Fatima de Miguel, Garoa Irurzun, Itziar Garcia*
KOLABORAZIOA

Iruñeko Erraldoi eta Kilikien Konpartsak betaurreko moreak jarri behar ditu

Ekainean, Iruñeko Erraldoi eta Kilikien Konpartsaren barruan eztabaida bultzatzeko itxaropenarekin, konpartsarekin kontaktuan jarri ginen bere inguruan egindako hausnarketaren berri emateko. Haien erantzuna eskatzen genuen, baina ez dugu ezer jaso; beraz, prozesu hori ireki duten ala ez jakin nahi genuke.

Jakina da Erraldoi eta Kilikien Konpartsak Iruñeko haurren artean duen arrakasta. Eskolan, ikasleen arteko jolas eta elkarrizketetan guztiz presente daude, egunero ikusten ditugu ikasleak erraldoiekin edo erraldoiak izango balira bezala jolasean.

Hasierako etapetan jolas sinbolikoan agertzen dira, eta urteak aurrera doazen heinean ikasle askok benetako konpartsetako kide izateko interesa izaten jarraitzen dute (dantzatuz edo musika tresnak joz). Horrek guztiak, Iruñeko konpartsak transmititzen dituen balioak eskolan transmititu nahi ditugunak diren galdetzera eraman gaitu. Izan ere, hemen hezkidetza, aniztasuna eta inklusioa bezalako balioak lantzen saiatzen gara egunerokoan, eta ez dugu uste erraldoiek eta kilikiek hori islatzen dutenik.

Zehaztearren, alde batetik, Iruñeko konpartsako desfileetan gizonezko erraldoiak joaten dira beti lehenengo eta emakumezkoak ondoren; lehenengo zuriak eta azkenak beltzak. Horrek, genero berdintasunik eza eta supremazismo zuria adierazten du.

Bestetik, beti neska eta mutila dira bikotea, heteropatriarkatuak agintzen duen bezala. Buruhandi eta kilikien artean ere nesken papera murritza da. Buruhandien taldean, bi emakume besterik ez dago; gizon baten bikotekidea edo amona dira. Alkatea eta zinegotzia gizonezkoak dira; agintariak, hain zuzen ere. Emakumezko kilikirik ez dago. Gaur egun, konpartsaren antolamenduak beste garai bateko gizartea islatzen du eta gure gizartean gainditu behar ditugun diskriminazioak ere agerian uzten dira. Hortaz, konpartsa parekideagoa izatea gustatuko litzaiguke.

Besteak beste, hauek dira gure iradokizunetako batzuk: erraldoietan bikoteak anitzagoak izan litezke, bi neska edo bi mutil, baita arraza desberdinetakoak ere.

Pertsonaia esanguratsuak izatea aberasgarria izango litzateke. Zergatik ez jarri, adibidez, sorgin sendagilea, Remigia Etxarren (Mademoiselle Agostini) edo Emiliana Zubeldia bezalako emakumeak? Gazteleraz konpartsak duen izena parekideagoa izatea ere gustatuko litzaiguke.

Laburbilduz, ikusita gure haurrentzako zeinen garrantzitsua den konpartsa, tresna paregabea izan liteke beste balio mota batzuk lantzeko, eskolan lantzen denarekin bat eginez. Alegia, honen bidez aniztasuna ikastea ez legoke gaizki (genero, sexu aniztasuna eta abar); bestela, eskolan jolas horiek onartuz eta sustatuz kontrakoa erakusten ari baikara.

Idazki honen bidez zuen hausnarketa bultzatu nahi dugu, gure ardura baita umeentzako erreferente egokiak izatea. Tradizioa ez dadila aitzakia izan gauzak ez hobetzeko. Gizartearen garapenarekin bat egin behar dugu.

San Saturnino eguna laster iritsiko da; ateratzen bazarete, aldaketaren bat ikusteko aukera izango dugu?

*Artikulu hau Patxi Larrainzar ikastetxeko irakasle hauek sinatu dute: Fatima de Miguel, Garoa Irurzun, Itziar Garcia, Miren Rico, Aitziber Jauregi, Nerea Domeño, Izaskun Garate, Esperanza Burusko, Ion Zeberio, Sara Gorriti, Marisol Azanza, Olatz Etxeberria, Olatz Pezonaga, Ainhoa Garaikoetxea, Mari Jose Ruiz de Azua eta Edurne Velez de Mendizabal.