Xole ARAMENDI ALKORTA
DONOSTIA

«Bizitza happening» soinu-instalazioa jarri du Maialen Lujanbiok Tabakaleran

Ezusteko gertakari batek eman zion hari matazari hasiera. Beste hari muturrak atera zaizkio sorkuntza prozesuaren bidean aurrera egin ahala Maialen Lujanbiori. Pausuz pausu, hernaniarraren ahotsean, jasoko du haien berri Tabakalerara bisitan doanak. Errealitatearen, errepresentazio artistikoen eta begiradaren arteko harremana ala harreman eza harilkatu ditu sarrera nagusiko eskaileran entzungai dagoen piezan. «Zalantza bera da obra», argitu zuen atzo.

«Tabakaleran, eskailera nagusiaren atzealdean, bi zapatila Nike baztertuta, galtzerdi bana dariela». Modu horretan hasi zen duela urte batzuk Maialen Lujanbiok, ezustean, Donostiako Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroan aurrez aurre bizi izan zuen gertakaria. Eta horrelaxe hasten da toki berean paratu duen idatzia.

Berau irakurriz jasoko du bisitariak hernaniar bertsolari eta sortzaileak eskaileran gora eta behera ibiltzeko luzatu dion gonbita. Lujanbioren ahotsa lagun duela emango ditu eskaileran mailaz maila pausuak bisitariak.

Berezia da kokagunea eta berezia egiten du hark artelana, «ez baita batere ohikoa soinu-instalazio bat bertikala izatea». Hala azpimarratu zuen Oier Etxeberria Tabakalerako Arte Garaikideko arloburuak.

«Kolpatu egin ninduen gertaera hark, ukitu», aitortu zuen Lujanbiok. «Beste pasarte bat izan zitekeen, bizitza errealeko beste edozein», argitu zuen segidan, gertakizuna ez baita atzo aurkeztutako proiektu artistikoaren muina.

Gertakari hura izan zen sua eragin zuen txinparta. Detonantea. Eltzean, su eztian, hainbat gogoeta egosiz joan zen. Errealitatea, errepresentazio artistikoa eta begirada, hiru kontzeptuak ardatz hartuta, haien arteko harremanaz ala harreman ezaz ari da Lujanbio, bozgoran emandako pentsamenduetan.

Bizitza, «happening?»

Zer pentsa eman zion gertatutakoak. «Batetik, ez nuelako inolako erreakzio espliziturik eduki. Nire buru zabaltasun ustezko batetik oso ondo integratu nuelako pasarte hura guztia. Kasik juzgurik egin gabe, begirada aseptiko batekin. Hasiera batean distantzia hori egozten nion zentro kultural artistiko baten markoan ikusi izanari, baina pixka bat areago joanez pentsatu nuen ez dela akaso arte zentroak ematen digun begiradaren moldea, akaso bizitza errealean ere ez ote diegun gure inguruko gauzei molde bertsuan begiratzen. Alegia, ustezko irekitasun nahiko akritiko, distante, hotz batetik ez ote diogun errealitateari ere begiratzen happening edo obra bat balitz bezala», kontatu zuen Lujanbiok.

«Nola begiratzen diogu errealitateari? Ze distantziarekin? Non kokatzen gara gu? Zenbat ukitzen gaitu inguratzen gaituen errealitateak?», izan zen ondoren sortu zitzaion gogoeta. Eta harago joanez, «errealitateari artelan bati bezala begiratzen diodala esaten ari banaiz nola begiratzen diogu arte adierazpenari? Zer esaten digute forma artistikoek, arteak, kulturak? Eragiten digute?», luzatu zuen atzo galdera.

Pasarte hura eta haren osteko gogoeta forma sonoro, forma poetiko bilakatzeko unea iritsi zen. Eta beste hari muturrak harilkatuz, «materia bihurrituz», joan zen Lujanbio.

Egile bezala bai, baina hartzaile bezala ere beste arte jardunetan asko pertzibitzen duen kezka partekatu zuen atzo: «Ze moldaketa artistiko egiten dugu errealitateaz? Nola, ze zilegitasunekin? Ze posiziotan kokatzen gara errealitate horrekiko, batez ere beste norbaiten errealitatea bada? Zenbateko inplikazioa dauka norberak errealitate horrekiko, egile eta artista posizioan jartzen denean?».

Izugarri kezkatzen duen gaia da Lujanbioren esanetan, «oso materia delikatuarekin zerbait sortu nahia eta formen edertze, bihurritze, formen beste zerbait bilakatu nahi hori, artista ororen lana». Ildo horretan, obra beraren autokuestionamendua nabarmendu zuen hernaniarrak. «Bere buruaz, egiten ari denaz beraz eta baita bere espazioaz ere. Alegia, kasu honetan Tabakalera den izaera jakin bateko espazio kultural honetaz», argitu zuen.

Galderak. Hasieran bere buruari eta orain bisitariari egindakoak. «Zalantza bera da obra. Nire azken denboratako pentsamendu eta zalantzen erradiografia sonoroa da obra», adierazi zuen Lujanbiok.

Letrak eta soinuak elkarri eskua emanda datoz “Bizitza happening” lanean. Izan ere, soinuaz gainera Tabakalerako eskaileran bertan idatzizko testu zatiak irakur daitezke instalazioan. Soinulanaren partitura gisa ulertzen dira eta, Scalako gainontzeko proposamen guztietan bezala, espazioan fisikoki aurkeztu. «Heldulekua ematen diote balizko entzule, irakurle edo ibiltariari», azaldu zuen hernaniarrak.

Soinu-instalazioak oinarri dituen Scala proiektuaren hirugarren sorkuntza da Lujanbiorena. Xabier Erkizia soinu ekoizle eta artista izan du bidelagun “Bizitza happening” sortzeko. Hark lagundu dio bere burutazioei forma ematen, proiektuaren alde teknikoa gauzatzen. Piezaren grabazio eta edizioan ere parte hartu du. «Berari esker oso modu azertatuan dago islatuta instalazioa», esan zuen Lujanbiok.

Pieza atzo jarri zen entzungai eta 2022ko otsailaren 27ra arte bisita daiteke.