GARA
DONOSTIA

«Kontuz aldizkako barauarekin, jendeak argaltzeko egiten baitu»

Hamasei orduz jan gabe egon eta zortzi ordutan jateak dakartzan onurez, kalteez eta baraualdiek historian izan duten ibilbideari buruz aritu zen Maddi Etxeberria nutrizionista NAIZ Irratiko «Bigarren kafea» saioan. Era berean, gogoratu zuen denok egiten ditugula baraualdiak egunean zehar, konturatu gabe.

Baraualdia egiteko formula bat da 16/8; egunean 8 ordutan soilik jan, eta beste 16etan ez.
Baraualdia egiteko formula bat da 16/8; egunean 8 ordutan soilik jan, eta beste 16etan ez. (GETTY IMAGES)

Pandemiaren ondoren dieta asko boladako jarri ziren, eta dietekin batera oso ezaguna egin zen baraua, batez ere aldizkako baraua. Maddi Etxeberria Otaegi nutrizionista NAIZ Irratiko «Bigarren kafea» saioan izan zen, eta berak azaldu zuen hain modan dagoen aldizkako barauak esan nahi duela hamasei orduz jan gabe egotea eta zortzi orduz jatea.

Egiten den beste barau ezaguna da 5/2 deiturikoa; astebetean bost egunetan jan, eta bitan ez. «24, 36, 48 eta 72 orduko barauak asko egiten dira, bereziki medikuntza alternatiboan», aipatu zuen.

Era berean, argitu zuen denok egiten dugula baraua. «Badaude animalia batzuk etengabe jaten egon behar dutenak bizi ahal izateko, baina ez da hori gure kasua. Jaten pasatzen ez ditugun une horiek guztiak barauak dira, txikiagoak edo handiagoak. Egiten dugun baraurik luzeena normalean gauean izaten da, 8 ordu ingurukoa», esan zuen.

Ikusi da, gaueko ordu horiek luzatuz gero, 10-13ra iritsiz gero, zenbait onura metaboliko gertatzen direla: «Autofagia ematen da, eta honek gorputzeko ehunak hobeto birsortzeko modu eraginkorragoa ematen du. Hori da onurarik garrantzitsuena. Eta, horrekin lotuta, zahartze prozesua atzeratzen laguntzen du (zahartze zelularra mantsotzen da)».

Prozesu hori hainbat gaixotasunekin lotu da: diabetesa, gaixotasun neurodegeneratiboak, kardiobaskularrak eta minbizi zehatz batzuk, zehazki. Baina dieta ez da autofagia lortzeko modu bakarra, beste modu batzuk baditugu, adibidez, indar entrenamendua.

Hala ere, baraualdiak talde konkretu batzuentzat gomendagarriak ez direla ere azaldu zuen, besteak beste, haurrentzat, pertsona helduentzat, haurdun daudenentzat edo edoskitzen ari diren amentzat. Etapa hauetan bereziki garrantzitsua da nutrienteak ondo jasotzea. Autofagia onura bat bada ere, jendeak ez du horren berririk, eta normalean baraualdiak egiten ditu argaldu egiten duelako.

«Kontuz ibili behar da. Normalean horrelakoak argaltzeko egiten direnez, osasun mentalean albo kalteak ere izan baititzake», esan zuen Etxeberriak.

Badago jendea goserik gabe esnatzen dena, eta hamaiketakora arte ez duena ezer jaten. pertsona horrentzat ez da esfortzu bat izango baraualdia egitea. «Baina gosez esnatzen dena, eta barauaren izenean pasatu behar baldin baditu lau ordu sufritzen, frogatu da elikadura asaldura bat garatzeko arrisku faktore izan daitekeela», adierazi zuen.

BARAUA HISTORIAN

Nahiz eta 2020ko maiatzean modan jarri zen, baraua ez da oraingo kontua, historikoki pisu handia izan du kultura eta zibilizazio ezberdinetan. Nutrizionistak azaldu bezala, garai batean gizakiak ahal zuenean jaten zuen, eta ez zen egunean 5 aldiz elikatzen. Ebolutiboki ez da hainbeste denbora igaro. «Gure aitona-amonek gosea pasatu zuten. Bi belaunaldi igaro dira, eta gure gorputza ez da egokitu».

Batzuetan zerbait espirituala zen, argialdi bat bilatzeko, ulertzen baitzuten gorputza garbi dagoenean beste zentzumenetara adiago dagoela. Eta bestetan, aldarrikapen politiko moduan, problematika bat agerrarazteko.

Grezian, Pitagorasek bere ikasleak klasera baraurik joatera derrigortzen zituen; Egipton baraua sifilisa sendatzeko bidea bilakatu zen; Persian egunean otordu bakarra egiten zuten, gorputza esna mantentzeko; Erroman soldaduei behartzen zieten astean egun batez barau egitera; Erdi Aroan Parazeltsok ondorioztatu zuen baraua dela sendagarririk onena, gorputzak ez duelako energia digestioan gastatzen, eta gaitzak sendatzera bideratzen duelako.