IRAITZ MATEO
DONOSTIA

Anne Hebert eta Giorgos Seferis, Munduko Poesia Kaieren 49. eta 50. zenbakiak

Quebecetik eta Greziatik datoz Susaren Munduko Poesia Kaieren udaberriko bi ekarpenak. Anne Hebert eta Giorgos Seferis poetak euskaratu dituzte Aiora Jakak eta Maite Lopezek, hurrenez hurren. Bi poetak oso ezberdinak izanagatik, bietan dute garrantzi berezia sinboloek, bakoitzarenean bere tradiziokoek.

Aiora Jaka eta Maite Lopez arduratu dira udaberriko Poesia Kaierak itzultzeaz.
Aiora Jaka eta Maite Lopez arduratu dira udaberriko Poesia Kaierak itzultzeaz. (Jon URBE | FOKU)

Zenbaki borobilen eta ospakizunen urtea da Susako Munduko Poesia Kaierentzat aurtengoa, hamar urte bete baitzituen herenegun, eta atzo goizean 49. eta 50. liburukiak aurkeztu dituztelako. Anne Hebert itzuli du Aiora Jakak, eta Giorgos Seferis, Maite Lopezek.

Isabel Etxeberriak egin zuen aurkezpeneko sarrera, eta kontatu zuen bi idazleak «elkarrengandik ezberdin samarrak» direla. Quebecekoa da Hebert eta frantsesez idazten du, eta poeta greziarra, berriz, Seferis; idazkeran ere ezberdinak direla aurreratu zuen, baina badutela nolabaiteko lotura bat: «Biengan du sinbolismoak eragin handia».

Quebecen bizi zela iritsi zitzaion proposamena Jakari; hasiera batean «literatura autoktonoan» jarri nahi zuen arreta, baina tradizionalki ahozko literatura izan dutenez, ez zuen topatu Euskal Herriratzeko egokia izan zitekeen autorerik, eta horregatik jo zuen Hebertengana. Prosan idatzita zuena ezagutzen zuen, eta poesian egindako lanak bilatzen hasi zen. Liberazioa bilatzen duten emakumeak izan ohi ziren bere protagonistak; «ez ziren emakume heroikoak, baina ezta biktimak ere», azaldu zuen.

Haurra zelarik tuberkulosia diagnostikatu zioten Heberti, eta gela batean igaro zituen bost urte. Gerora jakin da diagnostiko hori faltsua zela. Hala ere, introspekziorako gaitasuna eman zion itxialdi horrek, eta bere lanetan eragin handia duela esan zuen itzultzaileak.

Idazkerari dagokionez, «soila eta apaindurarik gabea» dela kontatu zuen. «Esan gabeko biolentzia» eta «munduaren edertasuna» islatzen da bere lanetan, «bien arteko norgehiagoka, edo bien arteko loturak» jartzen omen ditu parez pare. Bost poesia liburu ditu argitaratuta quebectarrak, eta guztietako poesiak bildu dituzte kaieran; bigarren liburuko poema guztiak zehazki.

OMEROREN ISLA

Lopezek azaldu zuen ardura handiz itzuli duela: «Berak itzulpenak artelan gisa ulertzen zituen; horrek arduraz egitera bultzatu nau, bere zorroztasuna mantentzeko ahalegina egin dut».

Gazterik erbesteratu zen Seferis familiarekin batera, eta horrek bere lanean eragin handia izan zuela adierazi zuen itzultzaileak. 63 urterekin iritsi zen bere literatura ibilbidearen gailurra, Nobel saria irabazi zuenean.

Mundu klasikoa eta greziar mitoak miresten zituen Seferisek eta bere lanetan oso presente daudela kontatu zuen Lopezek: «Homero asko erabiltzen duen figura da, itsasoa ere ia poesia guztietan ageri da, ‘Iliada’-ko eta ‘Odisea’-ko itsaso ardotua». Itzultzailearen ustez, poetaren helburua bi munduak elkartzea izan da, iragandakoa eta bere garaikoa. «‘Nostos’-a da ageri den beste gaietako bat, itzulera. Itzulera fisikoaz gain joan den denborara itzultzea, haurtzaroko garaira, oroitzapenetara, jaioterriaren nostalgiara», zehaztu zuen. Sinbolismoa asko erabiltzeaz gain, bere estiloaren beste ezaugarrietako bat hizkera da: «Herriko hizkera erabiltzen du, jendeak egunerokotasunean erabiltzen duena. Eta, hala ere, hausnarketa sakonak plazaratzen ditu».