beharko dute Egiptorekin. Asier Martinezek seigarren egin zuen, eta Iñigo Peñak ere bai, baina Zizurkoa ez bezala, zumaiarra ez zegoen pozik. Egun oso txarra Carlota Zigandarentzat ere, liderragandik 12 kolpera geratu baitzen.

Julen Aginagaldek eta Eduardo Gurbindok, Espainiako gizonezkoen eskubaloi selekzioko euskal jokalariek, ezingo dute urrezko dominagatik jokatu, atzoko finalerdietan galdu egin baitzuten. Danimarka, Niklas Landin atezainari eta batez ere Mikkel Hansen bikain bati esker, espainiarrak baino gehiago izan zen eta 23-27 gailendu zen.

Brontzea, aldiz, oraindik irabazteko aukeran izango dira aipatu bi euskal jokalariak. Egiptok –27-23ko emaitzaz honek ere– Frantziaren aurka galdu ostean, Ipar Afrikako selekzioa izango dute aurrez aurre Aginagalde eta Gurbindok lehiaketako hirugarren postuaren borrokan.

Ez zen egun onegia izan euskal kirolarientzat, ez eskubaloian ez bestela. Eskubaloiari dagokionez, Aginagalde deialditik kanpo laga zuen Jordi Ribera espainiarren hautatzaileak eta Eduardo Gurbindo nafarrak, berriz, egun oso zaila izan zuen. Ez zuen minutu larregirik jokatu iruindarrak, titular atera bazen ere. Mikkel Hansen Danimarkako izarra gainetik pasatu zitzaion jokalari nafarrari eta ez zuen Landin atezainaren atera jaurtiketarik egin. Horrez gain, Riberak Alex Dujshebaev eta Jorque Maquedaren aldeko hautua egin zuen minuturik gehienetan eskuin hegaleko posturako eta, beraz, Gurbindok aulkitik animatzen lan eta denbora gehiago izan zuen.

Hasi eta buka Danimarka hobeto aritu zen, beti aurretik. Gurbindo eta enparauek sekula ere ez zuten etsi eta azken minutura arte berdintzeko aukeraren bat beti izan zuten, baina beti atzetik joan behar hori zama oso astuna bihurtu zitzaien espainiarrei.

Hala ere, atsedenaldira markagailua 10-14 Danimarkaren alde iritsi baziren ere, Jordi Riberarenek ez zuten etsi eta gol bakarrera hurbiltzea lortu zuten, eta minutu askotan danimarkarren erasoko errekurtso ia bakarra Mikel Hansen izan zen; errekurtso aparta, dena den, 12 gol egin zituelako.

Gol bat atzetik jarrita ere, espainiarrak ez ziren berdintzeko gai izan, Niklas Landin onena orduan azaldu zelako. Bere geldituei esker Danimarkak aldea atera zuen ostera ere eta domina ziurrik gabe geratu ziren Aginagalde eta Gurbindo. Dena den, Egiptoren aurka bigarren aukera izango dute.

Seigarren postu on eta txarra

Pierre de Coubertin baroiaren hitzak ei dira irabaztea baino, «axola duena parte hartzea» dela dioten horiek. Dena erlatibizatzea ez dago ondo, baina kasu honetan, baieztapen hori erlatiboa dela onartu behar.

Alegia, Asier Martinez 110 metroko hesidunetako finalean seigarren izan zela eta Iñigo Peña, Paco Cubelos kidearekin batera, piraguismoko 1.000 metroko proban, K2 kategorian, seigarren izan zela ere. Biak al zeuden pozik eta gustura? Ezta gutxiagorik ere! Biak triste? Ez, noski. Asier Martinez pozarren zegoen eta, aldiz, Iñigo Peña eta Cubelos, nahikoa ernegatuta.

«Oso final arraroa izan da», onartu zuen Asier Martinezek. Zizurkoa ez zen ongiegi atera takoetatik, baina atzetik aurrera joanda, seigarren amaitu zuen, ezustean urrea irabazi zuen Hansle Parchment jamaikarra izan zelarik buru. Grant Holloway estatubatuarra eta Ronald Levy irabazlearen erkidea iritsi ziren atzetik.

«Ez nuen hor egoterik espero eta oso gauza berezia izan da ondoan izan ditudan hauekin lehiatzea, eta horregatik oso pozik nago», gaineratu zuen.

Nafarrak 13,22 segundoko marka egin zuen; hau da, bere bizitzako denborarik onena eta azken metroetan aurrenekoei ere aldea jatera iritsi zen, gehiagorik ez bazuen egin ere.

Iñigo Peña eta Paco Cubelosen seigarren postua oso mikatza izan zen, berriz, protagonistentzat. Aitzakiei ihes egin nahian arituagatik, finalerdietako akats estrategikoa larrutik ordaindu zuten zumaiarrak eta piraguako bere kideak.

«Indarrak gorde nahian, gure finalerdiko laugarren postuan amaitu dugu eta, hala, finalerdiko zortzigarren denbora egin dugulako, zortzigarren kalea egokitu zaigu, guztietan kalerik txarrena, alde handiarekin», azaldu zuen gipuzkoarrak.

Antza, haizeak beste kale guztietan baino erasan handiagoa egiten omen zuen zortzigarren kale hartatik eta Paco Cubelos piragua kalearen erdirantz eramaten ahalegindu bazen ere, Iñigo Peña eta biak dominen jokotik oso urrun geratu ziren.

«Pena handia da, helburua domina bat lortzea baitzen. Ezin izan dugu gure estropadarik onena egin. Haizeak gehien jotzen zuen kalea genuen, baina ez da aitzakia. Olinpiar Jokoetako final bat da hau eta bertan daude onenak. Bi orduko atsedenaz bakarrik, bi estropada gogor egin behar genituen jarraian eta helburua finalera ahalik eta indar gehien aurreztuta iristea zen. Estrategia, baina, ez zaigu ongi atera zortzigarren kalera bidali gaituelako finalerdietan laugarren geratzeak, kalerik txarrena azkenean», berretsi zuen piraguista zumaiarrak.

Carlota Ziganda, nahi eta ezin

Carlota Zigandak ere ez zuen aurreneko jardunaldiko mailarik eman emakumeen golf lehiaketako bigarren egunean.

Orotara 73 kolpe behar izan zituen ibilbidea osatzeko, bezperan baino bost gehiago, eta orotara 12 kolpera dauka orain lider berria, Nelly Korda estatubatuarra, emakumeen rankingeko aurrenekoa eta 2021eko PGA torneoko irabazlea, alegia.