GARA
iruñea

Eskubideen bermea eta zaintza du helburu EH Bilduk udaletan

Herritar guztien oinarrizko eskubideak bermatzea, bizi kalitatea hobetzea eta zerbitzu publikoak indartzea; konpromiso hori du udaletan EH Bilduk eta, horrekin batera, «komunitate senak» sostengatuko dituen herri eta hiri «kapazitanteak» sortzea. Hala agertu zuten koalizioko hainbat alkatek Iruñeko lehenengo Konferentzia Munizipalistan.

«Atzean inor ez uzteko eta herritar ororen oinarrizko eskubideak bermatzeko balorea» da EH Bilduk udaletan duen jardueraren ezaugarri nagusia, atzo Iruñean egin zuen Konferentzia Munizipalistan Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak nabarmendu zuenez.

Alkortak esan zuenez, «herritarrek eskertu eta saritu egiten dute» koalizioak udaletan erakusten duen «gertutasuna» eta, beraz, «gehiago izango gara laster!», baieztatu zuen. EH Bilduko alkateek «herritarrekin batera» gobernatzen dutela agertu zuen, eta hori dela besteengandik bereizten dituena. Gares, Durango, Errenteria eta Galdakao aipatu zituen gobernantza eredu egokien adibide gisara.

Intxaurrondoa

Iñigo Hernando Galdakaoko alkateak eta Izaro Elorzak, Oñatikoak, irakurri zuten mugimendu munizipalistaren manifestu fundazionala. Berretsi zuten EH Bildu herri eta hiriak «ingurune kapazitanteak» bihurtzeko ahaleginean ari dela, «ingurune bizigarriak» sortzen saiatzen, «pertsona guztientzako bizimodu duinak bermatzeko helburuarekin».

Intxaurrondoarekin egin zuten analogia: «Intxaurra da ingurune kapazitantea». Hala, mamia, zaindu behar den hori, «oinarrizko eskubideek eta zaurgarrienak diren pertsonek eta kolektiboek» osatuko lukete.

Oskol zaintzailea, berriz, «komunitate sena» litzateke: «Herri edo hiri bat ehun delikatu bat da, sare indartsu bihurtzen dena bertan bizi direnak euren inguruan gertatzen denarekin konprometitzen direnean».

Eta, azkenik eraiki behar dena azala dela esan zuten, «testuingurua» edo, bestela esanda, «hiriaren antolamendua».