GARA
GASTEIZ
40 URTEKO IBILBIDEAREN AMAIERA

Mendizabalen esango du betirako agur Hertzainak-ek urtarrilaren 6an

Hertzainak taldeak atzo iragarri zuen Gasteizko kontzertuaren data: urtarrilak 6. Egun horretan Mendizabala auzoan jarriko duten karpa klimatizatua zalez gainezka jarriko da. Abenduaren 16an BECen duten hitzorduaren ostean etorriko da Gasteizkoa. Lagun giroko emanaldia izango da, oso berezia, “Azkena gure alde” biraren bukaerarekin bat egingo baitu taldekideen azken agurrak.

Gari, Urtaran eta Txanpi egon ziren atzo hedabideen aurrean eginiko agerraldian.
Gari, Urtaran eta Txanpi egon ziren atzo hedabideen aurrean eginiko agerraldian. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Euskal musikaren historian izena hizki larriz idatzi duen taldea sortu zenetik 40 urte joan direnean, eszenatokiak betirako uztea erabaki dute taldekideek.

19.00etan irekiko dira ateak eta ordubete geroago okasiorako gonbidatu dituzten lagunak igoko dira agertokira. Peru Abarrategi, Manex Agirre, Paula Amilburu, Xabier Amuriza, Juantxo Arakama, Jon Basaguren Dupla, Iñigo Etxezarreta, Xabi Igoa, Joseba Irazoki, Miren Narbaiza, Ruper Ordorika eta Oihane Perearen parte hartzea iragarri dute gaur. Eta 22.00etan hasiko da Hertzainak Taldea jotzen.

2019ko Euskaldunako eta Kafe Antzokiko kontzertuek sortutako emozioak zale gehiagorekin partekatzeko gogoa utzi zien. «Izurriak eten zuen gogo bizi bat erne zitzaigun kontzertu haien ondorioz: Bilbon bizitakoak Gasteizen ere bizitzea lortu behar genuke. Bertan hasi zen dena eta bertan bukatzea zor diogu. Egin dezagun ‘azkena gure alde’, sortzen ikusi gintuen hirian. Horrenbeste merezi dugu». Pentsatu eta egin.

Txanpi ere agertokian

2019ko kontzertuekiko bada alderik. Batetik, Luis Javier Saiz ‘Txanpi’-k, hasieratik taldearen bateria-jotzailea izan zenak, parte hartuko du kontzertuotan. Bestetik, 2019ko kontzertuak nostalgia gabe, inolako penarik gabe, poz handiarekin eta bizitzarekiko maitasun sakonarekin eskaini bazituzten, mundua astindu zuen pandemia baten ostean eta mundu mailako gerra-hotsen artean, bizitzarekiko are maitasun handiagoz eskainiko dituzte Hertzainak-en kantak. Hala nabarmendu dute.

«Gaur egungoengandik ezberdin baina oso antzeko» ikusten ditu Hertzainak taldeak lehen pausoak eman zituen garaiak. Urte oso gatazkatsuak ziren. Espainolez kantatzeko hautua egin zuten RRV legez ezagutzen den etiketa osatu zuten talde gehienek. Hertzainakek, ez. Gasteiz oso erdaldun batean, punkak izateko ezinbestean euskaraz kantatu beharra ikusi zuten, hein handi batean, lagunek eta inguruko erdaldunek behartuta. Euskaldunentzat zein erdaldun askorentzat erreferente bihurtu zituen hautu horrek, eta Hertzainaken kantagintzaren arrastoa, eragina edota zantzuak 2022an kantagintzan euskaraz ari diren talde batean baino gehiagotan nabari daitezke. Bai hizkuntzaren hautuari dagokionez, bai hautu estetikoari dagokionez, bai jarrerari dagokionez.

Katebegia

Punk jarrerak aurrekoaren eta ordukoaren kontra egitera bultzatu zituen. Sistema ororen aurka. Eta, era berean, nahi gabe, katebegi bihurtu ziren, aurrez euskaraz kantatzea hautatu zutenen eta gaur egun euskaraz kantatzea hautatu dutenen artekoa. Oroitzapenen berpizte kolektiboa izango dira Hertzainaken emanaldiak. «Orduko porroten eta gaurko lorpenen balantza bat. Orduko lorpenen eta gaurko porroten gorazarre bat. Izan ere, 2019ko Euskaldunako eta Kafe Antzokiko kontzertuak bizi izan zituztenek sentitu zuten kanta askok, 40 urte beranduago, zeresana dutela, kanta haiek gaur ere badirela, korapilo askok askatu gabe dirautelako, arazo asko konpontzeke ditugulako eta gaur garen orduko haiek jakitun garelako», beraien esanetan.

«Aspaldion askoren ahotan dagoenarekin bat eginez, transmititu dezagun euskarazko kantagintzaren historia eta oraina, biharkoek euskaraz kantatzeko hautua egin dezaten, euskarazko kantagintzak luzaroan bila dezan bere bidea», egin dute gonbita.

Sarrerak azaroaren 30ean jarriko dira salgai 10.00etatik aurrera www.hertzainak.eus webgunean.