Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Iragana helburu, geroaren esperoan

Ama, ama! Jelkideen alderdiaren buru biko bizefaliako batek sarri erabiltzen duen berba nik orain maileguan hartuta, “okurrentea” gero Ajuriaeneko maizterra! Urteak emanda errotonda kudeatu nahian, noiz eta nondik aterako zain, eta hara! norantz eta atzerantz atera! Ateraldia gero horrena! Noiz eta 1839an jarri etorkizuneko helburua! Subiranotasun fosil halakoa! Atzera egite hori abiada hartzeko balitz sikiera! Baina bai zera, kimera! Ez du ematen, ez, jelkideek eta jeltzaleek abiadura kontzeptua ulertzeko partekatzen duten moduak ez du horretarako ustea ematen. Eta ematekotan ere ustea erdi ustel! Edo ustel eta erdi!

Hiztegi oparoa maizter horrena, eta “okurrentea” duda izpirik gabe. “Foru” berbari eguneratze semantikoa eman gura izan dio, kristauen Kristo hark fariseuen tenpluan dinbi-danba ezker-eskuin dena jotzen eta astintzen sartuta, “ostia” berbarekin egin zuen moduan, semantikoan zabaldu horren kontzeptua. Amen! Tira Murgoitio, foruaren harira! “Foru” berba denetarako aurrizki bihurtuta. Euskal sukaldaritza ofizialean, kasurako, gero eta ohikoagoa izango dugu aurrerantzean halakoak entzutea: foru-patata, forusalda, forugazta… eta ofiziozko politikan: foru-herria, forutzale, forukide, forujorran ibili, euskal forubista, foru enea, forukidetza, forularitza, dioxina-forunoak, foru aldundia… Ez, ez! Azken hau asmatuta dago jada! Sormena behintzat ez zaio falta, besteok harritzeko gaitasuna ere ez. Beldur naiz zer ez ote duen horrek botako Foruerdi Egunean…

Total, 1839koa helburu! Egia esan, atsegina egiten zait garai hura gogora ekartzea: Lizarrako glaziarrak, Altubeko izotz-kaskoa, Zegamako arrantza-portua, Aguraingo flysch berdea… nahiz eta dena atsegina izan ez; horra, kasuko, orain kosta diren herri batzuetako alardeak … Ama, ama, beste fosil batzuk biziagoak dira!