Iker GURRUTXAGA
ZEID FEST GAZTEA JAIALDIA

Gaztea edo ez, beste behin, zeinen ederra izan den

Gaztea abizena jarri diote ZEID Festen edizio honi, baina publikoan adin tarte oso zabala izan zen berriz ere Bizkaia Arenan eta ondoko espazioetan. Lehenengo ordutik hasita, jende asko elkartu zuen jaialdiaren hirugarren edizioak. Eire, Gatibu, The Tyets eta Izaro izan ziren aurreneko protagonistak, nahiz eta gero festak luze iraun zuen.

Ezkerrean, Merina Gris taldearen kontzertua. Eskuinean, Izaro.
Ezkerrean, Merina Gris taldearen kontzertua. Eskuinean, Izaro. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Omendutako Naizen elkarteak ireki zuen atzo ZEID Fest Gaztea jaialdia, haur eta gazteen transexualitateari babesa eta ikusgarritasuna eskainiz. Espazioa aurreko urteetan baino bateratuagoa zen. Azokari DJ Setak mesede galanta egin zion, publiko gehiago erakarri baitzuen. Txikienek ere beren gunea izan zuten, Iratxoen Basoa, jolas eta barre lasai eta aske egiteko. Eta, Pello Reparazek aurreratu zuen bezala, kaleko espazioa ere nabarmen handiagoa izan da aurten.

Eire Maia eta Eire Salegi izan ziren lehen kontzertua eskaini zutenak, Aralarko Dama izeneko oholtzan. Jendea apurka sartzen ari zen, giroa hotz eta arazo teknikoak tarteko. Eirekoei ez die justiziarik egin hasierak. Baina hori da jaialdien B aldea, hasten denak probatu behar eta berotu behar du guztia.

Porlanez jositako eremu hotz bat egongela goxo bihurtu zuen gero Sara Zozaya donostiarrak bere musika eta ikuskizunarekin. Pena Gatiburen emanaldiarekin bat egin zuela. Askok harribitxi bat galdu zuten, ‘‘Nara’’ unibertsoa gozagarria baita oso. Eta hunkigarria, ezin ukatu malkorik isuri ez zenik.

GATIBU, ERLOJUAREN PARE

Kantu eta kantu arteko isiluneetan ‘‘Bang-bang txiki-txiki bang-bang’’-en doinuak entzun ziren, publikoa dena ematen ari zen Bizkaia Arenako Aaztiyen oholtzan. Zozayak, joatean, «Etzan eta ixo» esaten zigun. Alex Sarduik, berriz, «Ongi etorri paradisura» abestu zigun, ‘‘EH Distopikala’’ atzokoan tropikalagoa zen arren. «Aupa Athletic!» Sarduik eta, atzetik, Arejitak «Aupa Villalibre, aupa euskeria eta aupa Euskal Herria!», erantsi zizkion, eta ‘Gora kopak’ abestia eskaini zieten txapeldunei. Zerbaitek berriz ere irrist masailean behera. «Gora Euskal Herria askatuta» bat ere jaurti zuten airera, ‘euritan dantzan’ ari ziren bitartean zaleak.

Publiko aniztasuna nabarmena zen. Txikienek hiruzpalau urte izango zituzten, eta laurogei urteren bueltakorik ere bazen harmailan. Festa eta aldarrikapena, erloju suitzar baten zehaztasunez, Gatibuk eskaini zuena.

2025-EKO URTARRILAK 4

Urteurren festa izango du Zetak-ek 2025eko hasieran. Bideo bidez jakinarazi zien bertaratuei Pello Reparazek hori. Beren materiala saltzen zuten azokako txokoan QRak banatu zituzten horretarako. Asteartean, hilak 16, txartela zutenek, 8.00etatik 11.00etara jasoko dute primizia. Festa hori iragarri ondoren, The Tyetsen txanda etorri zen. Akaleia, Xiberoots, Dupla eta Merina Gris nahastuko balira, halako zeozer aterako zen.

15.00etarako minutu bat falta zela, zale sutsuak oihuka zituela, Izaro ‘‘Cero’’ abesten agertu zen oholtzan. Publiko fidela du mallabitarrak, hartu-emanetan nabaritu zen. Jokin Pinatxo aka. Janus Lesterrekin abestu zuen ‘EDZDDH’ kantua, koru sorta ederra utzi baitzion diskorako beratarrak. Pinatxoren gaitasun bokala zerutarra da. Hasi eta buka, perfekzioz joan zen ikuskizuna eskaini zuen Izarok.

Gero, arratsaldeko lehen ordutik goizaldeko ordu txikiak arte, erritmo dantzagarriz osatutako kartel erakargarria izan zuten bertaratuek. Merina Gris, Zoo, La Plazuela, Tanxugueiras, Fillas De Casandra, Janus Lester edo Delaporteren eskutik, besteak beste.