EDITORIALA

Udaberrian kantatzen jarraitu nahi duten zozoak

Agortu dira adjektiboak: ikusgarri, koloretsu, zoragarri, ikaragarri, hunkigarri... Moda kutsakor baten pareko fenomenoak zeharkatu du azken egunetan Euskal Herria, baina ez da moda hutsa, eta hala balitz ere, 1980an sortu zen moda honek ez du zaharkituta gelditzeko itxura handirik. Jendetza, poza, eromena... agortzen dira hitzak, baina ez emozioak, aldarrikapenak eta euskara normalizatzeko erabakitasuna.

«Mundu oso bat kabitzen da euskaran», esan zuen Garazi Arrula tafallarrak lasterketa amaierako mezuan, eta halaxe irudikatu du hamaika egunean Korrikak, askotariko jendea eta askotariko aldarrikapenak bilduta. Euskararekin lotutakoen artean, Azterketak Euskaraz kolektiboarena nagusi; horrekin batera, Gazako genozidioaren salaketa eta Palestinarekiko elkartasuna; lan eta gizarte arloetakoak, denen eskubideak... horiek guztiak bildu ditu Korrikak bere kasa, herri bat bildu duen seinale. Hala ere, batzuek ez omen dituzte gogoko izan aldarrikapen batzuk edo bestetzuk, eta Palestinako bandera ez ezik, ikurrina ere izan da Korrikarekin bat ez egiteko aitzakia; benetako atsekabea eragiten diena euskara dela esaten ausartzen ez diren horien aitzakia merkea. Baina garai batean Korrika boikotatzen zuten instituzioen ordezkariak ere agertu dira, eta poztekoa da, batez ere baldin jendaurrekoa amaitutakoan beren ardurari eusten badiote.

Izan ere, euskarak «egunerokoa hartu beharko du biziko bada, Beskoitzen, Eguesibarren zein Bizkarsoro orotan». Gogoan izan beharra dago hamaika eguneko jai ibiltari erraldoi hori aldarrikapena ere badela, eta gogoratu zein helburu zituen... eta dituen: kontzientziazio lanean astindua izateaz gainera, oso poetikoa ez dirudien arren, dirua biltzea eta euskararekiko atxikimendua handitzea eta erakustea. Baina egunez egunekoan ere erakutsi beharra dago, eta hori denon ardura da, baita erakunde publikoena ere, noski. Atzo Baionan harro egoteko moduko herria agertu zen, udaberrian kantatzen jarraitu nahi duten zozoen herria, Arrularen mezuak dioenez. Elkarlanean badakien eta bere etorkizuna eraikitzeko erabakitasuna duen herri txiki harroa.