Amaia U. LASAGABASTER
Entrevista
AMAIUR SARRIEGI
REALEKO JOKALARIA

«Neska gazteen ispilu izatea erantzukizun handia da»

Eraberritutako Realaren kapitaina eta ikurra, Amaiur Sarriegi Bigarren Mailatik nazioarteko partidak jokatzera urtebeteko epean pasatu zen, golez gol. Realak bezala, sasoi ezin hobean ekin dio Ligari, baina, ez du ahazten «beti» dagoela «hobetzeko aukera».

gara-2021-10-13-Entrevista

Ondo baino, «super ondo». Horra hor Amaiur Sarriegiren erantzuna ohiko «zer moduz» hasierako galderari. Ez da harritzekoa, denboraldia ezin hobeto hasi baita. Bost gol aurrelariarentzat, sei garaipen Realarentzat. «Eskutik doaz. Taldea hain ondo joatearen arrazoi nagusietakoa jokalariak ematen ari garen maila ona da, eta, aldi berean, taldearen maila onak jokalari bakoitza bultzatzen du. Futbola taldea da eta nik ez dut ulertzen bata bestea gabe».

Taldearekin hasiko gara orduan. Hainbeste aldaketa egon ondoren, guztiz ustekabean harrapatu gaitu Realaren hasiera bikainak.

Kanpoko informazioak ikusita bagenekien jendeak ez zuela gehiegi espero. Baina guk guregan jarri dugu fokua hasieratik. Bagenekien hemen geundenon eta etorri diren jokalarien artean taldeak oso maila ona eman genezakeela denok batera lan eginez gero. Ulertzen dut deigarria izan daitekeela, sei garaipen jarraian lortzea ez baitago edozeinen esku baina dinamikek indar handia dute, onerako eta txarrerako. Gu dinamika onarekin hasi gara, konfiantzarekin gaude, oso giro ona dago...

Udaberria eta uda zailak izan ziren bai zelaian, bai bulegoetan, bai taldearen inguruan. Orbainak desagertu al dira?

Jokalariok gurea egiten saiatu behar gara; egoera dena delarik, guregan zentratu eta gure esku dagoena ahal den hoberen egiten. Horretan saiatu gara eta ondorioak agerian daude.

Joan den jende garrantzitsuaren lekukoa Nerea Eizagirrek eta zuk hartu duzue. Kapitaina, taldeko ikurra... eta 20 urte besterik ez.

Bai, ez dago gaizki. Nereak urte gehiago daramatza Lehen Mailan, baina 2000. urtekoak gara biok. Futbolean askotan ahazten zaigu hori kontuan hartzea.

Beste gazteei baino gehiago eskatzen dizuegu kirolariei.

Ez nuke esango horrela denik, gazte guztiok ditugu arazo, baldintza, nahi eta behar propioak. Ni futbolarion kasuaz ari naiz, horixe baita ezagutzen dudana. Eta, nahiz eta egia izan daitekeen futbolak hazkunde prozesua bizkortu edo aurreratu dezakeela, askotan ahazten zaigu 20, 21 eta 22 urteko neskak garela; oso gazteak garela.

Zorionez, lan psikologikoak garrantzi handia hartu du kirolarien prestakuntzan.

Bai, eta nabaritzen eta eskertzen da, presio asko nabaritzen baitugu gazte-gaztetatik. Tokioko Jokoek eragin handia izan dute eztabaida hori mahai gainean jartzeko orduan, lan horretan bide handia ibili den arren, oraindik askotan ahazten zaigulako kirolaria pertsona dela lehenik eta behin. Alderdi psikologikoak, emozionalak, jokalari baten errendimenduan eragin handia du. Nik ez dut ulertzen futbola, elitezko kirola, laguntza psikologikorik gabe.

Ez da bakarrik errendimendua. Pertsona kirolariaren aurretik dago. Baliteke aldaketa hori izatea eman beharreko urratsa.

Bai, hori da. Lehentasuna pertsonaren ongizatea izan behar da, horren ondorioak arlo guztietara zabalduz, errendimendura, bestak beste. Biek elkarrekin joan behar dute.

Ez da hobetu beharreko arlo bakarra. Azken aldian heltzen ari zaizkigun berriak negargarriak dira: abusuak, tratu txarrak, mehatxuak, irainak...

Sinestezina da, ez zait buruan sartzen gauden urtean egonik horrelako gauzak gertatzea. Baina ezin gara konformatu horiek ikusaraztearekin; zigorrak ere beharrezkoak dira, ondorioak izan behar dira. Futbolean, bizitzan, beti agertuko dira sagar ustelak, baina guztion esku dago horrelako bat agertzen denean zer egin. Ezin da isilarazi edo ezkutatu; salatu eta zigortu egin behar da. Hezi, noski, baina ez beste aldera begiratu eta ezer gertatuko ez balitz bezala jarraitu, bestela ez baitugu ezer konponduko.

Haria berreskuratu behar dut, leku barik geratuko baikara bestela. Kapitaina izateari buruz ari ginen. Hori bai, taldean duzun garrantzia ez dizu besokoak soilik ematen...

Besokoa eramatea anekdotikoa da. Garrantzitsua da, harro egoteko modukoa, baina benetan garrantzitsua horren azpian dago; kapitaina izateko beharra zelai barruan eta kanpoan. Neska gazteek gero eta gehiago begiratzen gaituztela ikusten dugu, gero eta ispilu handiagoa garela beraientzat. Hori erantzukizun handia da eta erantzuten jakin behar dugu. Zelaian eta zelaitik kanpo eredugarri izaten saiatu behar gara.

Zelaian ematen duzun eredua jarraitzen badute, Euskal Herria golegilez beteko da! Harrigarria da egiten ari zarena.

