EDITORIALA

EBk asilo eskubidea husten jarraitzen du

Europako Parlamentuak atzo onartu zuen Europako Migrazio eta Asilo Ituna deiturikoa. Lege sorta konplexua, hiru osagai nagusiekin osatu dena: asilo eskaeretarako arau uniforme berriak ezartzen dituen atala, harrera baldintzak hobetzen dituena eta Europako Batasunean migranteak birkokatzeko marko berri bat. Aldaketek, funtsean, asilo eskaerak kudeatzeko prozedura aldatzen dute, eta horrek EBren asilo politika berri bat esan nahi du.

Aldaketen helburuetako bat da asilo eskaeren izapidetzea laburtzea, eta horrek esan nahi du berme gutxiago dakarrela, eta itzulketa printzipioa ez errespetatzeko arrisku handiagoa. Halaber, arauak dioenez, tramitazioa laburtu egingo da herrialdearen arabera. Irizpide hori erabat diskriminatzailea da, asilo eskaerek banakako ebaluazioa behar baitute, eta ebaluazio hori ezin da inola ere kolektiboa izan, giza eskubideen defentsarako erakundeek salatu duten bezala. Badirudi EBk Europara iristen diren migratzaileen itzulkinak areagotu nahi dituela. Helburu horri eusten dio, halaber, «itzulerako lankidetza» kontzeptuak; horretarako, ekarpen ekonomikoak eta laguntza teknikoa aurreikusi dituzte, eta horrek aditzera ematen du Bruselak asilo eskatzaileen kudeaketa hirugarren herrialdeetara bideratu nahi duela. Era berean, kontrolari buruzko aipamenek adierazten dute mugen kudeaketa kanpora ateratzen jarraitzeko helburu hori. Bestalde, gehien nabarmendu den beste alderdietako bat izan da krisi egoeretan estatuen arteko migratzaileen banaketa. Arauak neurrira egindako mekanismo bat aurreikusten du, eta herrialdeek, kopuru jakin bat ordainduta, mekanismo horretatik aldendu ahal izango dute. Horrek ez du zerikusirik elkartasunaren kontzeptuarekin, are gutxiago Yiva Johansson barne-komisarioak erabili zituen hitzekin: «nahitaezko elkartasuna».

Europako Batasunean mugak kontrolatzeko segurantza ikuspegia inposatu dute berriro, giza eskubideetan oinarritutakoaren gainetik. EBk bigarren mailan utzi ditu iristen diren pertsonen babesa eta giza eskubideen errespetua, asilo eskubidea edukiz hustuz. Atzo onartutako aldaketek itxaropen gutxi ematen diete errefuxiatuei.