Ana Lizoain, Antonio Chivite*
Caravana Canarias-2021 ekimenean parte hartzaileak
KOLABORAZIOA

Paterak gutxiago, pertsonak gehiago

Garesen, duela egun batzuk, patera batean «ekintza bandalikoa» egin zuten, eta «– paterak + pertsonak» margotu zuten. Horrek zalaparta handia eragin du komunikabideetan. Patera Nafarroako Gobernuak antolatutako erakusketa baten zatia da. Bitartean, pertsonak dira «ekintza bandalikoen helburu», mugetan, itsasoetan, CIEetan edo «Harrera Zentroetan», horren eskandalu handia sortu gabe; baina pertsonen heriotzan eta sufrimenduan oinarritutako nekropolitika horrek ez omen du hainbesteko interesik merezi. Egunero gertatzen da, eta ez du zalaparta handirik sortzen, komunikabideen isiltasun konplizea baizik.

Behean sinatzen dugunok, Mugak Zabalduz-Nafarroako kideok, Caravana Abriendo Fronteras 2021 ekimenean parte hartu dugu, Estatu osoko 350 pertsona baino gehiagorekin batera. Kanarietatik itzuli berriak gara, Kanaria Handia eta Tenerife irlak bisitatu ditugu, migratzaileei laguntzeko sortu diren herritarren erakundeen eskutik, eta bertatik bertara ezagutu dugu kaiukoetan iristen diren pertsonen egoera. Egiaztatu ahal izan dugu familia osoak bananduak izaten direla, baita seme-alabengandik urrunduak ere, eta «harrera-zentroetan» sartzen dituztela, askotan, erabiltzen ez diren espetxeetan edo euria egiten duenean urak hartzen dituen kanpamentuetan; zentro horietan gutxi jaten dela, komunak falta direla eta osasun zerbitzurik ez dagoela salatu dute; abusuak ere salatu dituzte, fisikoak zein sexualak. Basoaren erdian plastikoz eraikitako kanpamentuetan egon gara, eta hor topatu ditugu bertan bizitzen hilabeteak eman dituzten pertsonak. Horietako askorekin egon gara; batzuek bederatzi hilabete baino gehiago eman dute kartzela-uharte honetan, hilobi-uharte honetan ilegalki atxikiak.

Etxera iristean errealitate honekin ere topatu gara: deportazioak «beroan» Irungo mugan, Kanarietatik iritsitako pertsonak kalean bizitzen Iruñean, beste hildako bat Bidasoan, Azpeitian irainak eta laneko jazarpenak eraginda langile migratzaile baten suizidioa, eta oraintxe Ceutatik adingabeak deportatzen ari dira taldeetan. Eta badakigu eskubide-urraketa horiek guztiak migrazio-politika baten eta Atzerritarren Legediaren estrategia eta dogma direla, arrazakeria instituzionalizatuaren sinboloak, jakina.

Gu, arrazakeriaren aurkako eta giza eskubideen defentsaren aldeko pertsona gisa, ezin gara isilik gelditu zentzugabekeria honen aurrean, non pintada batek, berdin du non, gehiago eskandalizatzen duen, pintadak berak salatzen duenak baino. Izan ere, pintadak salatzen du patera ekarri bai baina bertan bidaiatzen zuten pertsonak ekarri ez dituen gobernua; harrera-politika eskasa praktikatzen duela agerian utzi duen gobernua; pateran bidaiatzen zuten pertsona horiek gure hirietara iristean kale gorrian bizitzea baimentzen duen gobernua, adin txikikoen eta gazte migratuen babesean diru-mozkinak egiten dituena, pertsona horiek hemezortzi urterekin sistematik kanpo utziz, eta duela urte batzuk egindako jardunaldi eta hitzaldietan babes sozialerako emandako hitza bete gabe geldituz. Gainera, duela gutxi jakin dugu Gobernuak ez duela Estatutik lege-aldaketarik tramitatuko pertsona horiek erregularizatze aldera.

Erakundeen utzikeriako eta tratu txarreko urteak metatu ditugu, eta ez gara konplize isilak izango. Europar Batasunak, Espainiako Estatuak, zer egiten duen eta zer ez duen egiten begiratu behar da, Kanarietan zer gertatzen ari den begiratu behar da, baina baita hemen Nafarroan zer egiten ari den ere; eta, egia esan, ezer gutxi egiten ari da, eta askotan, gaizki. Azken finean guk hauxe nahi dugu: Nafarroako Gobernuak pertsonak ekar ditzala, ez patera, eta benetako harrera-politika serio eta eraginkorra egin dezala.

Patera bat erakusteak errealitate batez kontzientziatzeko balio pedagogikoa duela argudiatu dute. Zalantzan jar badaiteke ere, patera batean bidaiatu ez duen jendearentzat izan liteke pedagogikoa, baina zer iritzi dute beren burua bertan bidaiatzera behartuta ikusi duten gure auzokideek? Galdetu al diete? Zer erantzun dute? Ez ditugu pertsona horiek ikusi erakusketa-pateraren inaugurazioan.

Ez dugu iritzi-artikulu hau bukatu nahi Kanarietarako Karabanak ekarri digun alderdi positiboa aipatu gabe. Itsaso bete indar eta elkartasun ekarri dugu migratzaileei laguntzen dieten elkarteen pertsonengandik zein Kanarietako jende gehiagorengandik. Pertsona migratzaileengandik ekarri dugu beraien zintzotasuna, mugako legeak desobedituz nazioarteko ordena bidegabe baten aurrean duten erresistentzia aktiboa. Elkarrekin gehien oihukatu genuen leloetako bat hau da: «Haiek heriotzarekin datoz, guk bizitzarekin erantzuten dugu».

Garrasi bat, laburpen ona eta hasiera ona arrazakeriaren kontrako borrokan jarraitzeko, ez baita soilik elkartasuna, bizitza-proiektu duina eraikitzeko eskubide sozial eta politikoa edukitzea baizik.

*Honakoek sinatzen dute: Ana Lizoain, Antonio Chivite, Beatriz Villahizan, Covadonga Almarcegui, Dabid Sanchez, Eider Larripa, Flavia Navarrete, Garazi Robles, Ilargi O'Connor, Ion Erro, Itziar Bardaji, Iñigo Jurado, Iñigo Subiza, Javi Gorraiz, Javier Indurain, Koldo Iribarren, Koro Azkona, Maite Ramos, Nagore Gabilondo, Saioa Lekunberri, Saioa Marina Cuenca, Santi Rabadan, Tere Saez, Tere Sarriguren eta Yasmine Khris Maansri.