Amaia U. LASAGABASTER
DERBIA REALE ARENAN

Lagunak, txapeldunak eta, 90 minutuan zehar, aurkariak

2022an 20 urtez azpiko Munduko Txapelketa irabazi zuten zazpi jokalari elkartuko dira Realak eta Athleticek gaur jokatuko duten derbian.

Clara Pinedo, kamiseta zuri-gorriarekin.
Clara Pinedo, kamiseta zuri-gorriarekin. (ATHLETIC CLUB)

Aurkariak eta lagunak, kirolean ohikoa den dikotomia eta euskal derbietan arau bihurtzen dena. Lurralde txikia izanik, ez da harritzekoa lagunak aurkitzea, baita familia-harremanak ere. Deigarriagoa da, soilik hiru milioi biztanleko herria izanik, lotura Munduko edo Europako txapelketak, edo biak, irabazi izana izatea.

Horietakoak ere egongo dira gaur arratsaldean, Realak eta Athelticek Anoetan jokatuko duten derbian. Eta ez gutxi. Txapeldunen zerrenda luzea da baina, zehazki, talde bietako zazpi jokalarik lortu zuten urrezko domina 20 urtez azpiko azken Munduko Txapelketan; horietako lauk Europako 19 urtez azpikoan ere eskuratu zuten pare bat hilabete lehenago. Horien artean dira gaur ordu eta erdiz elkarri bekozko ilunarekin begiratuko dioten Mirari Uria eta Clara Pinedo.

«Baina oso harreman ona daukagu e -dio zuri-gorriak-. Espainiako 23 urtez azpiko selekzioarekin joaten naizenean ere, berarekin egoten naiz». Biak 2003an jaioak, kontzentrazio eta txapelketa asko bizi izan dituzte gaztetxotatik selekzio desberdinekin. Eta duela bi urte egin zuten lorpen handiena, Espainiako kamisetarekin 20 urtez azpiko Munduko Txapelketa irabazi baitzuten -Izarne Sarasola, Ane Elexpuru, Maite Zubieta, Adriana Nanclares eta Ana Tejada taldekideekin batera-, Europakoa eskuratu eta bi hilabetera. «Izugarria izan zen, oso emozio handiak bizi izan genituen elkarrekin», gogoratu du aurrelari azpeitiarrak.

Onartu behar da gaurko duten helburua ez dela hain ikusgarria, baina ezta nolanahikoa ere. «Oso partida berezia da -esan du Uriak-, denok asko motibatzen gaituena. Gainera, Reale Arenan izanda, are gehiago»; bereziki, aurten, zuri-urdinen kasuan, urteotako dinamikari buelta eman eta Athletic, Euskal Herriko kopako finala eta lehen itzuliko derbia irabazteaz gain, donostiarren aurretik jarri delako sailkapenean. «Noski pikatzen garela, gu eta beraiek -onartu du gipuzkoarrak-. Aurtengo derbi biak irabazi dizkigute, sailkapenean atzetik zeuden eta orain aurreratu gaituzte... Nola ez ditugu ba irabazteko gogo guztiak izango».

Ez da, hala ere, «ohore» kontu hutsa. «Baten batek pentsa dezake dagoeneko hasi garela Kopako finalean pentsatzen eta Liga ahaztuko dugula, baina ez da horrela. Sekulako amorrua eman zigun, adibidez, aurreko astean Betisen kontra berdintzeak. Kopako partidaren nekea aitzakiatzat hartu ahal izan genuen, baina ez da horrela; irabazi nahi genuen, derbia irabazi nahi dugun bezala, eta datorren astean Sevillari irabazi nahi diogun bezala, gure asmoa Ligan orain gauden baino postu altuagoan amaitzea baita».

Helburu hori argiagoa da Athleticen kasuan, gipuzkoarrek Kopako finalean aurrean izango duten Bartzelonak utzi baitzuen txapelketatik kanpo finalerdietan, denboraldiko helburuak bakar batera murriztuz. Kanporatze horrek «mina egin zigun -aitortu du Clara Pinedok-, gure helburua finalera heldu eta titulu bat borrokatzea baitzen. Agian egokiagoa izango litzateke zozketak egin zigula mina, Bartzelona tokatu zitzaigunean bagenekielako oso-oso zaila zela; azken finean munduko talderik onena da».

