GARA
BILBO

Podemos eta Sumarreko buruek hautagaiak babestu dituzte

Hauteskunde kanpainak bigarren asteburua du hauxe, eta Podemos eta Sumar alderdietako buruzagiak Euskal Herrira etorri dira haien hautagaiei babesa adierazteko xedez.

Donostian egindako ekitaldi batean Ione Belarrak adierazi zuen Elkarrekin Podemosena dela «ezkerreko Gobernua bermatzen duen boto bakarra», besteak «EAJren zakura doazelako». «EAJri bozkatzen badiozu, EAJk gobernatzen du; PSEri botoa ematen badiozu, EAJk gobernatzen du; eta EH Bilduri botoa ematen badiozu, EAJk gobernatzen du ere bai», adierazi zuen politikari nafarrak. Esan zuenez, «horregatik da funtsezkoa Elkarrekin Podemos indartsu ateratzea, behingoz EAJri gobernagarritasunaren giltza kentzeko».

Ekitaldi berean, ministro espainiar ohi Irene Monterok EAJri egotzi zion EAEn Real Madrileko presidente Florentino Perezek zuzentzen dituen enpresekin «400 kontratu» publiko baino gehiago egotea.

YOLANDA DIAZ: «ZIKLO BATEN AMAIERA»

Bestetik, Gobernu espainoleko presidenteorde eta Sumarreko buruzagi Yolanda Diazek baloratu zuen «ziklo baten amaieran» gaudela eta EAJ eta PSEren proiektu politikoa «erabat agortuta dagoela».

Barakaldon egindako ekitaldian, eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hautagaiak ondoan zituela, Diazek adierazi zuen Lakuako Gobernuan egon diren bi alderdi horiek ez dutela «herri honetan gaur ditugun erronkak definitu eta horiei aurre egiteko imajinazio politikorik». Besteak beste, EAEn dagoen prekaritatea salatu zuen eta, aldiz, berak Gobernu espainolean egindako lana eredugarritzat jarri zuen.