Maite UBIRIA BEAUMONT
BAIONA

Ohore milaka herritar naziengandik salbatu zituen kontsul errebeldeari

Portugalgo Legebiltzarrak hala erabakita Aristides de Sousa Mendesek «Panteão Nacional» delakoan hartuko du atseden. Kontsul izan zen nazien okupazioaren garaian eta Hendaian eta Baionan banatu zituen pasaporteei esker 30.000 lagunek deportazioa saihestu zuten.

Portugaleko Parlamentuak iaz hartu zuen Aristides de Sousa Mendes kontsul errebeldea “Panteão Nacional” delakoan hilobiratzeko erabakia. Izan ere, pandemia tarteko, aste honetan izan da bere omenez Lisboan antolaturiko zeremonia. Egun berean, Baionako Herriko Etxeak lore eskaintza antolatu zuen, joan zen asteartean, kontsul errebeldearen izena hiriko memorian iltzatzeko asmoz.

1940. urtean naziengandik ihes egin zuten milaka herritar babestu zituela nabarmendu ondoren hartu zuen Portugalgo Parlamentuak Aristides de Souda Mendes herrialdeko panteoi nazionalean hilobiratzeko erabakia. De Sousa Mendes 1954an hil zen, eta, hil ohean zela, honakoa esan zion iloba bati: «Ez dizuet ezer utziko nire izena izan ezik eta jakin ezazue izen hori garbi dagoela».

Giza eskubideen aldeko engaiamendu zehatza bezain arriskutsua hartu zuen orain Portugalek ohoratutako diplomazialariak. Bordeleko hirian kontsul zelarik De Sousa Mendesek milaka herritar babestu zituen Euskal Herrian. Hori dela eta, Baionan eta Hendaian bere memoria betikotzeko oroitarriak badira. Bi hirietan gauzatu zuen pasaporte banaketari esker 30.000 pertsona inguruk deportazioa saihestu zuten. Egindakoa eskertzeko, 1966an, Shoah oroitzeko memorialak Jasidei Umot Ha-Olam izendapena eman zion, judu ez diren «pertsona justuei» Israelek eskaintzen dien aitortza gorena.

Portugalgo diktadura

1939ko azaroan Antonio Oliveira Salazar diktadoreak juduak, aberrigabeak eta oposizioko militanteak Portugalen sartzea debekatzen zuen agindua eman zuen. Arau horri muzin egin zion De Sousa Mendesek. Diktadoreak hori jakin zuenean, bere postutik kendu eta prozesua ireki zion.

53 urte zituela izendatu zuten kontsul Bordelen Aristides de Sousa Mendes. Bertatik bertara bizi izan zuen 1940ko gerraren aldarrikapena eta hautua egin zuen: eskura zituen tresna guztiekin jardun zuen nazismoak jazarritako herritarren alde. Bisak emateko erabaki irmoa hartu zuen De Sousa Mendesek, baita Portugalen agintzen zuen diktadurak bere aurkako prozedura abian eman ondoren ere.

“Panteão Nacional” delakoan hilobiratzeko ekimenaren harira, 1940ko ekainaren 20tik 22ra bitartean atsedenik hartu gabe Baionako Pilori karrikako 8. zenbakiaren aitzinean, zehazki Portugalgo kontsulordearen egoitzaren atarian, mahai bat eta aulki bat ezarri eta pasaporteak zigilatzeko prozedura azkarra abian eman zuela De Sousa Mendesek oroitarazi zuen Baionako Herriko Etxeak. Horren ondotik, Hendaiako bidean, muga aldean gurutzatu zituen errefuxiatu andanari dokumentazioa banatu zion kontsul errebeldeak.

Lapurdiko hiriburuko Udalak urriaren 19an bere omenez eginiko ekimenean goraipatu zuenez, bederatzi egun eskaseko epean 30.000 pertsona, horietarik 10.000 judu, salbatu zituen Oliveira Salazar diktadorearen jazarpena jaso zuen kontsulak. Egun horretan bertan egin zuten Portugaleko hiriburuan Bordelen kontsul izandakoa “Panteão Nacional” delakoan sartzeko zeremonia.