GARA
Donostia

Txara I egoitzan ez dela arau hausterik egon uste du Aldundiak

Gipuzkoako Aldundiak ohar batean atzo jakinarazi zuenez, foru erakundeko Ikuskaritza Atalak itxi egin du OIV-0098-2021-II zenbakidun ikuskapen-txostena, joan den irailaren 1ean Txara I-IV Moduluan egindako ikuskapen-bisitaren ondorioz burututako jardueren eta hartutako neurrien jarraipena jasotzen duena, «araubidearen urraketarik egon ez dela» iritzita.

Aldundiak azaldu zuenez, «ohiko prozedurei jarraituz», zaharren egoitza horretako langile batzordeko ordezkariek eta ELA sindikatuak plazaratutako salaketaren berri jaso ondoren, Ikuskaritzako profesionalak zentrora bertaratu ziren eta ikuskatze lanari ekin zioten. Eta, gaineratu zuenez, txosten horretan ondorioztatzen da, «zentroak bidalitako dokumentazioa aztertu ondoren», ez dela «urratzerik egon aplikagarria den araubidean», Ikuskaritzak eskatutako dokumentazio guztia oinarri hartuta.

Gipuzkoako Aldundiak zehapen-prestaketa espediente bat ireki zuen aurretiazko txostenaren edukia ezagutu ondoren, eta espedientea itxi du.