Maider IANTZI GOIENETXE

Euskara lehen lerroan dago gertaeretan, baina ez kanpainan

Inoizko Korrika handienaren biharamunean abiatu zen Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hauteskunde kanpaina, eta erdi-erdian, oldarraldiaren enegarren kolpea jaso zuen euskarak. Botoak zenbatu eta segidan, Euskararen Harrotze Astea zabalduko da Euskal Herri osoan. Hori guztia ez da islatzen ari, ordea, hautagaien diskurtsoetan.

Elkarretaratze jendetsua egin zuten ostiralean Pasai Antxoko Biteri plazan, euskararen aurkako azken bi epaiak salatzeko.
Elkarretaratze jendetsua egin zuten ostiralean Pasai Antxoko Biteri plazan, euskararen aurkako azken bi epaiak salatzeko. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Ajuriaeneko lehendakarigaien arteko aurreneko eztabaida euskaraz izan zen, joan den asteazken arratsean, ETB1en. Pozez hartu zuten hori batzuek. Adibidez, Pello Otxandianok (EH Bildu) debatearen aitzineko adierazpenetan halaxe nabarmendu zuen. Bertze batzuek, aldiz, ez zuten saioan parte hartu, ez direlako euskaraz konpontzen. Sumarretik Andeka Larrea joan zen telebistara Alba Garciaren ordez, eta PPtik Laura Garrido, Javier de Andresen partez.

Euskaraz aritu ziren, bai, baina ez ziren euskaldunon hizkuntza eskubideak bermatzeko politikez mintzatu, nahiz eta aspaldi honetan gaia agendaren erdi-erdian egon. Inoizko Korrika zabalena amaitu eta segidan abiatu zen Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hauteskunde kanpaina. Justu botoak bildu eta biharamunean Euskaldunon Harrotze Astea hasiko da. Edozein pertsona edo eragile euskaltzaleri kaleak berreskuratzeko egindako gonbidapena da hori. «Ez hain hitz neurtuekin, ez hain zuzen, gure eskubideak kalera eramateko eta euskararen aldeko borrokak berpizteko aukera bat, pedagogia eta kontzientziazio lan kolektibo bat. Horren bidez, euskaldunok harrotzeko aukera bat», Euskal Herrian Euskarazeko kideek gaurko egunkarian bertan jasotzen den elkarrizketan azaltzen dutenez.

Kanpaina betean, hautagaien debatearen egun berean hain zuzen, oldarraldi gero eta indartsuagoa gainean dugula oroitaraztera etorri ziren Pasaiako Udalaren erabaki baten aurkako bi epai, euskaraz bizitzea galarazi nahi duten bertze bi sententzia, kasu honetan kale-garbitzaileen lanpostuak egonkortzeko deialdian gutxieneko euskara mailaren eskakizuna baliogabetzen dutenak.

Erantzuna berehalakoa izan zen. Ostegunean, Pasaiako Udaleko langile batzordeak elkarretaratzea egin zuen Pasai Donibaneko udaletxearen aurrean, eta ostiralean herri honetako euskalgintzak, Kontseiluarekin batera, Pasai Antxoko Biteri plaza bete zuen.

Udalak helegitea aurkeztuko du bi epaien aurka. Gobernuan den EH Bilduk eta EAJko udal taldeak agiri bateratua atera zuten. Bertan, «euskararen normalizazioaren aurkako erasotzat» jo zuten sententzia horien bidez «hizkuntza eskubideak zalantzan jartzea».

Hori dena gertatu arren, lehendakarigaien arteko aurreneko eztabaidan ez zioten euskararen egoerari heldu, ezta euskal kulturaren erronkei ere.

GOBERNU-PROGRAMETAKO LEHEN ORRIALDEETATIK AT

EH Bilduren eta EAJren gobernu-programetan ere ez dago euskararen gaiaren arrastorik lehendabiziko orrialdeetan. Adierazgarria da PSEren webgunean zeinen euskara gutxi dagoen ere. Nahiz eta euskara aukeratu hizkuntza gisa, albiste ugari gaztelaniaz ematen dira eta programa bera ere gaztelania hutsean dago. Honako izenburua darama bertan euskarari eskainitako atalak, 117. orrialdean: “Euskera sin imposiciones; euskera sin limitaciones” (euskara inposiziorik gabe; euskara mugarik gabe).

