Mikel EGIBAR, Mikel ARRASTOA*
Egiari Zor-Zizurkilgo Herri Oroimena
KOLABORAZIOA

Egia guztiak, errelato guztiak

Martxoaren 20an beteko dira 25 urte Joxelu Geresta herrikidea hilda agertu zela Errenteriako Zamalbide auzoan. ETAko kidea zen, eta Ertzaintzak zein Estatuko aparatuek berehala haizatu zuten suizidioaren hipotesia. Zantzu ugari daude, ordea, hori zalantzan jartzen dutenak. Eusko Jaurlaritzak berak argitu gabeko kasuen zerrendan du. Eta horixe eskatzen dugu guk, argitzea.

Joxelu Gerestaren gorpua 1999ko martxoaren 20an agertu zen buruan tiro bat zuela. Bertsio ofiziala agertu orduko prest zegoela zirudien, suizidioa. Epaitegiko medikuak egin zion lehen autopsiak ere hori berretsi zuen, baina familiaren konfiantzazko mediku bat aurrean zela egin zen bigarren autopsiak beste errealitate bat erakutsi zuen. Lehen autopsia horretan ez zizkioten hainbat proba egin, ahoa bera ere ez zioten ireki. Bigarren autopsian ikusi zen bi hagin erauzita zeuzkala gorpuak, eta hirugarren hagin bat zehaztapen handiko instrumentu batekin zatituta zeukala. Odola antzematen zen; beraz, erauzketa traumatikoa zela baieztatu zen, eta, gero egindako txostenek azaldu zutenez, heriotza gertatu aurretxoan edo ondorengo minutuetan kendu zizkioten. Bestalde, bertsio ofizialak bere buruari tiro egin ziola dioen arren, bolbora arrastorik ez zegoen ez eskuan, ezta pistolan ere, odol arrastorik ere apenas. Musuzapi bat zuen, aldiz, poltsiko batean odolez zikinduta, pistola edo gorpua garbitzeko erabili izan balitz bezala. Hori gutxi balitz bezala, tiroa atera zen aldean agertu zen pistola eta ustez tiroa emateko erabili zuen behatza poltsiko batean sartuta zeukan. Horri guztiari erantsi behar zaio hil aurreko egunetan ihesean zen Geresta gertuko batzuengana joan zela laguntza eske, eta aipatu ziela haginetan zerbait jarri ziotela eta jarraika zituela.

2000. urteko uztailetik itxita dago bide judiziala. Donostiako lurralde auzitegiak azken ebazpenean adierazi zuen bere buruaz beste egitearen aukera baztertu gabe, banatu ezineko gertakariak zirela heriotza eta haginen erauzketa. Horrela, heriotzaren orduan haginak kentzeko hirugarren baten edo batzuen parte hartzea beharrezkoa izan zela zioen, baina delituaren egileak zeintzuk ziren argitzerik ez zegoenez, kasua artxibatu egin zuen. Ez da berriz ireki, mende laurden honetan, nahiz eta 2001ean Jose Antonio Saenz de Santamaria Guardia Zibileko jenerala zenak “La Razón” egunkarian gerra zikinari buruz hizketan zera esan zuen: «Orain ere badago. Komandoek ez dute beren burua entregatzen besterik gabe. Baten bat hilik ere agertu izan da, mailukadaz hortza erauzita. Hil ondoren batek ez dizkio bere buruari mailukadarik jotzen ahoan».

Zantzu ugari daude ikusi nahi dituenarentzat. Egia eskatzen dugu. Eta egia hori gaur- gaurkoz ezinezko egiten du 1968an, frankismo betean, onartu eta oraindik indarrean den Sekretu Ofizialen Legeak. Ezinbestekoa da Estatuak Euskal Herrian egindakoen berri guztiok jakitea, zauri zaharrak ixteko. Hori aldarrikatuko dugu martxoaren 16an Zizurkilen. Zer gertatu zen martxoaren 19ko gauean? Egia guztiak, errelato guztiak, jasoko dituen etorkizunaren alde.

*Sinatzaileak: Mikel Egibar, Mikel Arrastoa, Iker Urruzola, Joxin Azkue. Aitor Sarasua, Iñaki Urkola, Luix Urkola eta beste hainbat kide.