GARA
DUBLIN

Varadkarren dimisioak Irlanda taoiseach barik eta ekaitz politiko betean laga du

Leo Varadkarrek Irlandako taoiseach (lehen ministro) eta Fine Gael alderdiko lider bezala dimititu zuen atzo. Kolpe latza hartu zuen Konstituzioaren erreformaren inguruan galdu erreferendumetan. Ikuskizun dago hauteskundeak deitu eta ordezkoa herriak hautatuko duen edo karguan segituko duen bere alderdiak taoiseach berria hautatu arte.

Leo Varadkar, Ostiral Santuko 25. urteurrenean, Belfasteko Queens Unibertsitatean kazetariei berba egiten.
Leo Varadkar, Ostiral Santuko 25. urteurrenean, Belfasteko Queens Unibertsitatean kazetariei berba egiten. (Paul FAITH | AFP)

Dimisioa aurkezteko diskurtso politiko hunkigarria egin zuen atzo Leo Varadkar Irlandako taoiseach edo lehen ministroak: «Politikariak gizaki korrienteak gara. Gure mugak ditugu. Eta den-dena ematen dugu, ‘aski da’ esan eta gehiago ezin dugun arte». Hitz horiek entzun eta berehala, espekulazioak lehertu ziren bere erabakiaren atzean zeuden benetako arrazoien inguruan, baina kontu batean bat zetozen denak: berria ezusteko ikaragarria izan zen, bonba eztandaren parekoa, Europa osoan sentitu ziren uhinak askatu zituena.

Izan ere, inor gutxiren kalkulu politikoetan zegoen Varadkarren dimisioa. Egia da 1937 Konstituzioaren erreformari buruzko bi erreferendum galdu berri zituela, emakumearen paperaren inguruko hizkera zaharkitua eta familiaren izatearen definizioa aldatzea gehiengo handi batez errefusatu zituela herriak, egia da, baina ez zegoen dimisioa eman zezan ageriko presio berezirik, edo bere alderdiaren barruan estatu kolpe antolaturik.

«ARRAZOI POLITIKO ETA PERTSONALAK»

Halakoa da Varadkar, politikari irlandar atipikoa. Gay zela aitortu zuen etorkin indiarren semea, ikasketaz sendagilea, Irlandako politikaren ohiko trokeletik oso ezberdina. Nazioartean bazuen sona eta xarma politikoa, Europako instituzioetan ardurak hartzeko kinielatan ageri zen, baina etxean ez zen modakoa.

Eskuineko Fine Gael alderdiko liderra, ekonomikoki oso kontserbadorea, aberatsei zergak jaistearen eta laguntza sozialak murriztean aldekoa zen. Hortik datorkio bere goitizenetako bat: "Tory boy". Baina bitxia zen: «Ez naiz erdi indiarra den politikaria, ez politikari sendagilea, ezta politikari gay bat ere. Naizen horren parte da hori guztia, besterik ez».

Diskurtsoan adierazitakoaren arabera, «arrazoi politiko eta pertsonalak» daude dimisioaren atzean. «Uste dut gobernu hau berrautatua izan daitekeela eta nire alderdi Fina Gaelek aulkiak irabaz ditzakeela hurrengo Dáil (edo Parlamentuan). Egungo hiruko gobernua gure herriaren etorkizunerako onena dela uste dut, aurrera egiteko bidea».

HERRIAK ALA ALDERDIAK

Taoiseach berriak bi hilabete izango ditu udal eta europar hauteskundeak prestatzeko, eta urtebete hurrengo hauteskunde orokorretaraino. Eta hori da, hain zuen, Varadkarren dimisioak zabaldu duen eztabaida sutsua: Irlandako herriari hitza emango ote zaion ordezkoa hautatzeko edo, legeak baimendu bezala, Fina Gael alderdiko talde parlamentarioak erabakiko duen. Ugariak eta askotarikoak dira hauteskunde berriak eskatzen dituzten ahotsak, baina baita hori politikoki buruaz beste egitea dioten ahotsak ere.

Micheal Martin, Fianna Fáil alderdiko buru eta Irlandako Kanpo Arazoetarako ministroa, berehala atera zen hedabideen aurrean gobernuek beren mandatu osoa bete behar dutela aldarrikatzera. «Egonkortasuna eskaintzen du horrek, epe motzeko eta presazko erabakiak ekiditen ditu eta hauteskunde lehiarako posizio hobea ematen du».

Bestalde, dimisioak espekulazioak eragin ditu, Europako Batasuneko karguetarako anbizioa duelakoan. Hala balitz, ez zaio erraza suertatuko. Fina Gael Europako Alderdi Popularrekoa da, eta honek bere aulkia ziurtatuta dauka, Ursula von der Leyenek bigarren agintaldia iragarri duenetik. Sozialistek Europako Kontseiluaren presidentetza hartuko dute, eta liberalek, Josep Borrellek lagako duen europar diplomaziaren burua. Bruselatik, beraz, atarramentu onik ez Varadkarrentzat.