Nagore Iturrioz Lopez eta Ainhoa Astigarraga Blanco
Steilas
KOLABORAZIOA

Hezkuntza legea zertarako? Duguna ondo lotuta uzteko?

Hezkuntza Sailak, ikasturte hasieraren kudeaketa kaskarrak ikastetxe publikoetan izan dituen ondorio latzekiko ez ikusiarena egin eta, dirudienez, erronka handiagoei ekin die. Lehendakariak atzo jakinarazi zuenez, hezkuntza lege berria urtebete aurreratuko da. Presaren zergatia ez dakigun arren, publiko egin denari erreparatuz, ulertzen dugu legearekiko adostasuna argia dela eta bidelagun nor izango duen ere bai, jakiteke dagoena da zerekiko den adostasun hori. Lege bat behar omen dugu, baina zertarako, zerbait aldatzeko edo duguna dagoen bezala uzteko? Burutazio horiek ezinbestean datozkigu orokorrean toki politiko hain desberdinak defendatzen dituztenek bat-batean adostasunaren izenean hitz egiten dutenean, data eta guzti; hezkuntzan zer elkargune ote dituzte?

Hezkuntza komunitatearekin kontsultatu gabeko balizko adostasun horretan EAJk eta EH Bilduk hainbat ideiaren zertzeladak eman dituzte prentsaren bitartez. Ikastetxeen kudeaketa deszentralizatuko litzatekeela dirudi, udalaren funtzioa areagotuz; hau da, tokian tokiko parte-hartzea sustatuz eta, bide batez, ikastetxeen autonomia indartuz.

Dagoeneko udalak hezkuntza sistemaren parte dira; esaterako, modu formalean ikastetxeko organo gorenean daude eta ikastetxez kanpoko ekintzak antolatzeko eskumen osoa dute. Ahaztu gabe udalek Haurreskola Partzuergoan duten parte-hartzea, eta horrek sortu dituen askotariko egoerak. Edonola ere, horien parte-hartzea indartzea onuragarria izan daitekeen zalantzarik ez dugu, baina parte-hartze hori erreala eta ikastetxe guztientzat baliagarria izan dadin, aldez aurretiko berdintasun baldintza batzuk beharko lirateke. Horrela izan ezean, parte-hartze aldakorrak desberdintasunak areagotu eta horiei zilegitasuna soilik emateko balioko luke. Inozokeria litzateke kontuan ez hartzea udalen kolore politiko eta baliabide ekonomikoen aniztasuna.

Egungo errealitateari erreparatzea besterik ez dugu, ikusteko udalen eskumena diren azpiegituretan dagoen aldea ikastetxez ikastetxe; zer esanik ez, titulartasun pribatuko ikastetxeen azpiegiturekiko dagoena. Deszentralizazioak desarautzean sakonduko lukeelakoan gaude; horrek, hezkuntzan ematen den merkatu logikak, ikastetxeen arteko lehiak, gurasoen erabakitzeko eskubide faltsuarekin batera, ikastetxeen arteko arrakala handitzea besterik ez luke ekarriko, ikastetxearen etorkizuneko arrakasta edo porrotaren ardura ikastetxe zehatzen eskuetan utziz. Hori horrela, Hezkuntza Sailak ardurak tokian toki banatu eta egun hezkuntzan ditugun arazo larrienei ez lieke erantzunik emango, ezta bere titulartasunekoak diren ikastetxeak babestuko ere.

Adostuko duten legean zalantzarik gabe desarautze hori saihesteko bermeak jarriko direla jasoko da, zoritxarrez egun dugun araudietan horrelako asko jasotzen diren bezalaxe; bete, ordea, ez. Ikastetxeen arteko oreka lausotzeko baliagarria litzatekeen kuota kobratzearen debekua kasu. Gaur egun dugun egoerari aurre egiteko ez ditugu hitz potolo eta intentzio iradokitzailez beteriko dokumentuak behar; egungo sistema segregatzailea arautuko duen lege argi bat behar dugu.

Hortaz, Urkullu lehendakariari eskertuko genioke argitzea, baita berarekin ados jarri direnei ere, ez hainbeste noiz argitaratuko den legea, baizik eta zer arautuko duen, EAEn dugun hezkuntza sistema publiko-pribatu dualak sortzen dituen arazoak konpontzeko. Begi-bistakoa baita udalari eskumena emanez ez dela desagertuko EAEn dugun %49ko ikastetxe kontzertatuen kopurua.

Komunitatea eta parte-hartzea indartzeko politiken aldekoak gara Steilasen; horregatik, hain zuzen ere, defendatzen dugu Euskal Eskola Publikoa, hori delako komunitatearen funtsa. Komunitatearen indartzeak publikotasunera garamatzalako eta zerbitzu publikoetan soilik eman daitekeelako. Hori al da lege honek jasoko duena? Gaindituko al dugu behingoz lege horren bitartez egun dugun hezkuntza sistema pribatizatzailea? Edo malabarismoak egingo dira orain arteko sistema injustu eta desorekatua zuritzeko, itunpeko ikastetxeen etorkizuna blindatu eta legitimatzeko, ditugun arazoen inguruan ezer arautu gabe?

Eskola publikoa berez da parte-hartzailea, hori baita publikotasunaren oinarria; ez dugu hori arautzeko beste legerik behar, ordea; bere biziraupena ziurtatuko duen berme bat behar dugu aspaldi herri honetan, eta ez dugu uste Hezkuntza Itun honek asmo hori duenik. Beraz, Euskal Eskola Publikoaren aldeko hezkuntza politika erreal bat izan arte guk borrokan jarraituko dugu, hori baita gure hizkuntzaren eta gure gizartearen biziraupenerako aukera bakarra.