Aitor AGIRREZABAL
IRUÑEA

Errigoraren kanpaina abian, auzolan erraldoian

Nafarroa hegoalde eta erdialdeko produktuz osatutako hiru saski eskainiko dira eta horien balioaren %25 eremuko euskalgintzari bideratuko zaio. Ablitasen eman zioten hasiera, auzolan erraldoi batekin, eta azaroaren 11 bitarte eskatu ahal izango dira kutxak. Hala ere, urte osoan zehar hamaika ekimen eginen dituzte «Agerraldia» kanpainaren baitan, Nafarroa hego eta erdialdeko 50 herri baino gehiagotan, jendartea euskararen inguruan saretzeko asmoz.

Kanpaina berria abiatu du Errigorak, “Herriak egiten du herria”. Eta ez nolanahi. Euskal Herriko txoko askotako jendea batuta, auzolan erraldoia antolatu zuen goizean Ablitasen, eta gaurtik hasita azaroaren 11ra arte eska daitezkeen 4.000 kutxa osatu zituzten. Nafarroa hegoalde eta erdialdeko produktuz osatutako hiru saski eskainiko dira, 55, 65 eta 75 euroko prezioan, hurrenez hurren, eta horien balioaren %25 eskualdeko euskalgintzari bideratuko zaio.

Izan ere, hori da aurtengo kanpainaren mezua. «Errigoraren ibilbide laburra herrigintza ariketa ederra izan da; herriak herriari eginiko ekarpen xume bezain inspiratzailea. 2013tik 1,4 milioi euro baino gehiago bideratu ditugu Nafarroa hegoaldean eta erdialdean euskaldunak sortzeko herritik jaiotako egitasmoak sostengatzera». Bide horretan, elikadura burujabetza ere bada oinarri.

Eta auzolanaren balio hori nabarmendu nahi izan zuten ekimenaren bultzatzaileek atzoko egunean. «Herritarrak kontsumitzaile edo erabiltzaile huts bihurtu diren garaiotan, auzolanaren balioa eta baliagarritasuna frogatu dugu».

Jendea bildu

Nafarroa hegoalde eta erdialdeko —alegia, erromatarrek Ager Vasconum deitutako eremu hori— produktuz osatutako hiru saski eskainiko dira eta horien balioaren %25 eremuko euskalgintzari bideratuko zaio. 25 ekoizlek hartu dute parte. Eskariak Errigoraren webgunearen bidez edo kanpainako eskuorriak dakarren inprimakia betez ere egin daitezke, herriz herri eta auzoz auzo kanpaina egiten duten ehunka boluntarioren bidez.

Kanpaina hau Ikastolen Elkartearekin, AEKrekin eta Sortzenekin elkarlanean egiten du Errigorak eta kanpainak uzten duen diru ekarpenaren zati handiena Nafarroa hegoaldeko ikastolei, AEK-ren euskaltegiei eta zonaldean sare publikoan D eredua indartzeko Sortzenen dinamikei bideratuko zaie.

«Azken urte eta erdian izan ditugun neurri murriztaileak atzean geratzen ari direla dirudien honetan, apustu berezia egin dugu ekimenen bidez jendea bildu eta, berriz ere herri-lana irudikatzeaz gain». Eta, bide horretan, beste ekimen andana ere sustatuko da. «Euskararen aldeko askotariko herritarrak saretu eta, proiektu komun baten baitan bilduta, euskararen ezagutza bultzatzeko, erabilera sustatzeko eta euskararekiko jarrera baikorrak birsortzeko ekintza praktikoak bultzatzea du xede Agerraldiak». Agenda zabal bat osatu dute horretarako: gaur bertan Tuteran 3.000 lagunentzako antolatu dituzten kontzertuetatik abiatuta, azaroaren 8an Ene Kantakekin batera Tafallan duten hitzordua, bertan aurkeztuko dituzten 20 ludoteka inguru, 12 ekoizle-etxeetan euskara plana sustatu, hainbat euskara egun eta ultra lasterketa bat, baita Nafarroako Parlamentura ekimen horiek guztiak eramatea ere. Guztira Ager eremuko 50 herritik gora izango dira datozen hilabeteetan ekimenen bat edo beste antolatuko dutenak.

Era berean, aurreko urtean martxan jarritako ekimenak ere hedatu egingo dira, kale izendapenak euskaratzearena kasu. Viana izan zen lehena eta ikasturte berri honetan San Martin Unx, Uxue, Mendabia, Lodosa eta Sartaguda batuko dira.

Ikastolak eta AEK ere ekimen bana antolatzen ari dira, haien komunitateetan eragin asmoz. Oiartzualdeko ikastoletan azaroaren 2an langile eta gurasoak batu nahi dituzte, lehen eskutik Lodosako eta Tuterako ikastolen bizipenak ezagut ditzaten. Era berean, AEK-k Gipuzkoako eta Erriberako ikasleen arteko topaketa egin asmo du, azaroaren 6an Allon, Errigorako kide den Biosasun olio-errotan. Eta Sortzenek Iruñeko eta Caparrosoko D ereduko hainbat familia batuko ditu azaroaren 7an, Caparroson. Izan ere, Ager eremutik haratago, Euskal Herriko hamaika txokotako beste 30 bat eragilek ere hartuko dute parte euskal hizkuntzari eman nahi zaion bultzada berri honetan.

2022ko irailean, era berean, topaketa batzuk antolatuko dituzte, «jendea elkartu, animatu eta zonalde ikuspegitik euskararen normalizazioa» bultzatze aldera.