Alderdi nagusiek egiten dituzten irakurketetan sartuz, Pello Otxandianoren ustez, euskalduntze prozesua impasse egoeran dago. «Hainbat faktore medio, euskalduntze prozesuan ez gaude ondo: arnasguneen ahultzea, kulturgintzaren erreferentzialtasunaren galera, telebistaren gainbehera, kontsumoaren fragmentazioa eta erabilera kurbaren estankamendua, besteak beste. Egoera hau erabat iraultzeko norabide argia izango duten politika publiko sendoak nahitaezkoak izango dira, betiere euskalgintza eta inplikatutako sektoreekin plangintza partekatuak. Batez ere, oinarrizko lau zutoinetan: hezkuntzan, hedabide sisteman, haur eta gazteen aisialdian eta lan munduan».

Imanol Pradalesek (EAJ) euskaran oinarriturik egin nahi dio ekarpena eraldaketa sozialari. «Ez da identitate-kontu hutsa, eta ez gara ari sentimenduei edo ereduei buruz bakarrik. Bada justizia, legezkotasun eta eskubide kontua ere. Euskara ofiziala da Euskadin, gaztelaniarekin batera. Gure helburua da Europan ere ofiziala izatea euskara», defendatzen du bere programan.

Eneko Anduezak (PSE) dio «euskarara hurbiltzea, ikastea eta erabiltzea ezin dela inposizio gisa hartu» eta «kulturaren papera oinarrizkoa» dela. Horregatik, «kalitatezko euskarazko kultur produkzio batez gozatu ahal izateko» neurriak babestuko dituzte. Baina ezinbestekoa da haientzat «gure hizkuntza eztabaida politikotik aldentzea ere. Esperientziak frogatu digu akordio zabalek bakarrik, 1982ko Euskararen Normalizazioaren Legea bezalakoek, sor dezaketela oinarri sendo bat, jendartearen zati handi batek onartu eta beretzat hartuko duena».

KONPROMISOAK

Jeltzaleek diote «aktibatu» eginen dituztela zerbitzu publikoen kontsumitzaileak eta erabiltzaileak, «euskara normaltasunez erabil dezaten eta hizkuntza-estresa saihestu ahal izan dezaten». Ikasketan eta teknologietan jarri dute bereziki arreta. Legeez ez diote deus ere, ordea.

Hizkuntza-politikaren oinarria den marko juridikoa eraberrituko duela agindu du koalizio abertzaleak. Euskara Jakiteko Eskubidea Bermatzeko Legea onartzeko ere lan eginen du.

PSEk akordio berri bat bultzatuko du, «inguru eta kategorien arabera hizkuntz eskaera ezberdinak ezarriz». «Euskal administrazio publikoarekin harremanean pertsona bakoitzak aukeratutako hizkuntza ofizialaren erabilera bermatzeko» konpromisoa ere hartu du.

Egin denaren balantzeari dagokionez, hala diote jeltzaleek: «Zorionez, eta EAJ-PNVk euskal gizarte osoaren eskutik bultzatutako ekintza instituzionalari esker, euskaraz dakitenen kopuruak nabarmen egin du gora. Orain, erabilera areagotzeko baldintzak sortzea da erronka».

EH Bilduren arabera, «azken hiru legegintzaldiak galduak izan dira. Ez da garai berriei egokituriko hizkuntza-politikarik txertatu eraberritu diren legeetan: Kontsumitzailearena, Funtzio Publikoarena, Enplegu Publikoarena eta Hezkuntzarena, adibidez». Euskara Jakiteko Eskubidea Bermatzeko Lege Proposamena aurkeztu du koalizioak, baina EAJk eta PSEk atea itxi diote. EH Bilduren ustez, «kezkatzekoa da, gainera, azken gobernuak sostengatu dituzten alderdi horiek gai honetan ados jartzeko izan duten jarrera itxia».