NEREA LAUZIRIKA
BILBO

Bernart Etxepareren idatziak gaur egunera ekarri ditu IbonRGk «Iaquin vahu» lanean

IbonRG musikariak, Bernart Etxepareren «Linguae vasconum primitiae» liburua oinarri hartuta, disko-liburua sortu du, «Iaquin vahu». Hainbat kolaboratzaileren laguntza izan du eta Itxaro Bordak idatzi dio hitzaurrea lanari. Artistaren webgunean bertan daude entzungai abestiak.

IbonRGk gaur aurkeztu du lan berria, Bilboko Xake Espazioan.
IbonRGk gaur aurkeztu du lan berria, Bilboko Xake Espazioan. (Aritz LOIOLA | FOKU)

IbonRG musikari sestaoarrak lan berria kaleratu berri du: “Iaquin vahu” disko-liburua. Bernart Etxeparek idatzi eta 1545. urtean argitaratutako “Linguae vasconum primitiae” liburua hartu du oinarri; hots, euskarazko lehen liburu inprimatua. Bertatik hartu ditu diskoa ontzeko erabilitako hitzak, Itxaro Borda idazlearekin lankidetzan, berak lagundu baitio letren aukeraketan eta idatzi baitu liburuaren hitzaurrea ere.

Repetidor zigilu kolektiboaren eskutik argitaratu du lana IbonRG musikariak, eta hamasei abestietan hainbat artistaren kolaborazioak izan ditu: Enrike Hurtado, Verde Prato, Garazi Navas, Maite Arroitajauregi “Mursego”, Miguel A. Garcia, Matias Riquelme , Fernando Ulzion, SusanaRG, Ane Arana eta Paralux. Atzo bertan aurkeztu zuen disko-liburua, Bilboko Xake Espazioan, Navasen laguntzaz.

Bernart Etxepare bere garaiko gizona zela azaldu zuen artistak, «kristaua, jakina, baina aldi berean trobadoreek hedatzen zuten poesia kortesa ezagutzen zuena». Baikor begiratzen omen zion euskarak izango zuen etorkizunari, 1545ean inprimatutako euskarazko lehen liburu horretan jasotakoaren arabera. IbonRGren ustez, bere garairako pentsamolde aurreratua zeukan gizona zen; «ezin da esan feminista zenik, baina bai bestearen tokian jartzeko saiakera egin zuela».

Pentsamendu modernoa, jakin-min espirituala eta idazteko gosea dira Eiheralarreko apaizaren literatura estiloaren ezaugarri, IbonRGk azaldu zuenez, nahiz eta ez dagoen bere bizimoduaz asko jakiterik, “Mossen Bernat Echaparere cantuya” olerkian aipatzen dituenetatik at.

Etxeparek bere lana argitaratu eta 500 urte inguru geroago, IbonRGk doinua jarri die “Lingua vasconum primitiae” liburuak biltzen dituen olerki guzti-guztiei. Osorik musikatu ez dituenen kasuan, Itxaro Borda idazleak olerki bakoitzetik hautatu dizkion bertso-lerroei jarri die doinua. Orotara 16 pieza dira; horietako zenbait a capella eman ditu, beste zenbait pianoak lagunduta, baina denak ahotsez soilik interpretatzeko modukoak dira.

Horietako batzuk bakarka grabatu ditu; beste batzuetan, ostera, kolaboratzaileen laguntza izan du, aurretik aipatutako horiena eta gehiagorena. Bestetik, abesti bakoitza lokalizazio desberdin batean grabatu duela kontatu zuen musikariak, eta kantu bakoitzak eskatu dionaren arabera aukeratu omen ditu toki horiek. Esaterako, Bilbon bertan grabatu ditu kantu batzuk, eta beste batzuk Etxepareren jaioterri Duzunaritzen, Eiheralarreko elizan eta Arteako elizan. Ondoren, Bilboko Audiogela estudioan eman diete forma grabazio horiei, Ibon Aguirrerekin batera egindako hilabetetako lanean.

INPRENTARATUTAKOA, DISKO-LIBURURA

Etxeparek inprentaratu zuen euskara, eta IbonRGk orain liburura eraman nahi izan ditu soinu bihurtu dituen hitz horiek. Horretarako, mikroskopikoki berregin eta garbitu du Jon Martinek 1545eko tipografia hura, ez itxura zaharkitua emateko, baizik eta irudikatzeko nola irten zen, nola jaso zuen Etxeparek inprimategitik “Lingua vasconum primitiae”. Itxaro Bordak berak eman dio testuinguru sakonagoa lanari, sortutako hitzaurre luzearekin. Lana osatzeko, “Iaquin vahu” honetan interpretatzen diren bertso-lerroen itzulpenak biltzen ditu liburuak, hurrenez hurren, Rene Lafonek eta Patxi Altunak utzitako frantsesezko eta gaztelaniazkoak orraztuta eta eguneratuta.