Gorka Ovejero Ganboa
Tartalaria (Mugitu mugimenduaren izenean)
KOLABORAZIOA

Klase politikoak lehengo lepotik burua

Orain hamar urte, Okzitaniako Tolosan, gobernatzen gaituen klase politikoari bere jarduera elitista oker eta ankerra aurpegiratu genion, Yolanda Barcina, orduko Nafarroako Foru Erkidegoko lehendakariaren figuraren gainean.

Hamar urte igaro ondoren, burua lehengo lepotik dute gure lurraldea gobernatzen duten politikariek, tartean krisi ekonomiko lazgarri bat, pandemia global bat eta larrialdi klimatikoa zena zibilizazio larrialdi bilakatu den arren.

Sinestezina bada ere, ezer gertatu ez balitz bezala jarraitzen dute, alferrikako proiektu eta azpiegitura xahutzaileak sustatzen eta jendeari errealitatearen larritasuna ezkutatuz. Ferietako hitzontzien gisan, unean uneko hitz gakoak, borobilak, dotoreak erabiltzen dituzte, egia ezabatuz. Ibarretxe lehendakariaren garaian modan jarri zen «iraunkor» edo «jasangarri» hitza erabiltzen dute oraindik ere barra-barra. Gaur egun, elite ekonomikoen mesedetan diren proiektu eta azpiegitura guztiak omen dira berriztagarri, iraunkor, garbi, berde, ekologiko, despopulazioaren aurkako edo klima aldaketari aurre egiteko modukoak. Berdin dio Urkullu, Txibite edo Sanchez den. Berdin dio AHTaren «euskal Y»-a edo nafar korridorea den, superportuak edo superSur-ak.

AHTk bidaiariak eta merkantziak eramanen dituela esanen digute, gezurti halakoek! Proiektuok despopulazioari aurre egiteko onuragarriak direla botako dute, aurpegi gogortuan keinu ziztrin bat bera egin gabe, denok jakin badakigun arren AHTa hiri handietan baizik ez dela geldituko, herriak baztertuz, despopulazioa handituz eta betiko tren zaharkitua deuseztatuz.

Elite batentzat agintzen dute eta elite horretako partaide izan nahi dute, behin politika utzita urrezko jubilazio bat jasoz, non eta urteetan, multinazional horiendako lege mesedegarriak onartuz eta diru publikoak proiektu faraoniko eta alferrikakoetan xahutuz, lagundu dituzten horietan. Gora gu politikariok eta ate birakariak!

Nola uler daiteke bestela, inoizko pandemia handienaren ondoren, eta «pertsonak aurrena!» lelo entzutetsuaren ostean, EAJ-k europar diru funtsak Petronor-Respsol eta AHTarendako bideratzeko asmoa agertu izana edota Txibitek eta Sanchezek Nafarroari egokituko zaizkion diru kopuruak AHTaren nafar korridorearendako bideratu nahi izatea.

Sistema kapitalista globalak bere mugak, gabeziak eta krisi ziklikoak geroz eta nabariago erakusten dizkigun unean, zibilizazio larrialdi batean murgildurik gauden momentuan, betiko lez jarraitzea, onartezina izateaz gain, kriminala da.

Tamalez, agintari politiko profesionalek burua lehengo lepotik izaten jarraitzen dute. Eta guk arrapostu: «Bada, baita guk ere».