Andoni ARABAOLAZA
PROTAGONISTA

Benjamin Vedrines, ezohiko jardueretan oinarritzen den alpinista bikaina

Frantzian sortu berri diren “Les trophees de la montagne” sarietan mendizaletasunari lotutako aitortza jaso berri du, alpinismoko adar ezberdinetan sinatu dituen jarduera ikusgarriengatik. Azken bolada honetan, Nicolas Jean kidearekin, mendiko-eskiko muturreko pare bat irteera egin ditu.

Benjamin Vedrinesek erakutsi du alpinismoko adar ezberdinetan oso indartsua eta eraginkorra dela.
Benjamin Vedrinesek erakutsi du alpinismoko adar ezberdinetan oso indartsua eta eraginkorra dela.

Azken urteotan, Benjamin Vedrinesen izena maiz entzuten ari gara. Gure orriotan ere, frantziarrak toki berezia du. Eta ez da harritzekoa. Alpinismoan egiten ari den ibilbidea komunitate guztia ahoa bete hortz uzten ari da. Dagoeneko curriculum itzela osatu du. Eta horrek aitortza bat baino gehiago jasotzera eraman du.

Azkena, hil honen hasieran eman diote. Vedrinesen herrialdean, Frantzian, “Les trophees de la montagne” sarietan protagonista izan da. Montagnes, Grimper eta Vertical aldizkari espezializatuen argitaletxea den Niveales-ComAlp izan da ekimen hori sortu duena. FFME eta FFCAM mendizale federazioek kolaboratu dute. Lehen ekitaldia izan du, eta, denera, lau aitortza banatu dira.

Mendizaletasunari lotutakoa Vedrinesentzat izan da. 2022.a urte oso emankorra izan zuen; iazkoa, berriz, apartekoa. Eta hain zuzen ere, ekimen horrek 2023. urtean egin zituen jarduera handi guztiengatik saria eman dio. Zaila egiten zaigu iaz lortu zuen uzta oparoa laburbiltzea. Baina saiatuko gara. Iazko urteko urtarrilaren amaieran, Nicolas Jean eta Julien Cruvellier kideekin, aldats oso pikoa zabaldu zuen Barre des Ecrins mendian. Otsailean, berriz, Leo Billon sokakidearekin Grandes Jorasses-etako “Gousseault-Desmaison” eskalatu zuen neguan eta egun bateko (Chamonixetik irten ziren) jardunean.

Neguan zein udaberrian mendiko-eskiarekin lotutako goi-mailako hainbat irteera sinatu zituen. Besteak beste, Chamonix-Zermatt zeharkaldi enblematikoan errekor berria (14:54) ezarri zuen Samuel Equy-rekin. Bestalde, ekainean, Nanga Parbat estilo alpinoan igotzen saiatu zen. David Goettler-ekin batera jardun zuen, eta, Rupal isuritik igotzen ari zirela, 7.500 metroko kotan atzera egin zuten. Goottler ondoezik zegoen, eta Vedrinesek, bakarrik aurrera jarraitu ordez, kidea jaisten lagundu zuen.

Espedizio horretatik itzuli eta esprinteko “trajea” jarri zuen. Peutereyko integralaren denbora onena birrindu zuen eta Dibonako “Madier” bidean krono estratosferikoa (1:24) egin zuen. Ia atsedenik hartu gabe, egun batzuetara, berriro Jeanekin, Pelvoux-Barre des Ecrins-Meije zeharkaldia paralpinismoko estiloan egin zuen.

Sokakide berberarekin, arrokazko bide berri bat zabaldu zuen Meijen, eta udazkenean mistoko beste bat Pic sans Nom mendiaren iparraldeko murruan.

Agerikoa denez, “Les Trophees de la montagne” sarien antolatzaileek ezin izan diote muzin egin alpinista indartsu, ausart eta sortzaile horrek osatutako zerrenda horri. Alpinista frantziarrak aitortza jaso eta honako hitz hauek izan zituen: «Mendiko praktika ezberdinekin saiatzen gara gure mendiak, Alpeak, eta beste batzuk goraipatzen. Oraindik gogoan dut FFME eta FFCAM federazioetako taldeetatik igaro nintzela; eta eskertzen dut, talde horietako arduradunek asko irakatsi zigutelako. Garai haietan GEAN-en (Groupe Ecellence d’Alpinisme National) sartzeko probak egin zizkidanak esan zidan oraindik ez nengoela prest talde horretan jarduteko. Agian, arrazoi osoa zuen, baina azken urteotan asko aurreratu dut; horregatik diot prest nagoela sari hau jasotzeko».