Erdilari zuri-gorriak, hala ere, kanporaketan egindakoak onurak ekar ditzakeela uste du. «Oso ondo lehiatu ginela uste dut. Bi partida oso serio egin genituen, gogor lehiatu ginen bietan eta, batez ere, Johan Cruyffeko partidan zailtasunak sortu genizkien hainbat fasetan. Horrekin geratu behar gara eta denboraldi amaiera honetara begira ondo etorriko zaigula uste dut, konfiantza emango digula».

SASOI ONEAN

Bizkaitarrak Ligan bertan egiten ari direna ere konfiantza hartzeko modukoa da, lau garaipen jarraian ospatu baitituzte. Eta bolada ez dagokie bakarrik emaitzei. «Garaipenak egiten ari garen lanaren eta jokoaren emaitza, isla, dira. Ondo jokatzen ari gara, baloia ondo mugitzen dugu eta baloia ez daukagunean ere, defentsiboki oso bloke sendoa egin dugunez, asko kostatzen zaie aurkariei guri gola egitea».

Horri eutsita, Pinedok letagina zorroztuta ekingo dio derbiari. «Supermotibatuta daude. Derbiek beti pizten dizute zer edo zer berezia eta gainera horrelako estadio ederrean irabazi ahal izatea...». Mirarik bezala, ohiko pikeaz gain, partidak sailkapenari begira duen garrantzia azpimarratu du bilbotarrak. «Irabazteaz gain, Realaren gainetik geratzea ere nahiko genuke. Eta ez bakarrik hori, behetik gora gatoz eta dagoeneko seigarren postuan pentsatzen ari gara. Eta horra heltzen bagara ere, beste urrats bat egiten saiatuko gara. Konfiantzarekin eta anbizioarekin gaude eta ahalik eta postu altuenean eta sentsazio onenekin amaitu nahi dugu».

Sailkapenean lau puntuk aldenduta, derbiak garrantzi handia du bien helburuei begira. Nola irabazi? «Gol bat gehiago sartuz», esan du Mirarik barrez. «Batez ere aukerak aprobetxatzea izango da erabakigarria. Nahiz eta gure aurrelariak oso sasoi onean egon, egia da askotan sentsazioa daukagula ez dugula behar bezainbeste amaitzen, sortzen dugunari jarraituz. Normalean baloia aurkariaren zelaian edukitzea lortzen dugu eta mugitzen dugu, baina gero horren bidez aukerak sortu eta, batez ere, aprobetxatu beharko ditugu. Eta kasu zehatz honetan, gainera, defentsiboki bereziki sendo egon beharko garela uste dut, adi egon eta oso lan ona egin, Athleticek oso jokalari azkarrak baititu goian. Partida zaila izango da, orokorrean dena ondo egin beharko du irabazi nahi duenak».

Bat egin du Pinedok lagunarekin, «intentsitate handiko eta borroka handiko partida» espero duela aurreratuz, «irabazteko zaila». Bere ustetan, «arreta handia jarri beharko dugu dueluetan. Ekipazo bat da. Urteetan egindako eta landutako oinarria dute eta nabaritzen da. Eta, bestetik, banaka oso jokalari onak ditu, kalitate handikoak. Banakako dueluak irabazi beharko ditugu eta ez da erraza izango, oso jokalari onak baitira».

BERTUTEAK

Litekeena da Pinedok hasieratik jokatzea, Aznarrek konfiantza gehien duen jokalarietako bat baita. Zuri-urdinek «adi egon beharko dute», Mirariren esanetan, «sekulako kalitatea baitauka. Bigarren lerroko jokalari ikusgarria da eta oso arriskutsua aurkarientzat, bertute asko dituelako: areara heltzeko erraztasuna dauka, golak sartzen ere badaki eta aurrelariei eta hegalekoei paseak filtratzeko duen kalitatea ere sekulakoa da. Lana emango digu».

Azpeitiarrari gehiago kostatzen ari zaio hamaikakoan sartzea baina, Pinedoren ustetan, «lekua badauka, sekulako jokalari ona baita. Azpimarratuko nuke zein langilea den, zenbat lan egiten duen, beti dena ematen dio taldeari eta, hala ere, golak sartzeko txispa mantentzen du. Golegile fina da; aukera badauka, barrura doa. Baina, oraingoan, hobe asmatzen ez badu!».