EDITORIALA

Arazoak arazo, herritarrak osasun publikoaren alde

Osasun Publikoaren Defentsarako Elkarteen Federazioak atzo argitaratu zuen lehen mailako arretari buruzko txostena, eskuragarri dauden azken datu estatistikoak jasotzen dituena. Dokumentuaren ondorioek, funtsean, aspalditik publikoa eta nabarmena dena berresten dute: baliabiderik eza Hego Euskal Herriko lehen mailako arreta degradatzen ari dela.

Nabarmentzekoa da, lehenik eta behin, atal horretako gastuak behera egin duela 2016az geroztik, batez ere EAEn, non 2019an bakarrik izan baitzen aurrekontu zuzkiduraren igoera. Nafarroan gorakada bat erregistratu da 2018tik aurrera, eta gastuaren ehunekoa Estatuko batez bestekoaren gainetik dago; EAEn, aldiz, azpitik. Biztanle bakoitzeko gastua Estatuko batez bestekoaren gainetik dago bi kasuetan, baina batez ere EAEn izan den murrizketa islatzen du: 2021ean Nafarroa zegoen rankingaren buruan pertsonako 302 eurorekin; EAE atzerago 288 eurorekin. Murrizketa horien eragina, batez ere, lan kargan islatzen da. Lau medikutatik batek 1.500 pertsona inguru artatzen ditu. Kopuru hori da osasun arreta egokia bermatzeko muga. Inbertsio handiagoa izan arren, Nafarroan medikuen %27,8 dira muga horretan daudenak, eta EAEn, berriz, %25,4. Baliabide falta hori ikusten da, halaber, telekontsulten pisuan, Nafarroan guztizkoaren %43 eta EAEn hirutik bi baino gehiago baitira (%67,6), Estatuko batez bestekotik oso urrun (%40). Beharbada, telekontsulten erabilera hori dela eta, Hego Euskal Herriak, batez beste, Estatu osoko atzerapenik txikiena du, ez da sei egunera iristen.

Dokumentuak erakusten du, baita ere, herritarrek lehen mailako arretari buruz egiten duten balorazioa beheraka joan dela 2019az geroztik, nahiz eta egia den Nafarroan 2023an gorakada txiki bat izan zela. Era berean, medikuen eta erizainen nota balorazio orokorra baino nabarmen handiagoa da. Zerbitzuak okerrera egin duen arren, deigarriena da herritarrek sistema publikoaren aldeko apustua egiten jarraitzen dutela pribatuaren ondoan, %79,8 Nafarroan eta %80,2 EAEn, Estatu osoko ehunekorik altuenak. Oztopo guztien gainetik, osasun publikoaren aldeko apustua argia da herritarren artean.