AURTENGOA ERE

Zalantzarik gabe horrela da: Vedrinesek 2024. urtea bikain baino bikainago hasi du. Urtarrilaren amaieran, adibidez, orriotan aipatu genizuen jarduera alpino ikaragarria egin zuela. Billonekin soka gerrira lotu eta “ezusteko” ederra eman zigun Drus, Droites eta Grandes Jorasses mendietako iparraldeko paretetan eginiko eskaladekin. Hiru egunetan, era askean eta neguan, honako bideak igo zituzten: “Voie des Guides” (Drus), “Them-Vidal” (Droites) eta “No siesta” (Grandes Jorasses).

Nahiz eta astindu ederra hartu zuen, pare bat astera, Vedrinesek eskiak jarri eta Agneaux mendian (3.664 m), hots, Serre-Chevalier-eko mendirik garaienean, muturreko lotura bat egin zuen. Jean kidea ondoan izan zuen, eta mendiaren bost aldeak batu zituen egun bateko jardunean. Jarduera horri “ZiZag Agneaux” deitu diote. Denera, 6.000 metroko desnibela 15 orduan gainditu zuten. Badakigu alpinista frantziarrak duen alderdi gogokoena dela, baina zaila egiten da egin duenaz jabetzea. Aipatu dugun trilogia alpino hori amaitu eta hamabost egunera, Agneaux-eko proiektu hori biribildu zuen.

Irteera puntuan goizeko lauretan ziren. Egunsentiarekin batera, bi alpinistok gailurra zapaldu eta ekialdeko isuritik 5.2 mailako ibilbide batetik jaitsi ziren eskiekin. Hegoaldeko aurpegia sinatu ondoren, Pyramide izeneko lepotik hasten den iparraldeko korridorean (5.1) elur oso onean eskiatu zuten. Ipar-mendebaldeko zuzena (5.1) eta iparraldekoa (5.1) izan ziren hurrengoak. Eta azkena: arratsaldeko seietan tontorrera igo eta ipar-ekialdean dagoen “Davin” korridoretik (4.3) jaitsi ziren.

Aktibitate berezi hori bukatu ondoren, Vedrinesek aitortu zuen egun magikoa izan zela: «Hasierako asmoa mendiaren lau alde lotzea zen, baina jardueran zehar adostu genuen beste bat gehitzea. Izan ere, oso agerikoa eta enblematikoa da. Hortaz, planak aldatu genituen. Estetikari garrantzia eman genionez, ibilbideak aldatu genituen. Ederra izan zen oso Nicolasek eta biok igaro genuen eguna. Atmosfera, bederen, ikaragarria izan zen! Zerua, koloreak, eskia, barreak, erronka… Finean, xede ero bat izan zen, eta horrek gure abentura eskarmentu handi bihurtu zuen».

Jeanen eta Vedrinesen irteera hori otsailaren 18an izan zen. Bada, adi egon zaitezte: bikote horrek, soilik hiru eguneko atsedena hartu ondoren, izaera bereko beste jarduera ikusgarri bat egin zuen. Otsailaren 21ean, alpinistok trilogia handi bat sinatu zuten Ecrins mendilerroan: Mendebaldeko Ailefroide, Pic Sans Nom eta Pelvoux. Eta berriro egun luze batean eta jaitsierak eskiatuz.

Aurrekoan bezala, datuek oso ondo islatzen dute egun gogor hori: 5.000 metroko goranzko desnibela hamalau ordu eta erdian. Vedrinesek inoiz edo behin aipatzen du nekatuta dagoela, baina urtearen lehen bi hilabeteetan eginiko aktibitateek honako adierazpena egitera eraman dute: «Leher eginda amaitu nuen. Nire belaunek kraska egiten dute, eta giharrak, berriz, minduta ditut. Erabat hustuta bukatu nuen. Oso-oso arin joan ginen. Huts egiteko aukera handiak zeuden. Baina une egokiena zen; izan ere, handik gutxira, eguraldia asko okertu zen».