Haritz LARRAÑAGA
SURFA

Janire Gonzalez-Etxabarri eta Endika Garai, Euskadiko txapeldun

Joan den asteburuan Sopelan egindako Olaian zirkuituko bigarren proba irabaztearekin batera, Euskadiko txapela ere eskuratu zuten Janire Gonzalez-Etxabarri zumaiarrak eta Endika Garai sopelarrak. Beteranoen txapela Borja del Sazek irabazi zuen.

Euskal Herriko Surf Federazioak antolatzen duen Olaian surf zirkuituko bigarren proba burutu zen joan den asteburuan Sopelako Arrietara hondartzan. Mutilen kategoria irekian Endika Garai bizkaitarra izan zen irabazlea eta neskenean, Janire Gonzalez-Etxabarri gipuzkoarra. Txapelketa irabaztearekin batera, aurtengo Euskadiko txapeldun titulua ere eskuratu zuten bi irabazleek. Beteranoen kategorian Borja del Saz bizkaitarra nagusi zen.

Eguraldiak ez zuen lagundu eta olatuak narrasak izan ziren, baina txapelketa bat egin ahal izateko gutxieneko baldintzak betetzen ziren eta zailtasun guztiei aurre eginez, lehiakideek zein antolatzaileek arrakastaz bete zituzten helburuak. Guztira, 44 mutil eta 17 neskek parte hartu zuten kategoria irekian eta maila orokorra altua izan zen.

Datozen asteetan EHSFk kategoria eta modalitate desberdinetan antolaturiko txapelketa andana izango da. Lehena datorren asteburuan izango da, Mendexako Karraspio hondartzan, eta bertan 18 urtetik beherako surflariak lehiatuko dira. Horren ostean, bodyboad modalitateko bi txapelketa izango dira azaroan: bata, Zumaian eta bestea, Getxoko Ereaga hondartzan.

Olaian zirkuitua

Hiru txapelketek osatzen dute aurtengo Olaian zirkuitua eta Sopelakoa itzuliko bigarrena izan zen. Janire Gonzalez-Etxabarri zumaiarra gailendu zen nesken kategoria irekian, eta Endika Garai sopelarra mutilenean. Irabazleez gain, emaitza onak eskuratu zituzten beste lehiakideen artean ere surflari oso gazteak zeuden; beraz, etorkizunerako harrobia ereiten ari dela agerian geratu zen Sopelan.

Carmen Garayk eskuratu zuen, nesken kategorian, bigarren postua. Hirugarren Saioa Ortega geratu zen eta laugarren, Silke Martinez. Mutilen kategorian, Iker Trigeros bigarren, Iker Amatriain hirugarren eta Peru Zuñiga laugarren geratu ziren.

Nesken zein mutilen txapelketak egun eta leku berean egiten dira Olaian zirkuituan eta sariak ere berberak dira batzuentzat zein besteentzat; hau da, irabazleak 1.000 puntu irabazten ditu eta 500 euroko diru saria jasotzen du. Bigarren postuan geratzen direnek, bestalde, 860 puntu jasotzen dituzte eta 350 euroko diru saria irabazten dute. Guztira, 3.000 euro banatzen dira sarietan lehen postuetako lehiakideen artean txapelketa bakoitzean.

Open zirkuituko lehen txapelketa Donostian egin zen maiatzean eta Bitor Garitaonandia debarra eta Saioa Ortega sopelarra izan ziren irabazleak. Beraz haiek jarri ziren Olaian zirkuituko rankingeko buru hasieran. Baina Sopelako txapelketaren ostean, rankinga goitik behera aldatu da.

Sopelako txapelketak bazuen beste berezitasun bat. Izan ere, Olaian zirkuituko bigarren proba izateaz gain, irabazleek 2022ko Euskadiko txapeldun titulua ere eskuratu zuten open kategorian.

Orain txapelketa bakarra falta da Olaian zirkuitua amaitzeko; abenduan Mundakan egingo dena. Mutilen kategorian rankingeko lehen 14 lehiakideak izango dira Mundakan eta nesken kategorian rankingeko lehen 6 lehiakideak lehiatuko dira aurtengo Olaian zirkuituko txapela eskuratzeko. Gainera, azken probak balio bikoitza izango du. Beraz, Sopelako txapelketa garrantzitsua zen Mundakarako sailkapena eskuratzeko.

Beteranoak

Euskal Herriko Surf Federazioak kategoria eta modalitate desberdinetako zirkuitu eta txapelketak antolatzen ditu eta horien artean dago beteranoen kategoria. Txapelketa bakar batean erabakitzen da 40 urtetik gorakoen txapela eta aurten Borja del Saz bizkaitarra izan da irabazlea.

Surflarien artean batez besteko adinak gora egin du azken urteetan eta ondorioz beteranoen mailak ere gora egin du. Horregatik, gero eta ikusmin handiagoa sortzen du kategoria honetako txapelketak. Aitzitik, oraindik ere bada hutsune handi bat, nesken kategorian ez baita behar adina surflari biltzen beteranoen txapela jokatzeko.

Finalean izan ziren surflariek indar handia egin behar izan zuten indar handirik ez zuten olatuei etekin apur bat ateratzeko, baina forma onean daudela agerian utzi zuten lau lehiakideek. Esan bezala, Borja del Saz nagusitu zen; bigarren postua “El tigre de Gros” deitzen duten Iñigo Iraola surflari ezagunarentzat izan zen; hirugarren postuan Ricardo Herrera geratu zen eta laugarren postua Unax Aizpurua zumaiarrarentzat izan zen.