IRAITZ MATEO
DONOSTIA

«Nina»: western usaineko mendeku gosea, Andrea Jaurrietaren bigarren film luzean

Andrea Jaurrieta (Iruñea, 1986) zuzendariak “Nina” bigarren film luzea aurkeztu zuen hedabideen aurrean Giza Eskubideen Zinemaldian. Onespenaren mugen inguruan hausnartzera bultzatzen duen filma izatea espero du. Maiatzaren 10etik aurrera ikusgai egongo da zinema areto komertzialetan.

Aranburu eta Jaurrieta, «Nina» filmeko aktorea eta zuzendaria.
Aranburu eta Jaurrieta, «Nina» filmeko aktorea eta zuzendaria. (Gorka RUBIO | FOKU)

“Nina” filmean iraganeko oroitzapen mingarriek, herriaren isiltasunak, mendeku goseak eta, batez ere, minak sendatzeko beharrak bat egiten dute. Andrea Jaurrieta nafarraren bigarren filma da. Malagako Zinemaldian Kritika Epaimahaiaren Sari Berezia jaso zuen. Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldia itxiko du gaur arratsaldean, 19.00etan.

Ninak hazi zen kostaldeko herrira itzultzea erabaki du, poltsan eskopeta bat eta helburu bat dituela: Pedrori mendeku hartzea, herriak orain omentzen duen idazle ospetsuari. Sorlekuarekin, iraganeko oroitzapenekin eta haurtzaroko lagun Blasekin elkartzeak berriro barruak mugituko dizkio, eta zer nolako mendekua behar duen pentsaraztera eramango du. Bi leitmotiv daudela zehaztu zuen zuzendariak: batetik, Blas pertsonaiarekin, herriarekin eta iraganarekin lotura; eta bestetik, Pedroren presentzia. Westernaren estilo «purua» mantendu nahi izan du zuzendariak, eta traman zein paisaietan suma daiteke hori.

Protagonistaren papera, Ninarena, Patricia Lopez de Arnaizek egin du; Dario Grandinettik gorpuztu du Pedro, idazle ospetsua; Aina Picarolok Nina gaztearen pertsonaia osatu du; Iñigo Aranburu protagonistaren lagun mina izan da, Blasen paperean; eta Mar Sodupe eta Ramon Agirrek ere parte hartu dute.

GOGOETARAKO GAIA

Jose Ramon Fernandezen antzerkian inspiratu zen Jaurrieta, baita Txekhoven pertsonaia batean ere, eta gai sozial bat lantzeko baliatu du filma: «Onespenaren mugak non daude, emakume ikuspegi aktibo batetik, harreman mota horiek duten konplexutasun psikologiko eta sozialetik. Erraz tipifikatu daiteke neska adingabe baten bortxaketa. Baina nola zehaztu abusua itxuraz halako onespen bat dagoenean?». Herriaren isiltasun konplizea ere erdigunera ekarri du zuzendariak, horrek Ninari eragindakoa pantailara ekarriz. Zuzendariarentzat garrantzitsua izan da westernaren genero zinematografikoaren eta gai sozial bat lantzearen arteko oreka topatzea, eta azaldu zuen ahalegin berezia egin duela horretarako.

Inspirazioa eman zioten bi testuetan, Ninak maitasunagatik barkatzen dio eraso egin zion gizonari, eta gertakari horri esker aktore hobea izaten ikasi duela kontatzen du. Jaurrietak, ordea, beste ikuspegi bat eman nahi zion istorioari, eta mendeku gosea gehitu dio Ninaren itzulerari. Boterearen erabilera, eta onespenaren mugak eztabaidagai jarri nahi zituen; horregatik erabaki zuen protagonistaren adina gutxitzea, «aldarrikapen bat egiteko». Guztia ez dela «zuria edo beltza» gogoratu zuen Jaurrietak prentsaurrekoan, eta publikoari zer esana emango diola espero du.

MUNDAKA ETA BERMEO

Paisaiari eta horren atzean ezkutatzen denari garrantzia eman dio zuzendariak. Paisaiak «tentsio dramatikoa» behar zuela-eta, Mundaka eta Bermeorekin topo egin zuen taldeak. Erreferentzia bisualak western klasikoarenak direla kontatu zuen prentsaurrekoan: «Herriko kaleak estuak izatea nahi nuen, klaustrofobia sentsazioa ematea Ninak bere iragana gogoratzean; eta aldi berean, naturako paisaia handiak izatea, Nina txiki sentitzeko. Urdaibai bikaina zen horretarako».

Herri txiki batean kokatu du istorioa, arrazoi ezberdinak medio. Zuzendariaren ustez herrietan iragana eta oraina nahasian daude: «Ematen du denak berdin jarraituko duela beti, baina zerbait aldatzen ari da, urteetan normalak izan diren gauzak aldatzen ari dira, ez direla uste bezain normalak konturatzen hasten gara».

PERTSONAIEKIN LANDUTAKOA

Iñigo Aranburu aktorea ere prentsaurrekoan izan zen, eta Jaurrietarekin lan egitea «gozagarria» dela kontatu zuen. Lopez de Arnaizekin lan egin ahal izatea «masterclass» bat jasotzearekin alderatu zuen, pozarren.

Hitz onak besterik ez zituen izan Aranbururentzat, istorioari errealismoa gehitzen diola aipatu baitzuen zuzendariak, eta azpimarratu ez dela batere erraza «heroiaren laguntzailea den bigarren pertsonaia» egitea. Grandinettiren inguruan, batetik, bere eskuzabaltasuna nabarmendu zuen, eta zuzendaria bera grabaketan ohartzen ez zen baina gerora ikusi dituen «ñabardura txiki asko» sartu zituela esan zuen.