EDITORIALA

Korrika, maite duena zaintzen duen herri harroa

Irunera begira dago gaur Euskal Herria. Berriz ere, baina aurten sinbolismo nabarmenagoarekin, bertan baitago Hendaiara joateko bidea, beste Estatu batera sartzeko igarobidea, eta horregatik muga esaten zaiona. Sinbolismo nabarmena, muga horrek administratiboki banatzen duen lurraldean mendeetako ahalegin berak baitirau: alde biek partekatzen duten hizkuntzari, kulturari eustekoa. Lurralde horietako bizilagunek nahi duten komunikazio tresnarekiko, mundu ikuskerarekiko edo maite duten hizkuntzarekiko atxikimendua nabarmena da, gaur arratsaldean abiatu eta hilaren 24an Baionan amaituko den ekitaldi jendetsu eta ikusgarriak erakutsiko duenez. Hamaika egunez, ia hiru mila kilometrotan, zahar-gazteek, baserritar-kaletarrek, euskal eta urruneko jatorriko dozenaka mila herritarrek zeharkatuko dituzte Euskal Herriko bazterrak, Estatuak, bestelako administrazioak eta epaileak gorabehera.

Euskararen herriaren, «herri oso baten» erakusle, Irungo AEKren komunitateko zenbait kide bildu ditu egunkari honetako lehen Eguneko Gaiak. Horiek egingo dute Korrikaren lehenengo kilometroa Bidasoa ertzeko hirian. Euskal jatorrikoak eta kanpotik etorriak, irakasleak eta ikasleak, edo izandakoak, euskararekin duten harremanen berri eman dute. Haietako bat gaztetatik, artean diktaduran, euskara eskolak ematen hasi zen. Oraindik ez du hizkuntza normalizaziorik ezagutu eta uste du hizkuntza gutxituen etorkizuna «kontzientziatik eta erabakitik» izango dela, «izango bada». Izan ere, horri esker iritsi da herri hau mende honen lehen laurdenera, eta ez dago bertan goxo gelditzerik.

Korrikak 36. kilometroan zeharkatuko du muga esaten zaion hori, eta ez du muga itxurarik izango, berez den beste horrena baizik: zubiarena. Euskaldunen arteko zubia, hala izan baita mendeetan, gainerako igarobideak bezala. Euskal nahiz urruneko iheslari eta migranteentzako zubi. Herri txiki bat da hau, zenbait mugak zeharkatua, baina harroa. Horixe da Korrikaren 23. edizioaren leloa: “Harro Herri”, munduko herririk handiena bezain harro, baina ez inor baino gehiago izateko asmoz, Ruper Ordorika aintzat hartuta, maite duena zaintzen duen herria delako baizik.