XOLE ARAMENDI
USURBIL

Zumetaren Usurbil, Sutegi Aretoko hormek jaso duten erakusketan

1960an hasi eta 2018ra arte doazen hogei lan aukeratu ditu Usoa Zumetak, aitaren ibilbidea islatzen dutenak. Bada hari berezia, obrak bata bestearekin harilkatzen dituena, denek dute lotura bere jaioterriarekin. “Zumetaren Usurbil”. Erretratuak, kartelak, papiroak, iPad-ez marraztuak... Jose Luis Zumetak bere ibilbidean besarkatutako estilo eta teknika anitzek isla dute.

Usoa Zumeta eta Agurtzane Solaberrieta, Usurbilgo alkatea, erakusketaren inaugurazioan.
Usoa Zumeta eta Agurtzane Solaberrieta, Usurbilgo alkatea, erakusketaren inaugurazioan. (Jon URBE | FOKU)

Zumetaren Usurbil. Apirilaren 28ra arte ateak ireki dituen erakusketako obra guztiak figuratiboak dira. «Gehiago idatzi da abstrakzioari buruz, perspektiba bat ja badagoelako. Eta agian horixe falta da lan figuratiboari buruz», zehaztu du Usoa Zumetak. 1950eko hamarkadaren amaieran Jose Luis Zumetak paisaiak margotuz ekin zion pinturari. Erretratuak etorri ziren gero. JoxAnton Artzeri 1960an egindakoa ikus daiteke. Txoriak. Konstantea usurbildarraren obran. «Ehunka marrazki egin zituen plumillaz», dio alabak. Oro har modu eskematikoan irudikatu zituen eta pinturan ez ezik, diziplina guztietan landu zuen gaia.

“Ikimilikiliklik” ikuskizunari lotutako bi lan daude. «Lehena, izen bereko emanaldiaren kartel gisa egin zuen artistak; bigarrena geroago egin zuen eta ez zuen kartel izateko xederik eduki. «Artze anaiek eta Mikel Laboak jatorrizko koadroa gorde nahi zutenez, bi egin zituen. Artisten laguna zen Juan Mari Arzak sukaldariaren etxean izandako gaualdi batean zozketa egin zuten, eta Jexuxi tokatu zitzaion. Haren etxera joaten zen aldiro, Laboak iradokitzen zuen hobeto emango zukeela berean, eta, azkenean, aitak beste bat egin zion, kartela izateko intentziorik gabekoa», kontatu digu Usoa Zumetak irribarrez.

BIRAKETA

«Borondatez egindako aldaketa drastikoa etorri zen 1978an. Erabatekoa», gogoratu du Usoa Zumetak. Abstrakzioaren bidea alboratu eta figuraziorantz jo zuen. «Inpaktu handia eragin zioten Diane Arbusen argazkiek. Begirada berezia zuen, aurrean zuen pertsona biluzteko gaitasuna. Kitsch mundua asko gustatu zitzaion beti, eta garaiko postal estereotipatuekin lanean hasi zen, familia eta bikote perfektuak irudikatzen zituztenak. Hortik sortu zen pintura bilduma bat. Postal originala metalezko xafla kurbatuaren aurrean jartzen zuen eta isla margotzen zuen.

Usoa Zumetarentzat deigarria da aitak aldaketa egitea, arte munduan izena lortua zuenean. «Mugimendu sozialetan asko ibili zen, herrietan antolatzen ziren kultur ekimenetan, kritika espezializatuaren onespena ere bazuen ordurako. Eta denarekin etetea erabaki zuen. Ibilbidea egin duzunean -egoera ekonomikoa nolakoa zuen ez dakigu- erabakia hartzea kritikaren aldetik ez zen ondo onartua izan. Baina berak esaten zuen ordurako abstrakzioak ez ziola emoziorik eragiten, egin beharrekoa eginda zuela. Ikasita zuen nola egin, eta aldatu beharra sentitu zuen», kontatu dio GARAri.

MUGAN

«1990eko hamarkadara arte ez zen itzuli abstrakziora. Luze iraun zuen estilo horretan, eta azken hamar urteetan hainbat elementu elkartzea lortu zuen, ibilbide osoan bilatu zuena. Abstrakzioaren eta figuratibismoaren arteko mugan ibili zen, baina beti zuen narratiba bat sortzeko ahalegina», dio.

Papiroen garaia ere izan zuen Jose Luis Zumetak. «1980ko hamarkadaren hasierakoa krisi ekonomikoaren unea zen. Aita bera ere larri, dibortzioa eta hainbat zirkunstantziengatik», markatu du testuingurua alabak. 70 papiro baino gehiago margotu zituen.

Tenperaz egindako seriea ere ikus daitezke. «Olioak baino argi gehiago egiten zuela zioen, eta emozionatuta ibili zen», esan du. Ezohiko materialak erabiliak zituen (zatar papera euskarri gisa, adibidez), baina 1984 eta 1985. urteetan uhin-kartoiaren aldeko apustua egin zuen. «Material merkea topatu zuen. Orduan apartamentu txiki batean bizi zen eta, obrak formatu handikoak diren arren, oso erraz biltzen zenez papera, dena aldekoa zuen», dio.

Teknologia berriak erabiltzen hasi zen 2011n, eta orduan ekin zion iPadean marrazteari. 2020an hil zen arte aritu zen horretan, eta 3.000 marrazkitik gora sortuko zituen.

Herritik kanpora egin zituen denboraldiak, baina betidanik jakin izan dena bistaratu du erakusketak: Zumetak bere herriarekin eta batez ere herritarrekin izan duen harreman estua. «Usurbil inguruan ibili zen garai bakoitzean pieza bat sortu zuen», esanez amaitu du Usoa Zumetak.