MIKEL ZUBIMENDI
BERGARA

Aberriaren aldeko bizi osoko borrokagatik, Monzon-Ganuza saria Jose Mari Esparzari

Monzon-Ganuza Euskal Utopikoei Saria emateko ekitaldia ospatu zen atzo Bergarako Seminarixoan. Jose Mari Espartza tafallarrak jaso zuen, Euskal Herriaren alde bizi osoko jardunean, langile zela, editore edo idazle, hitzekin edo letrekin, gure herriaren memoriari, aberriaren batasun eta askatasunari, egindako ekarpen itzela aitortzeko.

Hunkituta hartu zuen saria Jose Mari Esparzak.
Hunkituta hartu zuen saria Jose Mari Esparzak. (Raul BOGAJO | FOKU)

Jendez leporaino zegoen atzo Bergarako plazako Seminarixoa; tafallarrak nonahi, militante historikoak, idazle eta irakurleak... euskalki ezberdinetan mintzo ziren herritarrek bete zuten aretoa. Euskal Herrian aztarna sakona utzi eta askoren kontzientzia astindu duen Jose Mari Esparzari omenaldia egitera hurbildu ziren denak. Ezagutzen zuten haren obra itzela, eskertzen eginiko askotariko ekarpena, bazuten bere osasun egoeraren berri.

Osagai guztiak zerbitzatuak ziren ekitaldi xume bezain sentitua izateko, baina aurreikuspenak motz geratu ziren. Atzo askatu ziren emozio eta malkoak, sentitu ziren oilo-larruak, gailendu zen aberkideen arteko berotasuna zinez handia izan baitzen, aspaldian ekitaldi publiko batean ikusi gabea. Utopia baten, utopiko baten inguruan, trinkotua zen publikoa, giro bero eta hunkikorrean, denak bete-bete utzi zituen saioan.

HITZA, LIBURUA, POESIA

Irati Jimenez idazle eta Olaso Dorreko patronatukideak aurkeztu zuen ekitaldia, eta Esparzaren ibilbidea errepasatzen zuten argazkiak erakutsi ondoren, Fermin Valenciak kantu eder bat eskaini zuen: “Si luce Tafalla, luce Euskal Herria, si llora Tafalla, llora Euskal Herria, si canta Tafalla, canta Euskal Herria”, Esparzaren sorterriari gorazarre eginez.

Jarraian, Bergarako alkate Gorka Artolak eta Olaso Dorrea Fundazioko Iratxe Esnaolak hartu zuten hitza. Artolak, Bergarako zientzia eta akademia tradizioa gogora ekarriz, ezagutzaren herrian Euskal Herriari buruz hainbeste jakintza metatu eta kondentsatu duen Esparza hartzea ohore handia dela aipatu eta Euskal Herriko memoria bildu, landu eta zabaldu duenari dion miresmena adierazi zuen.

Esnaolak Esparzaren ibilbidea goratu zuen, euskararen eta batasunaren alde egin duen lanaren balioa nabarmendu eta “katedratikoek eta juristek kontatzen ez dutena” 20 urtez siderurgian aritu zen langile batek kontatu zuela gogora ekarri zuen, agenda eta bizitza militante baten jabe, belaunaldi militante baten sinbolo izan dena. Txalaparta argitaletxeko zuzendari, editore eta 30 liburu baino gehiago idatzi dituen Esparzaren ekarpena gogoratu eta aitortu zuen, Gorka Artolarekin batera Jose Mari Esparzari saria eman baino lehen.

Guztiz hunkituta, ahotsa urratuta, hartu zuen abertzale tafallarrak saria, baita aitortu ere, ohore handiegia zelakoan, ez onartzea burutik pasatu zitzaiola. Baina lagun batek esan ziona gogoratuz , «ez egin umil plantarik, ez zara eta hain garrantzitsua», edo Woody Allenek behinola esandakoa, «ez dut saria merezi, baina ezta daukadan minbizia ere», azkenean onartu zuela esan zuen. Preso eta iheslarien, Euskal Herriaren alde borroka molde ezberdinetan jardun direnen, bitartekari sentitzen dela adieraziz, saria haientzat guztientzat dela aldarrikatu zuen.

ARRANOA GERNIKAKO ARBOLAN

Telesforo Monzonen inguruko aipamen asko egin zituen, Nafarroa nola ezagutzen zuen eta bera gabe ez zegoela inora joaterik, “Pitxer hautsia”-ren ideia, Nafarroaren aldeko bere ekarpena behin eta berriz aipatuz. Fronte nazionalaren beharraz aritu zen, globalizazioaren arriskuez, txalupa txikiegia ez ote dugun, eta argi esan zuen: borroka eta batasuna, ez dago besterik.

Nafarroako arranoak Gernikako Arbolan duela pausatzeko lekua gogoratu ondoren, bukatzeko, bertaratutako denak zutitu eta “Gernikako arbola” ereserki nazionala kantatu zuten guztiek batera.