GARA
IRUÑEA

«Hostoak», espetxeetako militanteak informatzeko Sorturen aldizkaria

Espetxeetan dauden militanteek informazio jasotzeko helburuarekin «Hostoak» aldizkaria argitaratzeari ekin dio Sortuk. Alderdiaren jarduerari buruzko informazioa eta euskal egoera politikoari buruzko analisiak jasoko dituzte aldizkariaren orrialdeetan. Arreta berezia eskainiko diete preso politikoei gertutik eragiten dieten gaiei, hala nola, espetxeetako berriei, epaitegietako albisteei edota presoen alde kalean egiten diren ekimenei.

“Hostoak” aldizkari berriaren bidez, bere jardun politikoari buruzko informazioa helaraziko die Sortuk espetxeetan diren militante errepresaliatuei. “Hostoak”-ek, azken batean, erraztu egingo die espetxeratuei Sorturen jardunari eta euskal egoera politikoari buruzko informazio osatua eskuratzea, ohiko kanaletatik ez baitute jasotzen, alderdiak ohar bidez azaldu duenez.

Modu horretan, eztabaidagai diren hainbat gairen inguruko informazioa eskuratuko dute. Errepresaliatuei zuzendua dagoenez, “Hostoak”-ek arreta berezia eskaintzen die preso politikoei gertutik eragiten dieten gaiei, hala nola, espetxeetako berriei, epaitegietako albisteei edota presoen alde kalean egiten diren ekimenei.

Aldizkariaren lehendabiziko zenbakiak Aieteko Konferentziaren hamargarren urteurrenak emandakoaren errepaso sakona egiten du. Ziklo politiko berria irekitzeko abiapuntu izan zen hitzorduaren errepaso historikoa egiteaz gain, urriaren 14tik 16ra Donostian eta Baionan izandako nazioarteko jardunaldiek utzitakoa aztertzen du. Horrekin batera, Anita Lopepek eta Maddalen Iriartek EH Bai eta EH Bilduren izenean egindako irakurketa jaso du.

Horrez gain, Arnaldo Otegi eta Arkaitz Rodriguezek urriaren 18an plazaratutako adierazpena osorik irakur daiteke, baita Sorturen “Etorkizuna dugu irabazteko. Herriarentzat herriarekin” adierazpena ere, urriaren 20an Donostiako Paseo Berrian plazaratu zena ezker abertzaleko ehun militanteren eskutik.