Inazio Murua
ZORROZTARRIA

Baldin, eta soilik baldin

Ni ere mozkortzen nintzen ardoa edanda, eta edan gabe, gorteatzean edo mezatara bidean, lotsatzen; pipa erreta, berriz, ez naiz akordatzen. Kontua da gaztetako ezin bizi hura areagotu baino ez zaidala egin urteen joanean.

Pandemian, osasun langileentzako txaloak ez ezik, miseriak ere ikusita gaude, hala nola supermerkatu hustuak eta abar. Ulergarriak edo. Baina nire ezinegona ez dute «ezjakinek» eta «miserableek» eragin, baizik eta «jakintsuek», boteretsuek, azkenaldion areagotu.

Mikel Zubimendik duela bizpahiru aste Glasgowko COP26 gailurraren analisia argitaratu zuen GAUR8n eta hauxe atera zuen bileraren ondorio: ez dago kausa komunik.

Kontziente ziren denak mundua hondamenditik salbatzeko bilera premia bizikoa, erabakigarria zela. Ez diot nik, beraiek baizik. Denek zioten zerbait egin beharra dagoela, besteak beste, karbonoa murrizteko eta ezabatzeko. Hala ere, proposamen garrantzitsuenak, ikerketa ugariren ondorio larrietan funtsatuak, aldatu egin zituzten; eragin gabe utzi, alegia. Denak zeuden ados... baldin eta beren erregai fosilarekin nahiz gai kaltegarriarekin negoziorako tartea baldin bazuten, edo garapen bidean dauden herrialdeei laguntzeko dirurik jarri behar ez bazuten.

Orain, gaindituta zegoela ematen zuen pandemiaren hamaikagarren olatu betean, argi samar dirudi txertoak oso eragin positiboa izan duela haren bilakaeran. Ahalmena duten herrialdeek eskuratu zituzten lehenak... eta azkenak. Baina ez da nahikoa izan, ezta herrialde horientzat ere, jakina. «Ahaztu» egin zaie mundu mailako halako arazo larri batek mundu mailako konponbidea behar duela.

Ez dago denon kausarik. Edo bai, baldin, eta soilik baldin, norberaren interesen aldeko kausa bada, norberaren interesak denen interesen aurkakoak direla jakinda ere.