GARA
BILBO

Bilboko metrotik erretiratuko dute minbizi sortzailea den produktu bat

Metro Bilbaok silize kristalinozko harea erabiltzeari utziko dio, epaitegiek hala aginduta. Larrialdietarako balaztatzeetan erabiltzen zuen produktua minbizi sortzailea da.

Silize kristalinozko harea erabiltzeari utziko dio Metro Bilbao enpresak, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak epai batean hala aginduta. ELAk aurkeztutako salaketa baten ondorio da ebazpena. Salaketan, metroko langileak eta erabiltzaileak produktu kartzinogeno honekin urte luzetan kontaktuan egon direla adierazten zuen sindikatuak. Metroan larrialdietako balaztatzeetan eta antzeko egoeretan sarri erabili izan duten produktua dela nabarmendu du ELAk.

«Epaia aitzindaria da, estreinako aldia baita epaitegi batek esaten duena produktu horrekin kontaktuan egotea kaltegarria dela pertsonen osasunarentzat», argitu du sindikatuak prentsa oharrean. Eta hori, langileen eta erabiltzaileen kasuan, urte askoan gertatu dela gogorarazi du.

Izan ere, urte luzeetako salaketa izan da ELAren hau, Osalanen, Lan Ikuskaritzaren eta Metro Bilbaoren beraren aurrean egindakoa. Enpresak, baina, denbora honetan guztian entzungor egin eta silize kristalinozko harea erabiltzen jarraitu du, sindikatu abertzalearen esanetan.

Ondorioak aztertuko ditu

Azkenean epaitegietatik etorri zaio arrazoia ematen dion ebazpena eta, horrenbestez, Metro Bilbaok produktua erabiltzeari utzi beharko dio.

Hemendik aurrera, prentsari igorritako adierazpenean gaineratu duenez, ELAk sustantzia hau erabat albora dadin egingo du lan, prebentzioari dagokionez indarrean dagoen legeriak dioenari jarraiki. Baina ez hori bakarrik: «Silize kristalinozko harearekin nolabait kontaktuan egon diren Metro Bilbaoko langileen osasunari dagokionez epaiak dituen ondorioak» aztertu eta baloratuko dituela azaldu zuen sindikatuak.