M. I. G.
Entrevista
Idurre Eskisabel LARRAÑAGA
Kontseiluko idazkari nagusia

«Balirudike euskararen normalizazioak ez duela zerikusirik ongizatearekin»

Kontseiluko lemazainari kosta egiten zaio ulertzea beren burua euskaltzaletasunean kokatzen duten alderdiek askoz ere presenteago ez izatea euskararen normalizazioa. Oldarraldia bizi-bizirik dagoelako, erronkak oso handiak direlako, eta herritarrak jarrera sendoa erakusten ari direlako.

(Jon URBE | FOKU)

Kanpainako lehen erdi honetan Kontseiluak espero eta nahi zuen baino gutxiago egon da euskararen normalizazioaren aldeko konpromisoa alderdien adierazpen eta aldarrikapenetan. Idurre Eskisabelek aitortu du besterik espero zutela, azken hilabeteetan, oldarraldia tarteko, gaia agenda politikoaren lehen lerroan egon delako. Eta, oldarraldiak indartsu segitzen duen arren -Pasaiako Udalaren kontrako azken bi epaiak horren froga- apenas aditu dute honen inguruko ekinbiderik.

«Analistak batetik, baina bereziki alderdiak eurak, esaten ari zaizkigu orain arteko kanpainarekin eta eztabaiden nondik norakoarekin, pozik daudela ongizatearekin loturiko gaiak nagusitu direlako, herritarren eguneroko kezkekin lotutakoak. Balirudike, beraz, euskararen normalizazioak ez duela zerikusirik ongizatearekin, herritarren egiazko kezkekin. Oso bestela da, ordea, kontua: euskaraz bizi ahal izatea ongizaterako oinarrietako bat da milaka herritarrentzat».

Adibidez, «Osakidetza da kanpaina honetako urrezko izarra, eta herritarren osasuna eta ongizatea bermatzeko neurriak proposatzen ari dira alderdiak. Baina egitasmo horietan apenas entzun dugu euskarazko arta bermatzeko plangintza proposamenik, konpromisorik, behar bezalako osasun arreta jasotzeko eta ongizatea bermatzeko hizkuntzaren faktorea hain erabakigarria denean, batik bat, zaurgarrien gaudenean».

Defendatu zuenez, azken batean, euskararen normalizazioak erabat zeharkatzen ditu ongizatea, justizia soziala, gizarte kohesioa, bizikidetza, askatasuna, demokratizazioa... Horrenbestez, lehen mailako gaia beharko luke alderdientzat; batik bat, beren burua euskaltzaletzat dutenentzat.

Tamalez, euskararen normalizazioaren kontrako diskurtsoetan dabiltzan indar politikoek ibili dute gehiago hizkuntzaren gaia. «Oraindik ere inposizioarekin, askatasuna mugatzearekin, lotzen dira zenbait alderdiren aldarrietan euskararen normalizazioaren aldeko neurriak, normalizazioa bera. Eta badirudi hori ez dela alderdi euskaltzaleentzat etorkizuneko kidetzak erabakitzeko marra gorri bat».

Abagune osoa kontuan harturik, Kontseiluari kosta egiten zaio ulertzea beren burua euskaltzaletasunean kokatzen duten alderdiak askoz ere irmoago ez aritzea. Batetik, oldarraldia etenik gabe ari delako euskararen aldeko hizkuntz politikak aurrera eramateko tresneria ahultzen. Bestetik, etorkizunera begirako erronkak oso handiak direlako, politika publikoetan jauzi bat eskatzen dutenak. Eta, azkenik, herritarrak etengabe ari direlako erakusten euskararen normalizazioaren aldeko jarrera sendoa: iazko azaroaren 4ko manifestazio jendetsua edota Korrikan sortutako uholdea horren froga.