GARA
BILBO

Beste bi langile zendu dira asteburuan; hogei dira urte hasieratik hilak

Asteburuan bi euskal langile hil zirela jakinarazi zuen atzo LABek: garraiolari bat Lleidan eta langile autonomo bat Gasteizen. Horiekin, gutxienez 20 lan heriotza gertatu dira Euskal Herrian urte hasieratik.

Lleidan hildako 59 urteko R.T Iruñeko garraiolaria, datu guztien arabera, bihotzekoak jota hil zen, eta hori lan baldintza prekarioekin lotu zuen LABek. ESK, Steilas, EHNE, Hiru eta CGTrekin batera elkarretaratzea egingo du bihar, 11.00etan, Iruñeko Gobernu ordezkaritzan.

Bestetik, 54 urteko A.A.C. langile autonomoa hil zen Gasteizen, joan den astean izandako istripuko zaurien ondorioz. Komunitate bateko garbiketa lanak egiten ari zela, zerabilen makina irauli eta azpian harrapatu zuen. «Prekaritatean oinarritutako lan harremanak pairatzen dituzte autonomoek», adierazi zuen sindikatuak.