Pozik nago eta, egia esan, oso azkar etorri zait azken urteotan gertatutakoa. Orain dela urtebete Espainiako selekzioarekin debutatu nuen eta urtebete lehenago Bigarren Mailan nengoen. Aldaketa handia da, baina gauzak ez dira kasualitatez gertatzen. Prozesua nahiko azkarra izan da nire kasuan, baina atzetik lan eta sakrifizio handia daude; egunero prestatzen naiz.

Ibilbide horrek Espainiako selekzioaren ateak zabaldu dizkizu. Nazioarte mailan golak sartu dituzu eta FIFAk erreportaje bat ere eskaini zizun... Lehen psikologiaz ari ginenez, burua hotza mantentzeko ahaleginak ere egin beharko dituzu...

Arriskutsua da, bai, baina nik, oraingoz behintzat, ez dut inoren «e, Amaiur, kontuz» entzun behar izan. Etxean, gurasoek eta familiak txikitatik erakutsi didate edozer lortzeko lana eta umiltasuna behar direla. Eta, gainera, ondo zaudenean burua hotza mantentzen badakizu, une txarrak datozenean, etorriko direla, errazagoa izango da lasaitasuna mantendu eta aurrera egitea.

Zure izena hainbat agendatan ikusteak ez du asko lagunduko lasaitasuna mantentzeko orduan. Telefono zenbakia aldatu behar izan al duzu jada?

Kar-kar, ez dut uste oraindik horretaz hitz egiteko unea denik. Oso pozik nago, oso ondo, kontratua daukat 2023ra arte eta oso lasai nago. Futbolean gauza asko pentsatu behar izaten dugu, erabaki asko hartu... baina ni lasai eta gustura nago.

Gainera, ez da derrigorrezkoa kanpora alde egitea ametsak betetzeko. Denboraldia hasi besterik ez da egin, baina Realarekin Txapeldunen Liga jokatzeko aukera atzo baino gertuago dago gaur.

Asko falta da, bai, baina garrantzitsua da dinamika honetan egotea. Ez genuke beste agertoki hoberik irudikatuko Ligari hasiera emateko. Zaila izango dela asko luzatzea? Bai, noski, baina orain arte egindakoa hor dago, indarra ematen digu aurrera jarraitzeko. Eta, gainera, gai garela erakusten digu.

Emaitzetatik harago, hain talde gaztea izanik partidetan erakusten duzuen heldutasuna azpimarratzekoa dela uste dut.

Baita nik ere. Kalitatearekin batera, lehiatzen jakitea izan daitekeen bertute handiena da. Partidetako une desberdinetan zer egin jakitea, zure gustuko jokoa egin ezin duzunean, alternatibak izatea eta eroso sentitzea... Azken batean, lehiakorrak izatea. Eta hori taldeak badauka.

Eta zer ez dauka? Talde luzeagoa, adibidez?

Ez dugu oso talde luzea, ez, horrela da, eta, gainera, zorte txarra izan dugu lesioekin. Horrek baldintza lezake errendimendua, baina aurre egin beharko diogu. Gure aldetik, atsedena, entrenamendua, elikadura... zaindu beharko dugu ezin hobe egoteko. Eta, noski, egunero lan egin gero eta hobe konpetitzeko, beti baitago hobetzeko aukera.

Baita zure kasuan ere? Ez dakit ba zer hobetu dezakezun...

Bai, kar-kar, gauza asko. Urtebete bakarrik daramat Lehen Mailan. Esperientziak, partidak jokatzeak, egoera desberdinei aurrera egiteak... ematen dizun horren faltan nago oraindik, esaterako. Eta horrekin batera nire gabeziak zuzentzeko eta dohainak hobetzeko lanean jarraitu behar dut, gauzak ondo egiteko formula bakarra hori baita: lana, lana eta lana.

Laburrean

Jardunaldia. Igandean jokatuko dituzte lau euskal taldeek zazpigarren jardunaldiko neurketak. Eibarrek Betis hartuko du (11.30), Alavesek Madril bisitatuko du (12.00), Realak eta Levantek Zubietan jokatuko dute (16.00, ETB1) eta Athleticek eta Vila-realek, Lezaman (16.00, TDP).

Atzeratuta. La Palmako sumendiaren errautsen ondorioz Tenerifeko aireportua itxi zutela eta, Vila-realek eta Granadillak larunbatean jokatu behar zuten partida atzeratu egin zuten. Azaroaren 10ean jokatuko da.

Sariak. Irene Paredes Urrezko Baloia irabazteko hogei hautagaien artean sartu dute. Azaroaren 29an jakinaraziko dute irabazlea nor den. Legazpiarrak UEFAko 20/21 denboraldiko atzelari onenaren saria jaso du dagoeneko.

Derbia. Kopako porrota ahaztu eta AEM gainditu zuen Osasunak (1-3). Athletic Bk Bartzelona B menderatu zuen (2-1). Taxoarek Bigarren Mailako denboraldiko lehen derbia hartuko du igandean (12.00), bizkaitarrek talde gorritxoa bisitatuko baitute.

Afrika. Gonbidapen bati esker parte hartu eta COSAFA txapelketa irabazi du Tanzaniak, ezusteko finalean Malawi gaindituz. Bigarren edizioz jarraian, Hegoafrikako Sibulele Holweni izan da golegile nagusia.

Suedia. Denboraldi batez Bigarren Mailan lehiatu ondoren, Damallsvenskanera itzuli da Umea talde historikoa.

Ikusleak. Bi marka hautsi dira asteburuan. Alemanian, 1,5 milioi lagunek ikusi zuten Bayern-Hoffenheim partida telebistaz. Ingalaterran, berriz, 1,1 milioi lagunek jarraitu zuten United-City derbia.