Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Testuinguruaren garrantzia

Gabonetako egun arraroen eragin lausoa gainetik guztiz kendu ez eta oraindik kosta egiten zait egunkariko albisteak behar bezala segitzea. Gainbegirada arina goizean egin, kafea lagun, papera aurrera eta atzera ilustratu nahian, eta... kosta bai, kosta letra txikian murgiltzea. Baina tira! Bilbo erdiko plaza batean etxegabeko emakumezko baten gorputza aurkitu dute gorpu; holaxe irakurria. Berriak ez zioena da plaza inguruko denda handietan «beherapenak» hasiak ziren unean gertatua dela. Testuinguruaren garrantzia!

Urumeako ibai hondoan beherapenetan baino aukera gehiago dela dut irakurria ere; denetariko trasteen anabasa. Berriak ez zioena da horko atrapario asko birziklagarriak zirela, nahiz eta garrantzitsuena birziklatua izatea izan, birziklagarria baino. Harrapa ezak/n ekonomia zirkularra! Testuinguruaren garrantzia! Frantziako presidenteak bere agintepeko txertatu gabeak izorratzea hartu ei du estrategia, ondo gainbegiratu badut behintzat; nuklearraren zaleak izorratuko balitu sikiera! Amen!

Txertoena esan dudala, nazkatuta nago pandemia inguruko albisteen anabasarekin, benetan. Hori da, gehienbat, goizean egunkarira hurreratzea zailtzen didana. Ez, ez da birusa, berak berea egiten du, ezartzen diren neurrien nahaste-borrastea da arazoa... Begira, lehengoan Bilbon «agerraldia» izan zela ikusi eta... birusa? Eskerrak esaldi osoa irakurri nuen! Osasuneko sindikatuen agerraldia zen, mobilizaziora deituz... Arreta Murgoitio, lehen arreta demontre!

Total, neurrietan zentzuzko ikusten ditudanen artean arrisku jendearentzako «oroitzapen» dosiarena da. Klase politiko ofizialaz nago, Ajuriaeneko maizterraz zehatzago. Ia oroitzen duen 2015erako zuela iragarria estatus berriaren herri-galdeketa! Testuak ingurua behar du eta inguruak testua! Eta etxeek presoak kalean aske!