Aitziber Pz. KARKAMO
Kazetaria
AZKEN PUNTUA

Paperaren espekulazioa

Iruñeko nobela beltzaren asteak Agatha txikiaren istorioa ekarri dit gogora. Irakurzaletasuna ezegokitzat jotzen zuen familian jaio arren, goiz hasi zen neskatoa letrekin jolasean. Bi bekatu aldi berean, irakurtzen hastea eta idazle bihurtzeko bideari ekitea. 1926. urtean Londresen desagertu zen Agatha. Autoan bere berokia topatu zuten eta istripua edo suizidioa izan ziren hipotesi nagusiak. Poliziaren pazientzia agortzeraino zabaldu ziren espekulazioak, hamaikagarren egunean Agatha era misteriotsuan agertu zen arte. Espekulazioak ez ziren eten eta poliziek ezin izan zuten gainetik kendu emakume hura eurekin jolasten ibili zen sentsazioa. Handik gutxira, Christie abizena eman zion senarrarengandik dibortziatu zen Agatha eta misteriozko idazle ospetsua bilakatu zen askatasun osoz. Beste bi bekatu, gutxienez.

Azken urteotan eskrupulurik gabeko espekulazioa jazotzen ari da paperaren industrian. Literaturarekiko interes eskasa duten enpresa handiak liburuentzako oinarrizko materiarekin espekulatzen dabiltza eta, hala, editorial independente asko desagertzeko arriskuan jarri dituzte. Eta nik ere badut gainetik kendu ezin dudan sentsazioa; zenbait istorio eta liburu oraindik arriskutsuak direla eta plazaratzen dituzten editorial txikiek eta euren irakurle garenok barkatu ezin dizkiguten bekatu gehiegi ditugula soinean.